Elkarretaratzeak galdera bat izango du lelo: Gu biktimekin, eta La Salle?. Bost hitzekin eta galdera ikur horrekin argi eta garbi adierazi nahi dute kontzentrazioaren helburua zein den: alde batetik, Patxi Ezkiagak, Donostiako La Salleko irakasle zela, sexu abusuak egin zizkien ikaskide ohiei «pitzadurarik gabeko elkartasuna adieraztea»; bestetik, eskolak biktima horiekiko izan duen jokabidea auzitan jartzea eta izan duen «jarrera birbiktimizatzailea salatzea». Donostiako La Salle eskolako ikasle ohien talde batek antolatu du elkarretaratzea, larunbatean, 12:00etan, Loiola auzoko Topoaren geltoki pareko plazan.
Marisol Zamorak 2024ko maiatzaren amaieran publikoki salatu zuen umea zela Ezkiagak sexu abusuak egin zizkiola. Zamoraren lekukotza irakurri eta gero, La Salleko ikasle ohi batzuek jakinarazi zuten haiei ere egin zizkiela sexu abusuak. Horrek guztiak La Salleko ikasle ohi asko astindu zituen: ikasle ohi gehienek orduan jakin zuten irakasleak ikasgelatik kanpo izugarrikeriak egiten zizkiela ikaskide zituztenei. Ikasle ohi horietako batzuk elkartzen eta antolatzen hasi ziren, biktimak babestu dituzte eta bidelagun izan dituzte orain arteko prozesuan. Manifestu bat ere kaleratu zuten. Ezkiagaren abusuak isilaraztea eta ezkutatzea egotzi zioten eskolari. Larunbatean urrats bat gehiago egingo dute, elkarretaratze publiko baten bitartez.
Ikusi gehiago
Kontzentrazioa ikasle ohi batzuek antolatu dute, baina deialdia irekia da, nahi duten herritar guztiek parte har dezakete. Deialdiarekin bat egin dute lau elkartek: AVA Nafarroako Abusuen Biktimen Elkarteak, Lulacris haurren sexu abusuen kontrako elkarteak, ANIR Espainiako Haurtzaro Lapurtua Elkarteak eta Espainiako Justice Initiativek. Elkarretaratzearen amaieran, ikasle ohi batek agiri labur bat irakurriko du, eta Anir elkarteko bozeramaile Ciro Molinak hitza hartuko du.
Ikasle ohiek nabarmendu dute eskolak «jarrera birbiktimizatzailea» izan duela biktimekiko, eta hala zioela EAEko Arartekoaren txostenean ere. Biktimek Arartekora jo zuten iazko urtearen hasieran, kalteen aitortza publiko bat lortzeko prozesu bat abiatzeko eta erakundeen babesa lortzeko asmoz. Arartekoak biktimen eta La Salle kongregazioaren arteko bitartekaritza lana egin zuen. Kongregazioak ez zituen onartu biktimen eskaerak. Funtsean, erreparazio publikoa eta kolektiboa. Arartekoak uste du ezinbestekoa dela abusuen larritasuna aintzat hartzea, biktimen lekukotzak eta bizipenak aitortzea, eta erantzukizun instituzionalak eta kolektiboak nork bere gain hartzea. Donostiako La Salle eskolari eskatu zion kritikoki azter zitzala bere historia eta jokabidea.Â
Ikusi gehiago
Beste irakasle baten sexu abusuak
Ezkiagaren sexu abusuek itzalean utzi dituzte La Salleko beste irakasle baten sexu abusuen salaketak. El PaĂs egunkariak Sebastian Grandmontagne Santamaria irakasle ohiaren kontrako lau salaketa jaso zituen: bat Beasaingo La Salleko ikasle batena (Gipuzkoa), 1971n eginiko abusuengatik; beste bi Irungo bi fraidegairenak (Gipuzkoa), bati 1973an eta besteari 1973tik 1976ra eginikoengatik; eta laugarrena, Donostiako La Salle eskolako ikasle ohi batena, 1996an jasandakoengatik.
Grandmontagneren sexu abusuen biktima bat harremanetan jarri da Ezkiagaren sexu abusuengatik mobilizatu diren ikasle ohiekin. Biktima horrek esan die gutun bat bidali ziola orduko eskolako zuzendariari, Grandmontagneren sexu abusuen berri emateko. Irakasle ohia 2020an hil zen, 87 urte zituela.