Etxeratze agindu partzialak ezarri dituzte Frantziako zenbait hiritan

Besteak beste, Parisen, Nizan eta Lillen ezarriko dituzte etxeratze aginduak. Jaka Horiek «beste ekinaldi bat» antolatu dute larunbaterako. Lecornu lehen ministroak esan du «ezker muturreko» mugimenduek herrialdea «aztoratu» nahi dutela.

Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroa gaur egin duen agerraldian, atzean zenbait ministro dituela. JULIEN DE ROSA / EFE
Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroa gaur egin duen agerraldian, atzean zenbait ministro dituela. JULIEN DE ROSA / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko urriaren 19a
19:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larunbateko istiluek goitik behera asaldatu dute Frantzia azken orduotan. Bizitzaren garestitzea eta erosahalmenaren galera salatzeko, larunbatean ehunka protesta egin zituzten herrialdeko hiri nagusietan. Eta, manifestazio asko baketsuak izan ziren arren, beste hainbatetan istilu larriak izan ziren. Larrialdi bilera batera deitu du gaur goizean Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroak, eta jakinarazi du etxeratze agindu partzialak ezartzeko eskatu dietela hainbat hiritako eta herritako prefekturei.

Le Monde egunkariak kaleratu berri duenez, Parisko Poliziak iragarri du etxeratze agindua ezarriko dutela zenbait auzotan, gaurko 23:00etatik biharko 06:00etara arte, eta manifestazioak egitea ere debekatu du auzo horietan, 20:00etatik 06:00etara arte. Etienne Guyot Lyongo alkateak ere etxeratze agindu partziala agindu du dekretu bidez, gaurko 21:00etatik biharko 06:00etara arte. Eric Ciotti Nizako alkateak ere etxeratze agindua dekretatu du hiriaren erdigunerako, 21:00etatik 06:00etara arte; agindu hori adingabeentzat da.

Halaber, lehen ministroaren bulegoak jakinarazi du etxeratze agindua ezarriko dutela herrialdearen iparraldeko Lille hirian, baita inguruko hiru herritan ere —Wattignies, Douai eta Denain—, gaurko 20:00etatik biharko 06:00ak arte, eta bihar gauean berriz ere ezarriko dute, asteazken goizaldera arte. Lilleko eta herri horietako «gune batzuetan» ezarriko dute. Horrekin lotuta, Matignonek adierazi du behar izanez gero larrialdi egoera ezarriko dutela —asteburuan uko egin zioten larrialdi egoera ezartzeari—, baina oraingoz etxeratze agindua neurri «egokiagoa» iruditzen zaiela.

Gainera, Lecornuk zerbitzu sekretuak aipatuz adierazi du Frantzian «ezker muturreko mugimenduek» herrialdea «aztoratu» nahi dutela datorren udaberrian egingo diren presidentetzarako hauteskundeak bitarte: «Oinarrian indarkeria duen gutxiengo batek indarkeriaz betetako agenda bat ezarri du, eta hauteskundeak era arruntean egitea eragozten digute». Horregatik, Frantziako Gobernuari hauteskunde horiek «babestea» dagokiola esan du. «Testuinguru demokratikoa babestu behar dugu», gaineratu du.

Macron ez da bileran izan. Hiru eguneko bira bat zeukan aurreikusita Persiar golkoan, eta, Frantzian istiluak izan diren arren, ez du bertan behera utzi. Kuwaitera iritsi da gaur goizean, eta Arabiar Emirerri Batuetara joatekoa da ondoren.

Jaka Horiek, berriz, «beste ekinaldi batera» deitu dute datorren larunbaterako. 17Octobergiletjaune.net webgunearen bidez eman dute deialdiaren berri. Oraingoz, 76 ekintza antolatu dituzte; besteak beste, 65 manifestazio Frantzia osoan zehar —Parisen, Marseillan, Bordelen, Lyonen, Okzitaniako Tolosan, Lillen, Naoneden eta Estrasburgon, esaterako—. Webgunearen editore Benjamin Ballek AFP France-Press berri agentziari jakinarazi dio «bultzada handia» dagoela beste mobilizazio bati ekiteko.

Manifestariak Poliziaren ur kanoi batengatik gordetzen, haien aurkako pankarta baten atzean, larunbatean. YOAN VALAT / EFE
Manifestariak Poliziaren ur kanoi batetik gordetzen, haien aurkako pankarta baten atzean, larunbatean, Parisen. YOAN VALAT / EFE

Gainera, Frantziako Gobernuak gaur goizean jakinarazi du Laurent Nuñez Barne ministroak dimisioa aurkeztu diola azken orduetan Emmanuel Macron Frantziako presidenteari. Macronek, ordea, ez du onartu haren dimisioa, eta eskatu dio «sistema berriak» indarrean jar ditzala lehenbailehen, «talde bortitzei» aurka egiteko.

Aurreikuspen okerrak

Nuñezek elkarrizketa bat eman du gaur goizean France Inter irratian, eta ohartarazi datorren larunbaterako polizia gehiago hedatuko dituztela. Asteburuko istiluei dagokienez, adierazi du ez zirela egoera kontrolatzeko behar beste agente jarri, eta berak antolatutako plana ez zela «nahikoa» izan: «Parte hartzea guk aurreikusi baino handiagoa izan zen, nabarmen, eta, zenbait lekutan, polizia kopurua asimetrikoa izan zen parte hartzaileen kopuruarekin alderatuta». Gainera, azaldu du Poliziak «egoeraren kontrola» galdu zuela hiri batzuetan. Esan duenez, Frantziako Gobernuak uste zuen 200.000 lagun inguruk parte hartuko zutela mobilizazioetan. Iturri ofizialen arabera, gutxi gorabehera 500.000 lagunek parte hartu zuten mobilizazio horietan. Antolatzaileen arabera, ordea, 800.000 baino gehiago izan ziren.

Denera 2.400 pertsona atxilotu zituzten Frantzian larunbatean izandako istiluengatik, herenak —850 inguru— hiriburuan, Parisen. Gainera, Frantziako Gobernuaren arabera, mila polizia inguru zauritu zituzten. Atzo eta gaur ere izan dira istiluak hiriburuan. Esaterako, ikasle talde batek Louvre museoaren bi sarrerak blokeatu ditu gaur goizean, bigarren hezkuntzako ikasleen mugimenduari babesa emateko eta haien aurkako errepresioa salatzeko. Horren ondorioz, museoak jakinarazi du gaur ez dituela ateak zabalduko. «Harro esan dezakegu munduko museorik handiena blokeatu dugula», adierazi dute ikasleek.

Manifestari bat Louvre museoaren aurrean, gaur, museoa zergatik blokeatu duten azaltzen duen afixa bat eskuetan duela. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Manifestari bat Louvre museoaren aurrean, gaur, museoa zergatik blokeatu duten azaltzen duen afixa bat eskuan duela. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE

Iturri ofizialek zabaldu dutenez, 2.000 saltokitan baino gehiagotan kalteak izan dira asteburuan, eta aurreikusi dute ehunka milioi euroren galerak izango direla. Hori jakinarazi du gaur Frantziako Industria eta Merkataritza Ganberako presidente Alain Di Crescenzok.

Europako Batzordeak gaur adierazi du asteburuko istiluak «onartezinak» direla. Markus Lammert EBko Barne bozeramaileak prentsaurrekoan esan du «protesta baketsua» egiteko eskubidea «oinarrizko eskubidea» dela herrialde demokratiko guztietan, eta «babestu» egin beharra dagoela. Hala ere, salatu du ezin direla parekatu manifestari baketsuak eta «indarkeria» erabiltzen dutenak: «Nahita eragindako suteak, lapurretak eta norbanakoen eta eraikin publikoen aurkako erasoak onartezinak dira».

Frantziako presidenteak agerraldia egin zuen atzo gauean —Macronek egindako agerraldien artean gehien ikusi direnetakoa izan da; Frantzian telebistaren aurrean zeudenen %80k ikusi zuten zuzenean—. Besteak beste, adierazi zuen azken egunetako «indarkeria» aurretik inoiz ikusi gabea dela, eta hitzeman zuen zorrotz egingo dutela istiluak eragin dituzten taldeen aurka. Hala ere, bereizi egin zituen protesta egiten duten ikasleak eta «istilu-sortzaileak». Azkenik, egoera baretzeko eskatu zuen, hauteskundeetarako sei hilabete falta direla argudiatuta.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA