Ertzaintzak 48 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur goizean Berrizen (Bizkaia), labana batekin bikotekidea hiltzen saiatzeagatik. Emakumea larri eraman dute Gurutzetako ospitalera.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Polizia 07:20an bertaratu da bikotea zegoen etxera, abisu bat jaso ostean. Hara iritsi direnean, 38 urteko emakumea topatu dute, larri, arma zuriz egindako hainbat zauri zituela. Bertan artatu dute, eta ospitalera eraman, helikopteroz. Emakumearen lau seme-alabak etxean ziren erasoa izan denean, eta haiek eta bizilagun batek erasoa geldiarazi dute, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Biktimaren alabetako bat ere zauritu du gizonak, arin.
Erasotzailea, berriz, kalean atxilotu du Poliziak, eta genero indarkeriari lotutako hilketa saiakera egotzi diote. Ertzaintzak ikerketa abiatu du zer gertatu den argitzeko.
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak hilketa saiakera gaitzetsi du ohar baten bidez, eta nabarmendu ez dela gertaera bakan bat: «Basauriko erailketa matxista izan zenetik astebete ere igaro ez den honetan berriz ere erailketa saiakera baten berri izateak erakusten du egiturazko arazo baten aurrean gaudela, etenik ez duen sarraski baten aurrean». Onartezintzat jo dute emakumeen eta haien seme-alaben bizitza «etengabeko arriskuan» egotea, eta gehitu horri aurre egitea gizarte osoaren ardura dela, «auzi politiko eta soziala».Â
Elkartasuna adierazi diete zauritutako andreari, haurrari eta inguruko guztiei, eta, horrekin batera, kalera ateratzeko deia egin. «Isiltasuna erasotzailearen konplize da, eta guk ozen esango dugu: erasorik ez erantzunik gabe!», borobildu dute.
Aurten hiru emakume hilik
Joan den astean, emakume bat hil zuten Basaurin (Bizkaia), eta haren bikotekide zena atxilotu zuten. Atxilotua gizonezkoa da, 45 urte ditu, eta indarkeriazko hilketa egotzi diote. Larunbatean aske utzi zuten behin-behinean; ikerketa martxan da oraindik.Â
Hain zuzen ere, Berangoko Udalak (Bizkaia) adierazpen instituzionala onartu zuen atzo Basauriko hilketa gaitzesteko. Udalak jakinarazi duenez, udalerrian «hazitako eta hezitako emakumea» zen Basaurin hildakoa. Horri lotuta, Berangoko Emakumeen Elkartearekin eta udalerriko beste hainbat eragilerekin batera elkarretaratzea deitu du gaur, 19:00etan, Sabino Arana kalean, pilotalekuaren aurrean.
Iaz zazpi emakume eta adingabe bat hil zituen indarkeria matxistak, eta aurtengo lehen hiru hilabeteetan hiru biktima izan dira jada. Otsailean Tatiana Rodriguez hil zuen haren bikotekideak, Sarrigurenen (Nafarroa); 28 urte zituen, eta lau seme-alaba. Bikotea banatzeko prozesuan zen, eta, eztabaida batean, gizonak labanaz eraso zion Rodriguezi; erasotzaileak bere ama ere zauritu zuen, hura erraina babesteko ahaleginean ari zela.
Martxoaren 21ean, berriz, Irungo (Gipuzkoa) emakume bat hil zuen bikotekideak Espainian, Zaragozan zehazki; han bizi zen aspalditik. Gizona andrearen lantokira joan zen, eta kalean tiro egin zion; ondoren, erasotzaileak bere buruaz beste egin zuen. Emakumeak 49 urte zituen, eta bi ume, horietako bat adingabea.

