Eusko Jaurlaritzak segurtasunari buruzko foro bat abiaraziko du astelehenean

Pradales lehendakariak iragarri du adituen mahaia eratuko duela, Ertzaintzak zuzendua, «delituen gorakada moztu behar delako». Sumarrek salatu du «PP eta Voxen markoa bere egin» duela.

Imanol Pradales, asteon, Jaurlaritzaren lehen urteurreneko ekitaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Imanol Pradales, asteon, Jaurlaritzaren lehen urteurreneko ekitaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
xabier martin
2025eko ekainaren 26a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritza segurtasunari begira jarri da berriro. Imanol Pradales lehendakariak iragarri du segurtasunari buruzko foro bat martxan jarriko duela: Basque Segurtasun Foroa. Adituen mahai hori datorren astelehenean eratuko dute, eta Ertzaintzak gidatuko du. Zenbait hiritan, batik bat Bilbon eta Gasteizen, segurtasunarekin loturako arazoek gora egin dutela islatzen dute administrazioaren datuek, Pradalesek SER irrati katean gogoratu duenez, eta lehendakariak helarazi du «kezkaturik» dagoela. Uste du gobernuak arazo horietan jarri behar duela arreta.

«Lasai bizi ahal izateko oso garrantzitsua da segurtasunaren gaia; oinarrizkoa da kalean lasai ibiltzea eta bizitza proiektu bat garatu ahal izatea, eta bizitza normala egiteko segurtasuna eduki behar dugu». Azalpen hori eman du Pradalesek hilaren 30ean abiaraziko duen foroaren beharra defendatzeko.

Jaurlaritzako buruak esan duenez, «egiten duenak ordaindu» egin behar duelako ustea izango da adituen mahaiaren izpirituaren parte

Jaurlaritzako buruak erantsi du «bereziki» hiri batzuetan dagoela segurtasunarekin lotutako arazoa. Esan du delituek gora egin dutela zenbait gunetan, eta hazkunde hori «objektiboa eta neurtua» dela, eta herritarren segurtasun gabeziak «indizeetan» ere islatzen direla. Pradalesen arabera, «gorakada hori moztu egin behar da». Gasteizko exekutiboko buruak gaineratu duenez, «egiten duenak ordaindu» egin behar duelako ustea izango da adituen mahaiaren izpirituaren parte.

Erreakzionarioa

Oposizioko taldeen artean gaiari heldu dion lehena Sumar izan da. Alba Garcia koordinatzaile nagusiak gogor salatu du Jaurlaritzaren jarrera; izan ere, haren ustez, «egiten duenak ordaindu» egin behar duela esanda, Pradalesek «eskuin muturraren markoa eta diskurtso erreakzionarioa» bere egin ditu, eta Jaurlaritzaren apustua argia da: «Borra gehiago».

«Lotsagarria da Jaurlaritzak eskuin muturreko markoa eta diskurtso erreakzionarioa bere egitea. PPren eta Voxen leloa hartu dute foro horretarako». Sumarreko eledunak uste du EAJ PPrekin eta Voxekin lehian dabilela, «segurtasunaren edukian ea nork esaten duen astakeriarik handiena». Erantsi du «oso arriskutsua» dela diskurtso hori baliatzea «datu objektiborik eman gabe»; «arduragabea» ere bada, haren ustez, «horren atzean dagoena zer den» denek ei dakitelako. Garciak argi eta garbi esan du Jaurlaritzak horrelako mezuak helarazteak zer ekarriko duen: «auzo batzuen estigmatizazioa eta talde batzuen kriminalizazioa».

PPk oso bestela ikusten du foroaren ekimena. Alderdi horretako Segurtasun arloko arduradun Ainhoa Domaikak ziurtatu du segurtasunari buruzko foroak balio dezakeela Jaurlaritzak eduki horretan egin omen dituen «akatsak zuzentzeko». PPko kideak gonbidapena jaso du asteleheneko mahaian parte hartzeko, Bilbon. «Diagnostiko bat egingo da, eta hizlari batzuk egongo dira, segurtasunaren egoeraren inguruan aritzeko».

Kezka nagusien artean

Azken urteetan, Ertzaintza sarritan oldartu da askotariko leku eta egoeratan, segurtasunaren izenean, eta istilu horietan hainbat pertsona zauritu dira, batzuk larri. Egunotan, Hernanin (Gipuzkoa) izandako istiluek hedabideen arreta eskuratu dute, eta sare sozialetan bolo-bolo ibili dira segurtasuna migranteekin lotzen duten istilu larrien inguruko kontakizunak. Edonola ere, Hernaniko jaietan ere Ertzaintzak zenbait lagun zauritu ditu borraz jota.

Aldiro kaleratzen dituzten inkesta soziologikoek islatzen dute segurtasuna dela herritarren kezka nagusietako bat, batez ere hiri batzuetan, esaterako Bilbon. Orain baino lehen EAJk helarazi izan ditu, zeharka bada ere, segurtasuna eta etorkinak lortzen dituzten mezuak, eta hil hasieran ika-mika handia izan zuten Eusko Jaurlaritza osatzen duten bazkide biek, EAJk eta PSE-EEk, Pradales «Euskadik behar duen immigrazioaz» aritu eta gero. Polemika hori nola edo hala itxi zuten bazkideek, baina bidean akusazio gogorrak egin zizkioten elkarri.

Bada, Pradalesek orain segurtasunaren gaiari heltzea erabaki du. Segurtasun Sailak sustatuko du Basque Segurtasun Foroa, Jaurlaritzak jakinarazi duenez, eta «kontraste prozesu baten hasiera» izango da. Euskalduna Jauregian egingo duten topaketa «Euskadiko segurtasun integralari» buruzkoa izango dela esan dute, «diagnostiko partekatu bat lortzeko helburuz». Zer esparru landuko dituzten? «Zibersegurtasuna, ekitaldi jendetsu handiak, autobabesa eta larrialdi klimatikoa», besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.