Lotuta, ondo lotuta utzi zuen Francisco Francok diktadura hil aurretik. Erregimenak amaieraraino iraunarazi zuen bere jazarpen bortitza frankismoari aurre egin ziotenen kontra. Horren adierazle argiena izan zen diktadorea hil aurreko asteetan fusilatu zituztela Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi, baita FRAPeko hiru kide ere. Alta, mende erdi geroago, diktaduraren nostalgikoak gero eta nabarmenago ageri diren honetan, antifrankismoaren memoria defendatu du Sortuk gaur arratsaldean, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian Txikiri eta Otaegiri egindako omenaldi berezian. Haien memoriaren haria ez dela eten, eta, aldi berean, «ondo lotutako hori askatzeko garaia» dela, horixe adierazi du Arkaitz Rodriguez koordinatzaile nagusiak.
Ekitaldia hasi baino ia ordubete lehenago, Iruñeko Anaitasuna kiroldegiko ateak ireki dituzte eta apurka betez joan da, gainezka egiteraino, ikusmin handia zegoen seinale. Harmailetan hainbat belaunalditako lagunak zeuden. Hasi aurretik, frankismo garaiko No-do albistegiko zuri-beltzezko eta kolorezko irudiak eskaini dituzte, diktadurako garairik gogoangarrienak erakutsiz, Francok bere oinordeko Juan Carlos Borboikoa izendatu eta koroatu zuenekotik hasita. Ezinbestean, txistuak entzun dira Anaitasunan.
Hala, ordu erdiz baino gehiagoz, erregimenaren soinu banda eta kontakizunaren giro hertsian murgildu da aretoa. Gero, bi orduko emanaldian, musika, bertsoak, dantza, antzezpena eta mezu politikoak tartekatu dituzte, eta, arnasa hartzeko ia betarik eman gabe, 50 urteko oroimenean barna bidaiatu ahal izan dute ikus-entzuleek.

Xabier Amurizaren koplek ekin diote bidaiari; gero, Kristiane Etxaluzek hartu dio lekukoa, eta garai hartan Ipar Euskal Herrian bizi zen giroa gogoratu du. Era berean, azaldu du fusilamenduei aurre egiteko orduan beste zenbait ordezkari kikildu egin zirela, baina, haien aldean, hainbat emakumek Hendaiaraino egin zutela martxa bat. Jarraian, Gaizka Sarasolaren txalaparta metalikoen eta txistuaren doinuek lagunduta, Martxel Rodriguezek koreografia hunkigarri bat egin du fusilamenduaren bala arrastoak zituen horma beltz baten inguruan. Haren dantza solemnea amaituta, Anaitasunak txalo artean agurtu du Itziar Aizpurua.
Aizpuruaren oroitzapenak
Aizpurua kartzelan zen 1975eko uda hartan, eta gogoratu du nola ekin zioten gose grebarik handienari Txikiri, Otaegiri eta FRAPeko hiru kideei gerra kontseilua egin zietenean. Haren esanetan, gogoan zuten bost urte lehenago, erregimena zuritzeko, Burgosko Prozesuko auzipetuei heriotza zigorra barkatu zietela, eta halakorik berriro egingo ote zuten itxaropena zuten. «Orduko itxuraldaketa alde batera utzi, eta betiko aurpegia erakutsi zuen. Saminik handiena ezarri zuen, eta lortu zuen gure barrua apurtzea, txikitzea eta kartzela barruan hutsaren hurrena sentitzea. Baina inoiz ez gintuen borrokatik aldentzea lortu».
Giroa bero-bero utzi du Aizpuruak. Jurgi Ekizaren musikaren ostean, Irantzu Idoatek eta Sustrai Colinak, bertsoen bidez, solas egin dute hurrengo belaunaldientzako memoriaren josketak duen garrantziaz. Garazi Esnaolak eta Maddi Ane Txoperenak musikaren eta testuaren bidez orduko eta oraingo gazteriaren inkonformismoari buruzko alegatua errezitatu dute.
Lur Albisuk, berriz, 36ko gerratik hona Euskal Herriko geografian jazarpenak utzi dituen lorratz eta zauriak zerrendatu ditu, minaren mapa osatuz. Eta segidan Joxean Artzeren esaldi bati egin dio erreferentzia: «Ederra bada herriagatik hiltzea, zein ederrago herriarentzat bizitzea, herriagatik behar baita bizi, behar da irabazi». Mezu hori oso presente egon da Anaitasunan, eta esku orrietan zabaldu dute kiroldegian.
Gero, pabiloia zeharkatu du Mattin Etxebeste dantzariak hilkutxa batean igota, eta omenezko kaxarranka dantzatu die Txikiri eta Otaegiri. Amaieran, haren irudiei krabelin gorriak jarri dizkiete, eta Kattalin Minerrek Askatzera lotuak manifestua irakurri du, atzean horma beltzean sokekin Askatzen hitzarekin jolasean ziharduten bitartean. Performance horrekin, Francoren esaldi ospetsu hori iraultzeko grina irudikatu dute.
«Ez zuten lortu»
Amaieran, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiaren mezua zuten zain. Lehen agurrak egin ondotik, Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenei eta haien oinordekoei mintzatu zaie, mezuaren mamiari emozioa eman nahirik: «Herri honen askatasun egarria itotzen saiatu ziren. Ez zuten lortu, eta gaur horren lekuko gara. Hemen gaude 50 urte geroago, haien banderekin eta ametsekin, askatasun grinarekin, herri gogo berarekin».
Ekitaldiaren eta hitzen bidez haien oroimena defendatu du, frankismoaren hondarretan egindako borroka hura 36ko gerran faxistei eta kolpistei aurre egin zieten gudariekin parekatuz: «Borrokalari antifaxista abertzaleak ziren, Europan omenaldi instituzionalak egingo lizkiekete. Hemen, aldiz, batzuek haien memoria kriminalizatzen jarraitzen dute». Rodriguezen ustez, haien memoria kriminalizatzea faxismoa zuritzea da. «Beraz, bai. Txiki eta Otaegi askatasunaren eta demokraziaren aldeko borrokalariak izan ziren».
«Herri honen askatasun egarria itotzen saiatu ziren. Ez zuten lortu eta horren lekuko gara. Hemen gaude, haien askatasun grinarekin».
ARKAITZ RODRIGUEZ Sortuko idazkari nagusia.
Txiki eta Otaegi fusilatu eta gutxira hil zen diktadorea, eta trantsizioa hasi zen. Rodriguezen arabera, ezker abertzaleak bete-betean asmatu zuen garai haren irakurketan: erreformaren bideari segitu beharrean, hausturaren alde egin behar zela, alegia. «Askotan esan dugu egungo arazo gehienek orduko hartan dutela jatorria. Duela 50 urte aukera handi bat galdu zen». Abertzaletasunari begira, Euskal Herriak nazio aitortza eta autodeterminazio eskubidea izateko aukera galdu zuen, eta estatuak ere egiturazko arazo historikoei aurre egiteko aukera galdu zuen, haren iritziz. Eta mende erdi geroago, Rodriguezek azpimarratu du hori dela oraingo eta etorkizuneko erronka.
Aurrera begira, «burujabetza prozesuan aurrera egitea da erronkarik handiena». Dena den, mehatxuez eta arriskuez ere ohartarazi du. Nagusiki bat nabarmendu du Espainian eta Frantzian nagusitzen ari den bloke erreakzionario hori gobernuetara iritsi eta bere agenda autoritarioa eta neofaxista ezar dezakeela. Adierazi duenez, horren aurka, bide bakarra baino ez da geratzen. «Inoiz baino gehiago indarrak bildu behar ditugu. Ahalik eta indar sozial, politiko eta instituzional gehien bildu, eta herri bat garela adierazi behar diegu Madrili eta Parisi».
Giroa beroturik, independentziaren aldeko oihuekin eta Lepoan hartu kantatuz amaitu da ekitaldia.

Omenaldiak hilobien aurrean
Urtero moduan, omenaldiak egin dituzte Zarauzko eta Azpeitiko hilerrietan (Gipuzkoa), Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi oroitzeko. Horietan dozenaka herritarrekin batera, 1975eko irailaren 27an fusilatutakoen senideak ere izan dira.
Zarautzen, bi ekitaldi egin dituzte. Sortuk deitu du horietako batera, eta adierazi dute Txikiren eta Otaegiren memoriak «aske izan nahi duen herri bat» irudikatzen duela. Ahaztuak 1936-1975 elkarteak, berriz, ETAko bi kideekin batera, diktaduraren kontra aritu ziren gainerakoak ere oroitu ditu, eta adierazi horiek «borrokalari antifaxistak» izan zirela.
Nuarbeko hilerrian, Sortuk esan du fusilatuen memoria bizirik dagoela, baita jazoera hark utzitako «orbainak» ere: «Gure herriaren nazio izaera ukatua izan da, eta, horregatik, herri honetara itxaropena ekarri zuten belaunaldi haien askatasun egarriak ere bizirik jarraitzen du oraindik».