Larunbateko mobilizazioetan izandako arpilatzeak gaitzetsi ditu Baionako Herriko Etxeak, eta Poliziari babesa adierazi

Hautetsien parean, Poliziak kolpatu dituen manifestariei babesa adierazten aritu da militante bat. Larunbatean bederatzi pertsona atxilotu zituzten Baionan.

Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza, gaur goizean, herriko etxe aitzinean. NATHALIE GUIRONNET
Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza, gaur goizean, herriko etxe aitzinean. NATHALIE GUIRONNET
Leire Casamajou Elkegarai
BAIONA
2026ko urriaren 19a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziako Auzapezen Elkarteak deiturik, urriaren 17ko mobilizazio egun handiaren ondotik, herriko etxearen aitzinean bildu dira Baionan, Angelun, Miarritzen, Hendaian, Kanbon (Lapurdi) eta Atharratzen (Zuberoa). «Gauza sinple baten adieraztera bildu gara: ezin dugu onartu bortizkeriak elkarrizketari gaina hartzea, ezta indarkeriak zuzenbidea ordezkatzea ere», erran du Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak, Libertatearen plazan. Mintzatzen ari zela, gibelean izan ditu, besteak beste, Baionako herriko kontseiluko hautetsiak —EH Baikoak salbu—, Colette Capdevielle PS Alderdi Sozialistako diputatua eta Mathieu Duhamel Baionako suprefeta.

Joan den larunbatean, Frantzian eta Ipar Euskal Herrian ehunka mobilizazio izan ziren bizitzaren garestitzea eta erosahalmenaren galera salatzeko: denera, 550.000 eta 800.000 lagun artean mobilizatu ziren hiri nagusietan. Baionan ere manifestazioa egin zuten, baina bazterrak aski anple egon ziren, nahiz bederatzi pertsona atxilotu zituzten. Arpilatzeen aldetik ere, gauza guti; adierazpenen ondotik zehaztu dutenez, Baionako herriko etxeko ate bat hautsi dute.

Frantzian, haatik, gertakari harrigarriago batzuk izan ziren, hala zenbait komertzioren andeatzeak nola Limogesko herriko etxearen sutea. Larunbataz geroztik, irudi horiek denetan daude, eta, gehienetan, desberdintasunik ez da egiten manifestarien eta bazter funditzaileen artean. Ildo horretatik atera dira hautetsiak herriko etxeen aitzinera, arpilatzeak salatzera. Hitzik ez, haatik, Poliziak kolpatu dituen manifestariez. Hain zuzen ere, Etxegarai mintzatu den denbora guzian, emazte bat izan du parean, pankarta bat eskuetan: «Bi hil, nerabe bat begia galdurik; hori da indarkeria». Baina Etxegaraik ez die erreferentziarik egin, eta, preseski, larunbatean «sokorri ematen aritu direnei» babesa adierazi die, «hots, segurtasun indarrei eta, zehazki, Poliziari».

(ID_16550292) (Nathalie GUIRONNET) 2026-10-19, Baiona. Rassemblement pour dĂƒÂƒĂ‚Â©noncer les violences du 17 octobre
Emazte bat, gaur goizean, Baionako herriko etxe aitzinean, urriaren 17an Frantziako Poliziak erabilitako indarkeria salatzen. NATHALIE GUIRONNET

Zabaldu diren lehen informazioen arabera, haatik, bi hil izan dira Parisen, baina ez dira oraino argitu horien heriotza nola gertatu den. Oraingoz jakinarazi dutenez, horietako bat bihotzekoak jota hil da manifestazioan zela, eta bestea, odol kolpe baten ondorioz, negar gasez itoak ziren leku batean. Gazte batek, berriz, eskua galdu du Poliziak jaurtiki duen granada bat gainean zapartatu zaiolarik, eta gutienez beste gazte batek begia galdu du foam pilota batek jota.

Biktima horiez eta Poliziak erabilitako indarkeria fisikoaz galdeturik, Etxegaraik adierazi du «indarkeria guziak kondena daitezkeela, baita manifestariei egiten zaizkienak ere», baina fite lerratu da eta aditzera eman kolpatutako manifestari horiek ustez erantzukizuna dutela: «Kondenatu daiteke, manifestariek ez badute parte hartu indarkeria horren abiatzean. Nik ene gaztaroan manifestatu dut, eta gauzak erran daitezke matxeteekin eta armekin joan gabe, batere onargarriak ez direnak».

Erraterako, halako diskurtsoen salatzera atera ziren hainbat herritar atzo, Baionako herriko etxearen aitzinera: azken asteetako mobilizazioetan izandako indarkeria poliziala gaitzetsi zuten.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA