Aste honetan Gasteizen 21 ultrakatolikori egiten ari zaizkien epaiketaren harira, Gasteizko mugimendu feministak adierazpenak egin ditu. Zabaldutako mezuan, argi adierazi dute Osakidetzari ere badagokiola abortatzera zihoazen emakumeek eta klinikako langileek jasandako jazarpenaren ardura. Izan ere, azaldu dute 2025ean EAEn egindako abortuen %95 klinika pribatuetan egin direla, eta horren zergatia azaldu dute: osasun sistema publikoak arlo pribatura bideratzen dituela. Salatu dute klinika pribatuetara joan behar izateak «erreakzionarioen eta ultrakatolikoen jomugan» ipintzen dituela abortatzera doazenak.
Esan dute «berriro ere» emakumeen gorputzen gaineko erabakia «kolokan» ipintzen ari direla zigor arloko lehen epaitegian egiten ari diren epaiketan, eta argi adierazi dute abortua libre, seguru eta publikoa izateko borrokatuko direla. Benetan izaera publikoa izatea azpimarratu dute: «Osasungintza publikoak kudeatzeaz aparte, bertan abortatu eta jarraipena izateko eskubidea dugu».
«Ez gara lotsatzen eta ez dugu ezkutatu nahi, baina intimitaterako eskubidea nahi dugu, eta sistema publikoan eginda baino ezin dugu bermatu hori»
GASTEIZKO MUGIMENDU FEMINISTA
Adierazi dute bide bakarra osasun sistema publikoak abortatzeko eskubidea bermatzea dela: «Libreki abortatu nahi dugu, epai moralistarik gabe. Gure gorputzen gaineko erabakiak gureak dira. Aske erabaki nahi dugu, inork baldintzatu gabe. Ez gara lotsatzen eta ez dugu ezkutatu nahi, baina intimitaterako eskubidea nahi dugu, eta sistema publikoan eginda baino ezin dugu bermatu hori».
Gure gorputza, gure erabakia lelopean, aldarrikapen hauek egin dituzte: abortua eskubide bat izanik, ez egotea eztabaida politikoetan, askatasunez abortatzea bermatzea, abortuaren praktika erabat publifikatzea, eta epai moralistarik gabe, libreki abortatzeko eskubidea.
Klinikaren aurrean egoten ziren ultrakatolikoen epaiketak abortuaren gaia «lehen lerrora» ekartzea espero dute, «behingoz» eskubide hori blindatzeko.