Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatus berriaz eta hura onartzeko prozesuaz jardun du EAJren EBBko presidente Aitor Estebanek, Forum Europan. Alde horretatik, aste honetan jeltzaleek Espainiako Kongresuan aurkeztu duten proposamena defendatu du berriro ere. Eledunaren irudiko, ez baitu «zentzurik» Espainiako Auzitegi Konstituzionalak etorkizuneko estatutu berria aldatu ahal izateak.
Estebanek aitortu du proposamena zuzenean lotuta dagoela estatus politiko berriak egin dezakeen bidearekin. «Ezin da onartu akordio zabal bat bozketara ez eramatea, eta horren ordez Auzitegi Konstituzionalak osorik edo partzialki aldatutako zerbait eramatea. Ezin da helegiterik egon erreferendum baten aurretik, ez du zentzurik», adierazi du jeltzaleen buruak.
Izan ere, Eusko Legebiltzarrak estatutu berria onartuz gero, Espainiako Kongresuak berretsi beharko luke; alta, aurrez alderdiren batek-edo helegitea jar lezake Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Hori gerta ez zedin egin du EAJk proposamena, eta Espainiako Kongresuko osoko bilkuran eztabaidarako onartu zuten.
Bien bitartean, negoziatzen jarraitzen dute: EH Bildurekin eta PSE-EErekin. Uste du hirurek dutela akordio bat lortzeko «borondatea», baina ez du argi zer gertatuko den: «Orain dela astebete esango nukeen ura bazegoela, baina, gaur, ez dakit».
Beste gai ugari ere izan ditu hizpide Estebanek. Eusko Jaurlaritzara begira, esan du EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu akordioa egoera «onean» ikusten duela, eta hari eustea dela «egonkortasuna» mantentzeko bidea. Prest dago Espainiako Kongresuan ere egonkortasuna mantentzeko. Han, baina, ez du egoera berdina ikusten. EBBko presidenteak uste du Espainiako Kongresuan «blokeo parlamentario eta instituzional bat» dagoela, eta hala mantenduko dela hauteskundeetarako deia egin ezean. PPren eta Voxen arteko gobernu baten inguruan, adierazi du ezingo lukeela halakorik babestu, eta gaineratu «printzipio» kontua dela.
Desklasifikazioa, «marketina»
Espainiako Gobernuak 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpeko zenbait dokumentu desklasifikatu ditu asteon, eta horri buruz ere aritu da Esteban. Haren esanetan, marketina izan da, desklasifikazioa «mugatua» izan baita: «Badu, hein handi batean, marketin zelofan nahiko handia».
Are, nabarmendu du hori egin izanak erakusten duela Espainiako Gobernuak nahi duen oro desklasifikatu dezakeela, «borondaterik izanez gero». Aipatu du, besteak beste, eskatuta dagoela Mikel Zabalzaren kasuko eta Martxoaren 3ko agiriak desklasifikatzea. Eta erantsi du gardentasuna ezin dela gobernu baten mende egon: «Estatuko sekretuen legea aldatu behar da; 1968ko legea da, frankismo garaikoa, eta alde batera utzi behar dira garai jakin bateko faboreak eta nahiak».
EAJk otsailaren 23ko estatu kolpean jokatu zuen rolaz ere aritu da. Azaldu duenez, ez da EAJko inoren izenik agertu horri lotuta, eta uste du etorkizunean ere ez dela agertuko. Gainera, esan duenez, Xabier Arzallusi beste alderdi bateko kideren bat proposatu zion estatu kolpearen ostean martxan jarri nahi zuten gobernuan parte hartzea, baina ezetz esan zion.
Gaur goizean, desklasifikazioen inguruan kritiko mintzatu da EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen eledun Mertxe Aizpurua ere. Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, adierazi du «frogatuta» geratu dela sekretupean gordeta dauden dokumentuak argitaratzea «borondate politikoaren» kontua dela. Hark ere Martxoaren 3ko sarraskia eta Zabalza auzia aipatu ditu, eta zerrendara batu 1978ko sanferminak, Naparra auzia eta GALekin lotutakoak ere. «Nahi badu, egin dezake. Ezin dira sekretupean eduki», esan du Aizpuruak, Espainiako Gobernuari eta haren presidente Pedro Sanchezi zuzenduta.
Koalizio subiranistako ordezkariak, gainera, ez du begi onez hartu Euskal Herrian jazotakoen inguruko dokumentuen desklasifikazioa Sekretu Ofizialean Legearen erreformarekin lotzea, ez baitu bat egiten Moncloak horretarako aurkeztu duen proposamenarekin: «Sekretuak beste 60 urtez giltzapean, isilpean eta inpunitatean mantentzea ez da konponbidea», esan du, eta gehitu biziberritze demokratikorako ezinbesteko urratsa dela «78ko erregimenaren itzalarekin» haustea.