Gaur 45 urte bete dira BVE taldeak Naparra desagerrarazi zuela

Eguerditik aurrera, '16.060 egun' film laburra irekian emango dute, mundu guztiak ikusteko modua izan dezan. Igandean, omenaldia egingo dute Lizartzan, haren omenezko monolitoaren aurrean.

Naparraren gorpuzkinak topatzeko bigarren indusketa lanen argazkia, iazko apirilean. EGIARI ZOR
Naparraren gorpuzkinak topatzeko bigarren indusketa lanen argazkia, iazko apirilean. EGIARI ZOR
joxerra senar
2025eko ekainaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Non duzue?». Galdera hori etenik gabe egiten du, gau eta egun, Eneko Etxeberriak, Joxe Miguel Etxeberria Naparra-ren anaiak. 1980eko ekainaren 11n bahitu eta desagerrarazi zuen, betiko, Batallon Vasco Español eskuin muturreko talde paramilitarrak. Enekok 17 urte zituen garai hartan, eta betiko markatu zion bizitza. Ordutik anaiaren gorpuzkinen bila eta bila ari da. Topatu ez dutenez, ez du lortu zauri hori ixtea. Gaur 45 urte beteko ditu efemeride lazgarri horrek.

Naparraren eta haren sendiaren istorioa bi filmen bidez kontatu dute Iñaki Alforjak eta Iban Toledok: Bolante baten istorioa film luzea eta 16.060 egun film laburra. Hain zuzen ere, azken film horrek Mont-de-Marsanen (Okzitania) iazko apirilean egindako indusketa lanen berri ematen du. Dokumentalak lau egunez jarraitzen dio Eneko Etxeberriari, eta urte guztiotako bilaketaren zama kontatzen du haren testigantzaren bidez. Egileek erabaki dute gaur eguerditik aurrera hura ikusteko aukera egongo dela esteka honetan.

Bilboko Zinebi jaialdian estreinatu zuten, eta giza eskubideen zinema jaialdietan eman dute, hala nola Errenterian (Gipuzkoa), Iruñean eta New Yorken (AEB). Alforja eta Toledoren arabera, filmak kontatzen duen istorioa «unibertsala bezain gertukoa» da. «Gizakiok behar bat dugu desagertutako senide maiteari zer gertatu zitzaion jakiteko eta haren gorpua izateko. Antigonaren mitotik hasita gaurdaino, izan 36ko gerrako desagertuak, izan Mexiko, Argentina eta Txilekoak. Uste dugu giza eskubideak urratu zaizkion orok behar duela egia eta justizia».

Film laburrak 23 minutu ditu, eta Sagone Film eta On ekoiztetxeek ekoitzi dute.

Naparra oroitzeko, urteroko omenaldia egingo dute Lizartzan igande eguerdian, haren omenezko monolitoan, familiaren Igarolabekoa baserriaren aurrealdean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.