Frantziako Asanbleako diputatua

Paul Molac: «Frantziako Errepublikak kulturalki ere frantsesak izan gaitezen nahi du; beste zerbaitetara pasatu behar dugu»

Frantziaren «politika etnikoa» deitoratu du Molacek. Konstituzioaren bigarren artikulua moldatu nahi du, zerbitzu publikoetan eta administrazioaren hizkuntzan eragiteko.

Paul Molac diputatua, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Paul Molac diputatua, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2026ko urriaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziako Asanblean hizkuntza gutxituen alde lanean ari den diputaturik bada, Paul Molac bretoia da (Ploermel, Bretainia, 1962). 2021ean, hark egin zuen lege proposamena partzialki zentsuratu zuen Frantziako Konstituzio Kontseiluak, konstituzioaren bigarren artikulua oinarri hartuta. Halakorik berriz gerta ez dadin eta hizkuntza gutxituek legezko aitortza izan dezaten, Frantziako Konstituzioa aldatzeko proposamena egin du Peio Dufau EH Baiko diputatuarekin batera.

Ohartarazte batetik abiatu zarete: Frantziako Konstituzio Kontseiluak konstituziogilearen eskubidea usurpatu du.

1992an, konstituzioko bigarren artikulua aldatu zutenean, Frantziako Asanbleako eztabaida biziki argia izan zen. Hala Alain Lamassoure legearen txostengileak nola garaiko ministroak behin eta berriz erran zuten frantsesa ingelesaren kontra babestea zela helburua, baina inondik inora ere ez eskualdeko hizkuntzei debekuak ezartzea. 

Konstituzio Kontseiluari so eginik, ikusten dugu bere lege propioa egiten duela nolazpait. Iruditzen zaio frantsesak eskualdeko hizkuntzak baino gehiago izan behar duela beti. Frantses hizkuntzaren supremazismoaren ideia asmatu du, erabilpen guzietan, leku guzietan. Eta hori ez da onargarria. Oso ongi ulertzen dugu hizkuntza komun bat behar dela, baina, gure lurraldeetan, gure hizkuntzek mintzatuak izateko eskubidea behar dute. Bestela, badakigu zer gertatuko den: desagertuko dira, bortxaz. 

Bigarren artikulua giltzarrapo bat da hizkuntza gutxituen garapenerako?

Giltzarrapo bilakatu da, eta Konstituzio Kontseiluaren borondatearen ondorio da. Konstituziogileak, 2008an, 75-1 artikulua sortu zuen, erranez «eskualdeko hizkuntzak Frantziako ondarearen parte» direla. Larri-larrian, Konstituzio Kontseiluak esplikatu digu konstituzioari egindako eranskin horrek ez duela lege ondoriorik. Beraz, erran nahi du badirela konstituzioko artikulu batzuk apaindurarako baizik ez direnak hor. 

«Larri-larrian, Konstituzio Kontseiluak esplikatu digu badirela konstituzioko artikulu batzuk apaindurarako baizik ez direnak hor»

Konstituzio Kontseiluaren jurisprudentzia biziki argi da: hizkuntza gutxituetako hiztunek ez dute eskubiderik; aginte publikoak ez du betebeharrik. 

Horixe erran zuen, adibidez, 75-1 artikuluari buruz 2008an. Erran zuen hiztunei ez ziela inolako eskubiderik ematen. Gehitzen ahal zuen aginte publikoari obligazioak ezartzen dizkiola, zeren ondarea zaintzea aginte publikoaren betebeharra da, baina ez zuen halakorik erran. Eta argi ikusten dugu baduela alde militante bat eskualdeko hizkuntzen kontra. 

Frantziako Estatuak hizkuntza gutxituen kontrako politika etnikoa duela erran izan duzu. 

Zure hizkuntza inposatu nahi baduzu... Barkatu, baina horrela jarduten duten herrialde guzietan politika etnikoaz mintzo gara. Frantziak ideia horretatik libratu beharko luke, errepublika norbere eskubide politikoak elkarrekin erabiltzea baita. Baina ez du finkatzen zein den zure hizkuntza eta zein den zure kultura. Alta, Frantziako Errepublikak nahi du kulturalki ere frantsesak izan gaitezen, Parisen definitu duten estandarraren arabera. Beste zerbaitetara pasatu behar dugu, eta aitortu Frantzia osatzen duten populu anitz daudela. Horrek ez du herrialdea ahulduko. 

Dufau eta Molac, Baionan, konstituzio lege proposamena eskuan. PATXI BELTZAIZ
Dufau eta Molac, Baionan, Frantziako Konstituzioa aldatzeko lege proposamena eskuan. PATXI BELTZAIZ
Bigarren artikulua aldatzea proposatu duzue. Esaldi bat gehitu nahi duzue, oinarrizko esaldia zalantzan jarri gabe. Zergatik?

Ez dut uste legegileak borondatea duenik zalantzan jartzeko frantsesa hizkuntza komuna izatea, eta Frantziako Asanblean frantsesez aritzea, adibidez. Haatik, horrek ez du erran nahi ez ditugunik moldaketak egiten ahalko tokian-tokian. Horretarako da, eta, bereziki, zerbitzu publikoetan eta administrazioaren hizkuntzan eragiteko. Euskal Herrian euskaraz aritzea aski logikoa iruditzen zait. Eta gauza bera egin genezake Bretainian, Alsazian...

Uste duzu proposatzen duzuen aldaketa aski izanen dela orain arteko jurisprudentzia eraisteko?

Normalki, bigarren artikulua moldatzeak aski izan beharko luke. Baina ez gara gerizatuak Konstituzio Kontseiluaren interpretazioetatik. Horregatik proposatu dugu 34. artikulua ere moldatzea; horrek finkatzen ditu parlamentuaren eskubideak. Eta erantsi dugu parlamentuak definitu dezakeela eskualdeko hizkuntzen estatusa. Erran nahi du parlamentuak esku hartuko duela berriz Konstituzio Kontseiluari begira, erranez: «Hau da gure ikuspegia». Horrela, hizkuntzei buruzko lege bat egiten ahalko dugu, eta Konstituzio Kontseiluak deus gutxi erraten ahalko du.

«Pentsa dezakegu momentu batean Euskal Herriak hizkuntza koofiziala izan dadin erabakiko duela. Beharrezkoa iruditzen zait gure hizkuntzek bizirik irautea nahi badugu»

Moldaketa horrek bide eman dezake Ipar Euskal Herrian euskara koofiziala izan dadin? 

Hori da ideia. Pentsa dezakegu momentu batean Euskal Herriak hizkuntza koofiziala izan dadin erabakiko duela. Beharrezkoa iruditzen zait gure hizkuntzek bizirik irautea nahi badugu. Zeren bizitza sozialean erabiltzen ez baditugu... Bistan dena, hizkuntza bat objektu sozial bat da. Ez bada hala, desagertuko da. 

Beraz, eskubideak hiztunentzat eta obligazioak agintari publikoarentzat?

Ideala hori litzateke, betiere ontzat emanik estatus ezberdinak izan daitezkeela lurraldeen arabera, eskaeraren arabera, apetaren arabera. Euskal Herrian, hizkuntzaren gaia bereziki inportantea da, Korsikan ere bai, Bretainian, beste toki batzuetan... Lurraldeetara eta populaziora egokitzen den politika bat behar dugu. 

LIOT taldearen txoko parlamentarioan aurkeztu nahiko zenukete proposamena, urtarrilaren 28an. Presidentetzarako bozetako agenda politikoa markatzea da helburua?

Ez naiz segur lege horri buruzko solasa ekartzeko gai izanen naizen; oraindik ez naiz mintzatu horretaz nire taldeko diputatuekin, batek baino gehiagok proposamenarekin bat egin badu ere. Baina, halarik ere, presidentetzarako hautagaiak galdekatuko ditugu. Hori izanen da diputatuon rola, baina baita eragileena ere, hala nola Euskal Konfederazioarena. 

Herritarrak mobilizatu nahi ditu Konfederazioak azaroaren 21ean. 

Eraginkorrak izateko, iritzi mugimendu bat behar da, hautetsiek hedatzen dutena. Eta funtsezkoa da. Hautetsiak baizik ez badira, ez du funtzionatzen; herritarrak bakarrik badira, ezta ere. Biak behar dira, zinez.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA