50 urteren ostean, Zarauzko Udalak (Gipuzkoa) aitortza egin dio Juan Paredes Manot Txiki-ri eta haren sendiari. Bezperan Angel Otaegirekin Azpeitiko Udalak (Gipuzkoa) egin zuen moduan, «egia, justizia eta erreparazioa lortzeko eta memoriaren parte izateko eskubidea» aitortu dio. Eta berretsi du «berandu datorren adierazpen bat» dela. «Urte luze hauetan erakunde publikoek izan duten ahanztura instituzionalaz gain, garbi dago ez dugula beti jakin izan hiru eskubide nagusien bermatzaile izaten. Horrenbestez, adierazpen honek zera nahi du: Juan Paredes Manot Txiki-rekin eta bere familiarekin daukagun zor morala kitatu». Xabier Txurruka alkateak irakurri du adierazpen instituzionala, udaleko ordezkaritza guztia alboan zuela, eta ordezkaritza duten alderdi guztiek —EAJ, EH Bildu eta PSE-EE— adostua izan dela azpimarratuta. Txikiren senideei eta batzar aretoan elkartutako alderdi eta esparru askotariko herritarrei zuzenduta.
Bihar beteko dira 50 urte erregimen frankistak aginduta fusilatu zituztela Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kide: Jose Humberto Francisco Baena, Ramon Gracia Sanz eta Jose Luis Sanchez Bravo Solla.
Alkateak Zarauzko udal batzar aretoan leitu du adierazpen instituzionala, eta isilik entzun dute Txikiren senideek. Behin adierazpen instituzionala bukatuta, Perdi Paredes Txikiren anaiak hartu du hitza. Eskerrak emanez hasi da, «urteotan Jonen memoria eta askatasun haizea zaindu duzuen guztioi». Baina ez du ezkutatu minduta daudela. Izan ere, udan, ikusgarri ziren zenbait lekutan hainbat olana zabaldu dira Txiki eta Otaegiren irudiekin. Zarautzen ere ipini zuten bat abuztuaren hasieran, baina apenas iraun zuen 24 ordu, Azpeitikoak oraindik ere jarritako tokian segitzen baldin badu ere. Udalak kenarazi zuen Zarauzkoa, «landa ingurune batean» jarri zutela argudiatuta. Horrez gain, Txikiren eta Otaegiren oroimenezko erakusketa bat udal areto batean jartzea ere debekatu du Udalak «kontakizun partziala» egiten zuela argudiatuta. Azken asteetan horiek gertatu ondotik iritsi da Txikiri aitortza egiteko ekitaldia.
«Uste dugu Zarauzko Udala ez dela egon egoerak eskatzen zuen mailan. Erabaki eta jarrera batzuek gatza bota dute familiaren zaurian»
PERDI PAREDES Txiki-ren anaia
Paredesek minduta hitz egin du, uste baitute haren anaiaren memoriarekin «injustizia bat» egin dela azken asteetan. «Klase politikoak eredugarri izan behar du, baita memoriaren eta bizikidetzaren gaiarekin ere, eta uste dugu Zarauzko Udala ez dela egon egoerak eskatzen zuen mailan. Erabaki eta jarrera batzuek gatza bota dute familiaren zaurian», adierazi du Paredesek atzean zutik lehen lerroan zituen alkateari eta udal ordezkariei zuzenduta.
Halere, anaia oroituz amaitu du hitzaldia: «Gure memorian zaude egunero. Jon, oso harro gaude zutaz. Jon, zure askatasun haizea hemen dago gurekin. Fusilatuko zintuztenei oihukatu zenien bezala: Gora Euskadi Askatuta!».
Ondoren bost lore sorta banatu dituzte udal ordezkariek, bertan ziren senide bakoitzarentzako bat. Alkateak eta udalean ordezkaritza duten hiru alderdietako zinegotziek eman dizkiete lore sortak. Lore eskaintzaren ostean, Luis Eduardo Aute kantautorearen Al alba kantatu du Jexuxmai Lopetegik osoko bilkura aretoan. Batzar aretoan elkartutako herritarrek lagundu diote kantuan, hunkituta.
Behin udaletxeko saioa amaituta, senideek Goizeko Ihintza txistulari taldea zuten atarian zain. Haiekin, eta hainbat herritarrek lagunduta abiatu dira Azken Portu auzora, oinez, Eusko gudariak doinuaren laguntzarekin. Udalak eraikin publiko batean jartzea debekatutako erakusketa EH Bilduren egoitzan egon da aste honetan, Azken Portu auzoan. Erakusketa kalera atera dute, eta han elkartu dira senideak herritarrekin.
Sufrimendu gehigarria
Txurrukak irakurri duen adierazpen instituzionalak gogorarazi du 2007an egin zituela udalak «terrorismoaren biktimen» oroimen eta aitorpenezko lehen ekitaldiak. 2011tik aurrera indarkeria politikoaren biktimak gehitu zituztela azaldu zuen, «ahalegin bat egin zelako Zarauzko udalerrian giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten biktima guztien erreparazioa lortzeko».
Fusilamenduen mende erdia betetzean iritsi da «aitortzazko adierazpen instituzional indibidualizatua», aipamen berezia eginda familiari, «jasan duen sufrimendu gehigarriarengatik». «Familiarengana hurbildu nahi dugu erantzukizunez, egiaz eta enpatiaz», segitu du leitzen Txurrukak.
«Adierazpen honek zera nahi du: Juan Paredes Manot Txiki-rekin eta bere familiarekin daukagun zor morala kitatu»
XABIER TXURRUKA Zarauzko alkatea
Udalean ordezkaritza duten guztien izenean hitz egin du gero: «Gure nahia da adierazpen hau ahots politiko guztien adierazle bateratua izatea, Juan Paredes Manot Txiki-ri egindako injustiziaren aurrean elkartasun eta gizatasun adierazpen bat izatea, eta, erakunde publiko bezala daukagun erantzukizunetik, aitortza eta erreparazioa lortzeko gogoeta bat izatea».
Konpromisoa berretsi dute lanean segitzeko «antzinako eta iragan hurbileko historiako edozein unetan jasandako urraketa guztiak aitortu eta erreparatzeko».
Bizikidetzaren bidea jorratzen segituko dutela ere gehitu du: «Iragana ezin da aitzakia izan bizikidetzaren bidea ez egiteko. Espero dugu jokabide horrek bakearen eta giza eskubideen kultura sustatzea, eta oinarri sendoak finkatzea Zarautzen bakezko eta bizikidetzazko etorkizun bat eraikitzen jarraitzeko».