Euskara ikasketen «doakotasun osorako» bidean Jaurlaritzak egin duen urratsa txalotu du Kontseiluak

Euskara Bonuak 120 euro ordainduta lau urtez euskara ikasteko aukera emango du; «aurrerapen positiboa» dela nabarmendu du euskalgintzako elkarteen elkarteak.

Euskaltegi bateko harrera. MAIALEN ANDRES / FOKU
Euskaltegi bateko harrera. MAIALEN ANDRES / FOKU
arantxa iraola
2026ko maiatzaren 26a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskara ikasi nahi duten pertsonei bidea nabarmen erraztu diezaiokeen programa bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak joan den hilaren amaieran: Euskara Bonua. 120 euro ordainduta lau urtez euskara ikasteko aukera emango du, hastapeneko mailetan. Hain justu ere, bonu horren helburua da ikasleek, norbere erritmoan, B1 maila eskuratzea. Erabaki horren egokitasuna nabarmendu du gaur Euskalgintzaren Kontseiluak. «Aurrerapauso positiboa da euskara ikasketen doakotasun osoaren bidean, herritarren artean euskararen ezagutza orokortzea xede». 

AEKk eta IKAk ere, Jaurlaritzaren erabakiaren berri izan eta gero, nabarmendu zuten egokia iruditu zitzaiela: «Jarrai dezatela norabide honetan».

Kontseiluak gogora ekarri du sektoreko eragileekin batera arloan aurrerabideak egiteko proposamena aurkeztua duela. 2022koa da, hain justu ere, Euskara ezagutzeko beharra helduengan sustatzeko proposamena. Euskalduntze prozesu osoa «doakoa» izateaz gain, helduei euskara ikasteko beharra sortzeko «motibazio pragmatikoa zein afektiboa» bultzatzeko neurriak ere beharrezkoak direla gogoratu zuten proposamen hartan. Era berean, Euskal Herri osoko administrazioek eta herri ekimeneko eragileek arlo horretako jarduna koordinatzeko «agentzia bat» sortu behar dela ere proposatu zuten. 

Gogora ekarri du 60ko hamarraldian euskarak izan zuen «pizkundearen» gakoetako bat izan zela helduen euskalduntzea, eta orain ere ondo zuztartu beharreko «oinarrietako» bat dela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA