Etxebizitzaren auziak aurrez aurre jarri ditu ostera Jaurlaritza eta oposizioa

EH Bilduk espekulazioari aurre egiteko lege bat eskatu du, legebiltzarreko gehiengoa baliatuta. Lehendakariak erantzun dio koalizioak agintzen duen udalerrietako lurzorua Jaurlaritzaren esku uzteko, etxe gehiago eraiki ahal izateko.

Otxandiano, Pradales begira duela. RAUL BOGAJO / FOKU
Otxandiano Eusko Legebiltzarrean, Pradales begira duela. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2026ko urriaren 9a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken egunetan, etxebizitzaren auziak erabat hartu du eztabaida politikoa, eta Eusko Legebiltzarrean ere gai nagusia izan da gaur, kontroleko osoko bilkuran. Arazoak kaleak piztu eta mobilizazioak eragin dituen honetan, Eusko Legebiltzarrean ere aurrez aurre jarri ditu Jaurlaritza eta oposizioa. Elkarri egotzi diote ardurak dituzten erakundeetan nahikoa egin ez izana; baina, aldi berean, eskua luzatu diote bata besteari elkarlanean jardun eta erronkari erantzuteko.

Pello Otxandianok Euskal Herrira ekarri nahi izan du eztabaidaren muina, eta adierazi du hemengo erakundeek ere badituztela tresnak eta baliabideak bizitoki krisiari aurre egiteko. Azaldu duenez, Eusko Legebiltzarrean gehiengo zabal bat badago gaur egun espekulazioari aurre egiteko lege bat onartu ahal izateko, Madrilgo dekretuen zain egon gabe ere. Bada, horretaz baliatzeko premiaz ohartarazi du.

«Baldintzak baditugu herrialdean: ahalmenak ditugu, autogobernua dugu, eta orain euskal herritarrek duten lehen kezkari aurre egiteko aprobetxatu dezakegu, hain zuzen ere. Ohartu gaitezen etxebizitza krisiak dakarren ondorioez, zenbateraino higatzen dituen demokraziaren oinarriak kontratu soziala arrakalatzeak», azpimarratu du.

Hala, EH Bilduren bozeramaileak eskua luzatu die Jaurlaritza babesten duten bi alderdiei, EAJri eta PSE-EEri, Gasteizko ganberan lege bat negoziatu eta onartzeko. «Dekretu horietaz harago ere joan gaitezke», esan die. Proposamen «eraikitzailea» dela esan du Otxandianok, aurrez koalizioak mahai gainean jarri dituenak bezalaxe, eta txarretsi egin du orain arte guztiak baztertu izana.

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak erantzun dio proposamenak egitea ondo dagoela, baina hobe lukeela lehenik etxeko lanak egingo balitu, bereziki ardurak dituen erakundeetan: koalizioak agintzen duen udalerrietako lurzoru urbanizagarriak Jaurlaritzaren esku uzteko eskatu dio beste behin, etxeak eraiki ahal izateko. «Mugiarazi itzazue zuen alkateak», esan dio.

Imanol Pradalesen arabera, 42.000 etxe eraiki daitezke lur horietan —ia 16.000 babestutakoak—; 160.000 inguru, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoko lurrak aintzat hartuta. EH Bilduk proposatu zuen, ordea, 30.000 etxe eraikitzea hurrengo hamar urteetan. «Ibil gaitezen eskutik», esan dio koalizio subiranistari. «Busti zaitezte; atera eztabaidatik, kontzeptu teorikotik, eta batu zaitezte Euskadiko ekintza eraikitzailera».

Lehendakariak adierazi du bere gobernuaren lehentasuna dela etxebizitza, eta esan du horren erakusgarri direla orain arte martxan jarritako neurri guztiak. Horien artean aipatu ditu, besteak beste, etxebizitza funtsarena eta premiazko neurriena. Eta jakinarazi du gehiago ere etorriko direla, tentsio handiko eremuetan babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazioa luzatzea, kasurako. Bada, EH Bilduri esan dio oztopo baino gehiago bidelagun izateko, eta aurrekontuetan jaso nahi diren neurri berriak babesteko eskatu. 

Erandio, saihestu ezina

Bilkurak aurrera egin ahala, kasu  jakin batzuetan sakondu dute bi aldeek. Erandioko (Bizkaia) Los Ochos eraikinaren kasuan esku hartu ez izana egotzi baitio EH Bilduk gobernuari. Xabier Astigarraga legebiltzarkidearen esanetan, Jaurlaritzak «lehentasuna» zuen etxe horiek erosteko, eta salatu du «beste alde batera begiratu» duela eta, ondorioz, eraikina inbertsio funtsen eskuetan geratu dela.

Erandioko Los Ochos eraikineko bizilagunei babesa emateko manifestazioa. LUIS TEJIDO / EFE
Erandioko Los Ochos eraikineko bizilagunei babesa emateko manifestazioa. LUIS TEJIDO / EFE

Izan ere, etxebizitzen jabea Inmo Caixa zen, La Caixa bankuaren higiezinen ondarea kudeatzen zuen enpresa. Duela urte eta erdi, ordea, sail bakarrean saldu zizkion Mosaic inbertsio funtsari, 150 etxebizitza inguru guztira. Orain, inbertsio funts horrek ez du indarrean dauden alokairu kontratuak berritzeko asmorik, eta, ondorioz, maizterrak etxetik kanpo geratzeko arriskuan daude.

Denis Itxasok Etxebizitza sailburuak erantzun dio Jaurlaritzak ez zuela erosketa horren jakinarazpenik jaso, eta ez zuela lehentasunez erosteko eskubiderik ere, etxebizitzak libreak zirelako eta ez babestuak: «Planteatu duzu Jaurlaritzak erosteko eskaintza jaso eta uko egin izan balio bezala, eta hori ez da horrela. Gezurra da, eta badakizu». Halaber, gogorarazi du oraindik ez dituztela kaleratu. «Eta ez dituzte kaleratuko», esan du.

Edozein moduz, sailburuak adierazi du lanean ari dela arazoari irtenbidea emateko. Espainiako Gobernuak onartu asmo dituen dekretuetan jarri du itxaropena Itxasok, iritzi baitio horiek baliagarri izango direla alokairua luzatu ahal izateko. Horrez gain, adierazi du Erandio tentsio handiko eremu izendatzeak ere lagunduko lukeela; udalak abuztuaren amaieran eskatu zuen izendapena, eta gobernua «lehentasunez» tramitatzen ari da orain.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA