Zupiriak berretsi du askoren jomugan dagoela Ertzaintza, eta ez du beste azalpenik eman Loiuko operazioaz

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua gazte mugimenduei begira jarri da, esanez zenbait talde Ertzaintzaren kontrako akusazioak prestatzen ari direla. EH Bilduri erantzunez egin ditu adierazpenak, koalizioak Loiuko operazioaz galdetu baitio.

Zupiria, gaurko osoko bilkuran, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Zupiria, gaurko osoko bilkuran, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2026ko maiatzaren 29a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak joan den asteartean eman zituen azalpenak Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean, Ertzaintzak Global Sumud Flotillako kideen harreran izandako esku hartzeari buruz. Oposizioarentzat ez ziren nahikoa izan, ordea, eta, gaur, argibide gehiago eskatu dizkiote kontrolerako osoko bilkuran. EH Bilduk egotzi dio «gizarteko sektore atzerakoiekin» bat egin duela eta ukatu egiten duela Ertzaintzaren barruan arazo bat dagoela. Sailburuak erantzun dio, ordea, Ertzaintza askoren jomugan dagoela, eta ohartarazi du «autoritatea» galtzen ari dela.

Gogor hitz egin dute bi aldeek, baina, funtsean, astearteko agerraldiaren itzala baino ez da izan. Izan ere, EH Bilduk polizia ereduaren inguruan ardaztu du eztabaida, eta sailburuari egotzi dio «48 orduan» jarrera goitik behera aldatu izana. Gorka Ortiz de Ginea legebiltzarkidearen arabera, Zupiriak Ertzaintzari buruz hausnartzeko leiho bat zabaldu zuen igandean, baina «negazionistekin» lerratua zen astearterako.

Are, «PP eta Voxen» diskurtsoa bere egitea leporatu dio, eta «kolpeak» eta «inpunitatea babesten duten kontakizun sinesgaitzak» justifikatzea. «Gogorarazten dizut egoera batzuk ez zirela gertatuko arduradun politikoek erabakiak hartu izan balituzte Ertzaintzaren barruan. Baina kontrakoa, neurriak hartzeari uko egin diozue askotan, zoritxarrez». Loiuko aireportuko Ertzaintzaren esku hartzea neurrizkoa izan ote zen adierazteko galdetu dio berriro, baina, erantzun ez dionez, esan dio «urrezko aukera» galdu duela.

Izan ere, Zupiriak nahiago izan du «elkarbizitzari» buruz hitz egin, Segurtasun Batzordean egin zuen bezala. Adierazi baitu bizikidetza eta legeari zor zaion errespetua galtzen ari direla, eta hori «kezka iturri» bilakatu dela askorentzat, eskualdez eskualde egiten ari diren segurtasun foroetan berretsi dutenez. «Normaltasunez hartu behar ditugu herri zerbitzarien aurkako erasoak? Ba, ez; ez ditugu onartuko», esan du.

Sailburuaren hitzetan, euskal gizartearen gehiengoak bizikidetza eredu jakin bat eraiki du azken hamarkadetan, «autogobernua» eta «legearekiko errespetua» oinarri duena, eta koalizio subiranistari esan dio prozesu horretatik kanpo egon dela. Gogorarazi du, halaber, Ertzaintza gizartearen oniritzia duten instituzioetako bat dela, eta hari dagokiola «ordena» jartzea eta segurtasuna bermatzea.

Aitortu du, hala ere, «zalantzazkoak eta salagarriak izan daitezkeen jokabideak» izan direla. Ez du zehaztu zeintzuk, baina adierazi du «hutsegiteak aitortu» dituztela eta haien inguruan neurriak hartzeko eskatu duela. Are, Zupiriak azaldu du legealdia hasi zenetik desordena publikoko 130 kasu izan direla, baina ñabartu du horietako gehienetan istiluak izan baziren ere ezin zaiola horien errua Ertzaintzari egotzi.

Izan ere, esan du Polizia «askoren jomugan» dagoela, eta adierazi du gazte talde batzuk jada ari direla udari begira haren kontrako akusazioak prestatzen, ezer gertatu aurretik ere. «Gazte batzuek beste gazte batzuekin dituzten liskarrak konpontzeko baliatuko duten aitzakia» gisa erabiliko dituztela salatu du. Edonola ere, azpimarratu du lehendakariaren konfiantza duen bitartean lanean jarraituko duela.

Futbola «arazo»

Sumarrek ere egin dio galdera Zupiriari. Sumar da, hain justu ere, sailburuaren dimisioa eskatu duen Eusko Legebiltzarreko indar politiko bakarra. Jon Hernandez legebiltzarkideak gogorarazi duenez, Ertzaintzaren jokabidea justifikatu zuen sailburuak, eta horregatik egin zuten eskaera. «Onartezina» dela esan du, eta onartezintzat jo du, halaber, esku hartze gogorra ETAren aitzakia erabiliz zuritu nahi izatea.

Polizia ereduaren eztabaidari guztiz heldu gabe, Hernandezek ohartarazi du Ertzaintzan jarduteko modu jakin bat gailendu dela azken urteetan. Haren arabera, ondorio lazgarriak utzi ditu jokabide horrek; Xuhar Pazosen eta Amaia Zabarteren kasuak dira horren adibide, azaldu duenez. Bada, neurriak hartzeko eskatu dio, eta hutsegiteak onartzeko: «Polizia demokratikoak segurtasuna bermatu behar du, baina gehiegikeriarik gabe».

Horri erantzunez, larunbatean Alavesen partidaren aurretik Gasteizen izandako istiluei heldu die Zupiriak, eta azpimarratu du futbola «arazo» bilakatu dela indarkeriari dagokionez. Iraultza 1921 Alavesen jarraitzaile taldea egin du larunbateko gertakarien erantzule, eta esan du «ordena publikoko arazo» direla, eta haren ekintzak klubarentzat ere buruhauste bilakatu direla.

Izan ere, «beti indarkeriaren aurkako legea urratzen duen taldea» dela azpimarratu du. Eta larunbatean ere hala egin zuela ziurtatu du, debekatuta zeuden ke potoak eta bengalak piztu zituztelako. Azaldu duenez, hori dela eta, Ertzaintzak esku hartu behar izan zuen, «familiak lasai joan zitezen seme-alabekin giroaz gozatzera». Ordea, salatu du «betikoek» Poliziaren aurka egin zutela, eta liskarrak sortu. Iraultza 1921 taldeak, berriz, zaleek sare sozialetan argitaratutako mezuak bildu ostean, salatu zuen Ertzaintzaren dispositiboa «neurrigabea» izan zela, eta poliziak «giroa baketsua» zenean oldartu zirela, inguruan askotariko zaleak zeudenean; tartean, adingabeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE