Hondeamakinen aurrean jarri, bideak itxi eta Aroztegiko hirigintza proiektuaren lanak geldiaraztea lortu zuen mobilizazio herritar batek 2021eko apirilean, Lekarozen (Baztan, Nafarroa). 11 eguneko kanpaldi batek eragotzi zituen luxuzko 228 etxebizitza, lau izarreko hotel bat eta golf zelai bat eraikitzen hasteko obrak. Behin-behinean, gutxienez. Proiektua ez baita alboratua izan. Kanpaldi horretan parte hartzeagatik, Baztango zazpi herritarren aurkako epaiketa hasiko da bihar, Iruñeko Zigor Arloko 3. Epaitegian. Ostiralera bitartean iraungo du. Auzipetuek akusazio larriei egin beharko diete aurre. Talde kriminal antolatu bateko kide izatea egozten diete, eta derrigortze eta bortxa delituak egin izana. Hori dela eta, hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak galdegin dizkiete, orotara.
Baina zigorrak are handiagoak izan daitezke. Palacio de Arozteguia enpresak, proiektuaren sustatzaileak, eutsi egin baitio erantzukizun zibilaren zigor eskariari. Azken hilabeteetan, zigor eskaeren gaineko negoziazioak izan dituzte aldeek —auzipetuek, enpresak eta fiskaltzak—, eta auzipetuek ostegunean ohar bidez azaldu zuten sustatzailea prest agertu zela talde kriminalaren akusazioa bertan behera uzteko, baina ez erantzukizun zibilarena alboratzeko, «hura omen baitu Nafarroako eta Espainiako Gobernuetatik 43 milioi euroko kalte ordaina lortzeko bide bakarra».
Auzipetuen esanetan, «marra gorri bat» zen hori, eta, beraz, ez da akordiorik izan. Salatu dute erantzukizun zibilaren eskaerak bide ematen diola «biziarteko zigor ekonomikoa» ezartzeko aukerari, eta onartezintzat jo dute hori. «Bide luze honetan, behin eta berriz gure bizitzekin jokatzen ari direla sentitzen dugu», adierazi zuten ostegunean, ohar bidez.
Aurretik, iazko azaroan, porrot egin zuen beste negoziazio saio batek. Aroztegiko Elkartasun Komiteak orduan salatu zuen talde kriminalaren akusazioarekin «tematu» zela enpresa, eta horrek bideratu zuela auzia epaiketara. Komiteak behin baino gehiagotan adierazi du auzipetuak saiatu direla «zentzuzko akordio bat» lortzen, eta prest daudela desobedientzia ekintza baten erantzukizuna bere gain hartzeko, baina ez talde kriminal bateko kide diren akusazioa, uste dutelako, besteak beste, Euskal Herriko beste herri mobilizazio batzuetarako «aurrekari arriskutsu bat» ezarriko lukeela.

Auziaren bilakaera
Aroztegiko proiektua 2008an aurkeztu zion enpresa sustatzaileak, lehenengoz, Nafarroako Gobernuari. Urte horretan erosi zituen, Lekarozen, Aroztegia jauregia eta haren inguruko 40 hektarea inguru. Hasierako egitasmoaren helburua zen lau izarreko hotel bat, luxuzko 252 etxebizitza eta golf zelai bat eraikitzea, 350 biztanleko herrian.
Palacio de Arozteguia hasiera-hasieratik ahalegindu zen proiektua UGEP udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa tramitatzen. Hala egiteak esan nahi du udalak ez duela planaren gaineko erabakimenik eta Nafarroako Gobernuak hartzen dituela bere gain egitasmoarekin lotutako hirigintza eskumenak. Baina enpresak ez zuen lortu helburua, Nafarroako Landa Garapeneko Departamenduak atzera bota baitzuen.
Hala ere, proiektuak aurrera jarraitu zuen udalaren babesarekin. Aroztegiko lurren kalifikazioa aldatu zuen udalak 2010ean, nekazaritza erabilerarako 40 hektarea lur urbanizagarri bihurtzeko. Nafarroa Bai koalizioa zegoen orduan agintean, gehiengo osoarekin —ezker abertzalea legez kanporatuta zegoen—.
Aldaketa horrek ez zuen bide luzea egin, Nafarroako Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin baitzuen 2013an. Proiektua bideraezina zenez, beste egitasmo bat aurkeztu zuten sustatzaileek 2014an; ordukoan, etxebizitza gutxiago egitea aurreikusi zuten, 252 etxebizitzatik 228ra aldatu zen, eta, aurrekoan bezala, hotel bat eta golf zelai bat.
Bigarrenean bai
Udalaren aginte makila, ordea, beste alderdi batek zuen urte horretan: Bilduk. Haren esku zegoen alkatetza, eta koalizioak proiektuaren kontrako jarrera zuen. Enpresak berriz eskatu zion Nafarroako Gobernuari egitasmoa UGEP modura tramitatzeko, eta, bigarren aldi hartan, 2015eko maiatzean, Nafarroako foru hauteskundeetarako bost egun besterik falta ez zela, sustatzaileen eskaera onartu zuen UPNren gobernuak. Urte beraren amaieran, erabakia berretsi zuen Geroa Bai buru zuen koalizio gobernuak.
Erabaki horren berri jasotakoan, mobilizazioak antolatu ziren Baztanen, gobernuari proiektua baztertu zezala eskatzeko. 2016ko apirilean, manifestazio jendetsu bat egin zen Elizondon (Baztan, Nafarroa). Ekainean, galdeketa bat egin zuten Baztanen, eta %80k bozkatu zuten proiektuaren aurka —parte hartzea %27koa izan zen—.

Mobilizazioek ez zuten gobernuaren jarrera aldaketarik eragin, eta proiektua babesten jarraitu zuen. Palacio de Arozteguiak 2019an adierazi zuen urbanizazio lanak hasi zituela TEX enpresarekin, baina, urte bereko uztailean, Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak ebatzi zuen lanen adjudikazioa legez kontrakoa izan zela. Bide beretik ebatzi zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak 2020ko ekainean, baina enpresa sustatzaileak lanekin jarraitzea erabaki zuen, eta makinak sartzen ahalegindu zen 2021eko apirilean.
Baztango herritar ugari antolatu ziren orduan, Aroztegiko zelaietarako bideak itxi eta makinei lanekin jarraitzea eragozteko. Elkartasun Komiteak eta auzipetuek nabarmendu dute «herri oso baten» erantzuna izan zela, erantzukizuna zazpi herritarren gain jarri nahi badute ere. Hori dela eta, absoluzioa eskatu eta «lurraren defentsaren kriminalizazioa» salatu dute. Aldarri horrek 18.000 lagunen babesa jaso zuen joan den otsailean, Iruñean egin zuten manifestazioan, eta joan den astean, sei eguneko kanpaldi bat egin zuten Elizondon (Baztan, Nafarroa), auzipetuei elkartasuna adierazteko.