Gerizpea bilatu dute Subflubialari Ez plataformak antolaturiko kanpaldira inguratu diren gehienek, Artatza parkean (Leioa, Bizkaia). Gerizpean ari dira dendak muntatzen, zuhaitzen itzala bilatu dute azokako salmahaiak atontzen ari direnek, eta bazter batean, gerizpean horiek ere, lekak zuritzen eta azenarioak zatitzen ari dira bazkaritarako paella barazkiduna prestatzen ari direnak. Kanpaldia antolatu dute Subflubialari Ez plataformako kideek Artatzan, itsasadar azpiko autobidearen egitasmoaren kontra protesta egiteko, eta egitarau oparoa prestatu dute asteburu osorako.
Plataformako kide Hodei Rodriguezek azaldu duenez, «gero eta jende gehiago» ari da parte hartzen egitasmoaren kontrako mugimenduan: «Antza denez, uda partean hasi nahi dituzte obrak; beraz, orain da garaia kalera atera eta proiektu hau dela-eta sentitzen dugun haserrea adierazteko». Mobilizazioa ez da jorratu duten bide bakarra: salaketa jarria dute administrazioarekiko auzien epaitegian, eta horretan ere badute itxaropena, «Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat irregulartasun egin baititu egitasmoaren onarpen prozesuan».
Apurka-apurka, jendea inguratu da kanpaldiaren esparrura. Bizikletaz iritsi dira batzuk, eta seme-alabekin etorri diren bikoteak ere ez dira gutxi. Erdiko esparruan kokatutako sarearen bi aldeetan boleibol lehiaketari ekin diote. «Garraio politika zentzuzko bat» eskatzen dute kanpaldian parte hartzen dutenek: «XXI. mendean ditugun erronka ekologikoei aurre egiteko, garraio publikoari lehentasuna emango dion estrategia diseinatu behar da, autobide gehiago eraikitzea albo batera utzita», azaldu du Rodriguezek.
Lanek eragindako kalteak
Artatza parkea aukeratu dute kanpaldia egiteko, bertan nozituko baitira, plataformakoen esanetan, autobidea eta itsasadarraren azpiko tunelak egiteko lanen ondorio nagusiak. Baina ez hor bakarrik: «Artatza-Itzubaltzetako institutua erabat inguratuko dute obrek; haren hezkuntza jarduera arriskuan egongo da, eta eragin larria izango du ikasleen eta langileen osasunean». Tunelaren beste aterabidean ere, Portugaleten, Ballonti errekaren inguruneari eragingo diote lanek: «Badakigu erreka hori gaur egun nahikoa degradatuta dagoela, baina oraindik baditu ingurune natural batzuk eta zenbait espezie babestu».
Kanpalekuaren inguruko salmahaietan, bertoko ekoizleen produktuak daude ikusgai, eta, horiekin batera, Subflubialari Ez plataformaren, asto probak galaraztea helburu duen Animaliekiko Tratu Txarrik Ez Leioako taldearen eta beste zenbait elkarteren materiala eta informazioa dago eskura. Izan ere, informazioarena da gatazka honen beste gakoetako bat.
Rodriguez: «Guk askotan eskatu diogu aldundiari eztabaida publiko bat egiteko, herritarrek alde guztien iritziak eta informazioa izan ditzaten, eta behin eta berriro egin dio uko horri. Isunen bidez gu isilarazten saiatzea izan da erantzuna. [Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko foru diputatu] Carlos Alzagak bira moduko bat egin du batzokietan zehar euren jarrera azaltzeko; ez zaigu gaizki iruditzen, baina ez dugu ulertzen zergatik ez diren joaten kultur etxeetara eta gainerako herritarrengana ere, eztabaida publiko bati bide emateko».
Bazkariaren ostean, bertso emanaldia antolatuta zegoen Unai Mendiburu eta Libe Goenaga bertsolariekin, eta, ondoren, beste zenbait tailer, dantza ikuskizun, kontzertu eta abar. Bihar eguerdian amaituko da kanpaldia, baina, lehenago, ibilbidea egingo dute parketik, haren historiaren, ingurune naturalen eta egitasmoak eragingo dituen kalteen berri emateko.