Genozidioak ez du etenik, eta mobilizazioek ere ez

Palestinaren alde diharduten Euskal Herriko eragile nagusiek argi daukate su etena «amarru bat» baino ez dela, Israelek hiltzen jarraitzen baitu. «Inoiz baino beharrezkoagotzat» jotzen dute protestekin eta boikot ekintzekin jarraitzea.

Israelek Global Sumud flotillari egindako erasoaren aurkako manifestazioa Bilbon, urriaren 2an. ARITZ LOIOLA / FOKU
Israelek Global Sumud flotillari egindako erasoaren aurkako manifestazioa Bilbon, urriaren 2an. ARITZ LOIOLA / FOKU
14789412 kepa
2025eko abenduaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nazioartea Israelen kontra presiorik handiena egiten ari zen garaian atera zuen patrikatik Donald Trump AEBetako presidenteak su eten proposamena. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari laguntzea, herritarren protestak desaktibatzea eta genozidioak hedabideetan zeukan oihartzun gero eta handiagoa gutxitzea dira estrategia horren helburuak, edo iritzi hori, behintzat, nagusitzen ari da. Euskal Herrian, Palestinaren alde lanean diharduten eragile nagusiak bat datoz iritzi horrekin, eta mobilizazioekin jarraitzeko asmoa adierazi dute «palestinarrak aske izan arte». Hori zelan lor daitekeen, ordea, ez dute berdin ikusten: bi estatu sortzea ala Israel desegitea.

Tregoa indarrean jarri arte, ugariak izan dira Euskal Herrian egindako protestak, boikot ekintzak eta hitzaldiak; eta hala jarraituko duela ematen du, mobilizazioekin jarraitzea «inoiz baino beharrezkoagoa» dela uste baitute eragileek. Izan ere, sionistek jarraitzen dute gazatarrak armaz eta gosez hiltzen, eta, Zisjordanian, areagotu egin dira Israelgo armadaren eta kolono sionisten erasoak.

Ibon Meñika Gernika-Palestina plataforma herritarraren bozeramaileak argi dauka genozidioak «beste dimentsio eta ezaugarri batzuk» hartu dituela. Azken bi urte hauetan, Gernika-Palestina eta Palestinarekin Elkartasuna plataformek egin dute mobilizazio gehien Euskal Herriko herrietan eta hirietan.

Meñikak gogorarazi duenez, urriaren 10ean su etena indarrean sartu zenetik, dozenaka palestinar hil dira Gazan, Israelgo armadaren erasoen ondorioz. UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren arabera, umeen egoera da kezkagarriena, eta, nabarmendu duenez, laguntza humanitarioa sartzerik ez badauka, baliteke 55.000 ume goseak hiltzea. Isa Egiguren Yala Nafarroa Palestinarekin plataformako kideak zehaztu duenez, «egunean 600 kamioi humanitario sartzea hitzartu zen, eta Israelgo Gobernuak 170 inguru sartzea baino ez du onartzen».

«Presioa egiteari uzten badiogu, Palestinaren aldeko eta Israelekiko harremanak etetearen kontrako neurriak ez dira behar bestekoak izango»

IBON MEÑIKA Gernika-Palestina plataforma herritarraren bozeramailea

«Herritarren erdiek baino ez dute egunean behin jaten, eta euritik eta hotzetik babesteko nahikoa ez diren azpiegituretan bizi dira», gaineratu du Egigurenek. Hori dela eta, Yala Nafarroak uste du «kaleak berriro betetzea inoiz baino beharrezkoagoa» dela. Bide berean, Gernika-Palestinako eledunak ohartarazi duenez, «presioa egiteari uzten badiogu, Palestinaren aldeko eta Israelekiko harremanak etetearen kontrako neurriak ez dira behar bestekoak izango».

Palestinarekin Elkartasuna plataformaren arabera, azaroaren 10ean indarrean sartu zen tregoa Trumpek Netanyahuren beharren neurrira egindakoa da. Are gehiago, «desmobilizaziorako trikimailutzat» jo dute. Xabier Losada talde horretako kidearen hitzetan, «palestinar erresistentziari esker, inoiz baino ageriago geratu da sionisten helburua garbiketa etnikoa dela. Beraz, ez da gelditzeko garaia».

(ID_15281542) (Aritz Loiola/@FOKU) 2025-09-03, Bilbo. La Vueltako Bilbo-Bilbo etapa
Espainiako Vueltako Bilboko etapa. ARITZ LOIOLA / FOKU

Iparraldea Palestinarekin kolektiboak ere garbiketa etnikoa gaitzetsi du, eta menia «kolonialismoan sakontzeko tresnatzat» jo. «Israelek hastapenetik ez du su etena errespetatu. Hala ere, basakeria ez zen 2023an hasi eta ez da 2025ean bukatu. Garbiketa etnikoa proiektu sionistaren eta Israelen oinarria da», adierazi du Gabi Daraspe talde horretako kideak. Horregatik, dei egin du «Israelen normalizatze saiakera» horren kontra borrokatzera, eta palestinar erresistentzia sostengatzera.

Borroka molde berriak

Gazatik iritsitako irudi gordinek hauspotu dituzte azken bi urteetan egindako mobilizazioak. Tamaina horretako sarraskiak berehalako erantzuna eskatzen zuen, eta, horri jarraikiz, ehunka euskal herritar irten dira kalera. Genozidioa egiteko moldea aldatu izanak, ordea, bestelako mobilizazioak ekarriko dituelakoan dago Meñika Gernika-Palestina taldeko bozeramaileak, betiere kaleko protestak baztertu gabe.

«Garrantzi handia izango dute Gazaren berreraikuntzak eta Zisjordaniako lurraldeen okupazioaren kontrako salaketak». Berreraikuntzari dagokionez, Meñikak aurreikusten du dirua biltzeko ekinaldiak antolatuko direla, baita enpresen kontratazioak berrikusteko eta instituzioen konpromisoa lortzeko ekintzak ere. Hain zuzen, enpresen kontratazioez ohartarazi du Daraspek, Iparraldea Palestinarekin kolektiboko kideak: «Ustezko baketze horren ondoren, Israelek enpresa kapitalista handiak erakarri nahi ditu Palestina kolonizatuan inbertitu dezaten. Horren kontra borrokatzeko antolatu beharra dugu».

«Israelek hastapenetik ez du su etena errespetatu. Hala ere, basakeria ez zen 2023an hasi eta ez da 2025ean bukatu. Garbiketa etnikoa proiektu sionistaren eta Israelen oinarria da»

GABI DARASPE Iparraldea Palestinarekin plataformako kidea

Palestinarekin Elkartasuna ere bat dator mobilizaziorako molde ezberdinak erabiltzeko ideiarekin, baina ez du uste inola ere agortuta daudenik orain arte erabili izan direnak. Alde horretatik, Losadak garrantzitsutzat jo du «bizi garen despolitizazio garai honetan kaleak betetzen jarraitzea». Losada: «Asko garela eta protestak Israelen irudiari kalte egin diezaiokeela erakusten jarraitu behar dugu».

Gogora ekarri du irailaren 3an Espainiako Vuelta Bizkaira iritsi zenean izandako protestak, orain arte herritarren presioak izan duen eraginaren erakusgarri. Bilboko Kale Nagusian bukatzekoa zen lasterketa, baina, jende andana protesta egiteko bildua zela ikusita, etapa hiru kilometro lehenago amaitutzat ematea erabaki zuten antolatzaileek. Egun horretako protestetan parte hartu zuten askori orain iristen ari zaizkie isunak.

Mobilizazio bateratua noizko?

Beste hainbat arlotan gertatzen den bezala, kolektibo eta plataforma bakoitzak norbere analisia egiten du Palestinako aferari buruz, eta horrek ekarri du behin baino gehiagotan norbere aldetik antolatzea mobilizazioak. Meñikak, ordea, esan du Gernika-Palestina plataforma «beti elkarlanerako prest» egon dela, eta azaroaren 15ean Bilbon egindako manifestazioa horren adibidetzat jarri. Egun horretan, San Mames futbol zelaian jokatu zuten partida euskal selekzioak eta Palestinak, eta Gernika-Palestinak manifestazioa egin zuen, Gure Esku eta Gurea Bai plataformekin batera. Horren ostean, Palestinarekin Elkartasuna plataformak hainbat zale talderekin egin zuen kalejira.

(ID_13540856) Palestinaren aldeko manifestazio nazionala Ordizia-Beasain
Palestinaren aldeko manifestazio nazionala Ordizian, 2024ko urtarrilaren 27an. GOTZON ARANBURU / FOKU

«Alderdi politiko, sindikatu eta hainbat arlotako eragileekin ari gara lanean; baina egia da askotan zailtasunak ditugula beste batzuekin elkarlana sustatzeko», aitortu du Meñikak. Dena dela, «bidean elkarrekin topo egitera kondenatuta» daudela uste du berak.

«Garrantzitsua da bizi garen despolitizazio garai honetan kaleak betetzen jarraitzea. Asko garela eta protestak Israelen irudiari kalte egin diezaiokeela erakusten jarraitu behar dugu»

XABIER LOSADA Palestinarekin Elkartasuna plataformako kidea

Palestinarekin Elkartasuna taldea, berriz, «tokiko zein nazio mailako eragileen batura gisa sortu zen orain dela bi urte pasatxo», Losadak azaldu duenez. Hala ere, azpimarratu du historikoki aldarrikapen jakin batzuei eutsi dieten antolakundeak direla horiek guztiak: «Eta aldarrikapen horien araberakoa izaten da elkarlana gainontzeko eragileekin».

Batetik, Israelen konplizeak seinalatzea dute helburu, «haien irudia zuritu ordez». Losadak konplizeen artean sartu ditu oraindik ere sionistekin harremana duten alderdi politikoak, enpresariak eta administrazio publikoak, nahiz eta palestinarren alde agertu. Plataforma osatzen duten antolakundeek Palestinaren askatasuna aldarrikatzen dute, baita palestinarrek erresistentziarako duten eskubidea ere. Era berean, Israel desegiteko eskatzen dute.

Boikotaren eragina

Gabonak iristear daudela, Euskal Herriko BDZ Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak elkarteak merkataritzari erreparatu dio. Kolektibo horrek abenduaren 9an jakinarazi zuen Uvesco taldeak Israelgo produktuak saltzeari utzi diola. Horixe bera baieztatu zien BM eta Super Amara supermerkatuen jabea den enpresak; eta, besteak beste, Eroskik erabaki bera noiz hartuko zain daude. Bitartean, buru-belarri jarraituko dute Carrefourren kontrako boikot kanpaina egiten, «genozidioarekin duen inplikazio eta konplizitate mailagatik»; baita Beasaingo (Gipuzkoa) CAF enpresaren kontrako protestak egiten ere, legez kanpoko hainbat kolonia lotuko dituen Jerusalemgo tren azpiegitura eraikitzeko lanetan ari baita.

Orain arteko boikot egitasmoak «positibotzat» jo ditu Koldo Huidrobro BDZko kideak, eta aipamen berezia egin nahi izan die bide horretan beste eragileek egindako ahaleginei: «Lorpenak izan dira kirol mailan, eta enpresa batzuek Israelekin zituzten harremanak apurtu dituzte». «Hala ere, inoiz baino beharrezkoagoa da boikot kanpaina arlo guztietara zabaltzea, ez delako ezer amaitu», adierazi du Huidobrok.

«Lorpenak izan dira kirol mailan, eta enpresa batzuek Israelekin zituzten harremanak apurtu dituzte. Hala ere, inoiz baino beharrezkoagoa da boikot kanpaina arlo guztietara zabaltzea»

KOLDO HUIDOBRO Euskal Herriko BDZ mugimenduko kidea

Erakunde publikoen artean, besteak beste EHUri egotzi diote Israelgo enpresekin eta genozidioan laguntzen duten beste instituzio batzuekin hitzarmenak izatea. «Palestinarrak hiltzen jarraitzen du Israelek, eta horrelako erakunde batek ezin du jokatu ezer gertatuko ez balitz bezala», kritikatu du Aritz Tutor EHU Palestina taldeko kideak.

Hark argi dauka: «Israelgo Estatua bakartu behar dugu, bere garaian Hegoafrikarekin egin zen bezalaxe». Palestinaren aferaren inguruan lanketa egiteko talde berri bat sortu du EHUk; kritikak baretzeko, agian. Tutorrek aurreratu duenez, «lantalde horretako partaideak garen heinean, bertan egingo dugu presioa, EHUk Israelekin dituen harreman guztiak eten ditzan».

GURE HAURRAK ERE BADIRELAKO

Duela bi urte pasa erasoaldia abiatu zuenetik, Israelgo armadak 71.000 palestinar baino gehiago hil ditu, horien artean 20.000 haur inguru. «2023ko urritik hona gertatu dena haurren aurkako genozidio sistematiko bat izan da. Kopuru horiek beldurgarriak dira, eta hala dira oraindik ere su etena sinatu ostean», adierazi du Markel Elortza Gure Haurrak Ere Badira egitasmoko kideak. Gogorarazi duenez, orain, tregoa indarrean egonda, batez beste bi ume hiltzen dira egunero, erasoen edo gosearen ondorioz. 

Azken bi urteetan hezkuntza komunitateak emandako erantzuna «bikaina» izan da, eta horrela segitu dezan nahi du Elortzak. Urrian, Euskal Herriko berrehun ikastetxek baino gehiagok egin zituzten mobilizazioak, eta hil horren 25ean Bilbon egindako manifestazioan jendetza bildu zen. Kamisetak saltzen lortutako 80.000 euro Palestinara bidaliko dituzte. 

Hori gutxi ez eta, ikastetxeetako eskola umeei palestinarrak sufritzen ari direna kontatu diete, Mitxel Elortzaren Askatasun doinua ipuinaren bitartez. Liburu horren arabierazko bertsioa Jordaniako palestinar errefuxiatuen kanpalekuetara iristea ere lortu dute. Euskal Herriko umeek egindako marrazkiak, ordea, ez ziren Palestinara heldu, Israelgo armadak Mundu Bat GKEaren bitartekariak hil baitzituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.