Gorputza ubelduraz betea du Jose Javier Oses Jotas Global Sumud Flotillako kidea (San Martin Unx, Nafarroa), eta min eta neke aurpegia igartzen zaio oraindik. Loiuko (Bizkaia) aireportura iritsi bezain laster, senide eta lagunak besarkatu, eta, zuzenean, ospitalera joateko asmoa zuten ontzidiko ekintzaileek, Osesek azaldu duenez. Israelgo armadak nazioarteko uretan atxilotu zituen ekintzaileak, eta tratu txarrak eman zizkien. Hori nahikoa ez balitz bezala, Loiura iritsitakoan Ertzaintzaren jipoia jaso zuten. Osesek «itxurakeriatzat» jo ditu Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean emandako azalpenak.
Erlazionatuta
Israelen bertan eta Euskal Herrira heldutakoan jasandako tratuaren ondoren, nola zaude osasunez?
Gorputz osoko giharretako mina eta ubeldurak izatea, hori gutxienekoa da; izan ere, sutan jartzen nau pentsatzeak egunero sistematikoki 10.000 preso palestinar torturatzen ari direla eta heriotza mehatxupean daudela. Bitartean, Euskal Herrian lasai asko bizi dira sionistekin lankidetzan ari diren uniformedun eta gorbatadun kriminal asko, pertsona agurgarriak balira bezala.
Zer kolpek egiten dute minik handiena, Israelen ala Euskal Herrian jasotakoek?
Lau egunez psikopata kaputxadun batzuen eskuetan egon ginen, eta, Loiura iritsitakoan, beste kaputxadun batzuk zain genituen. Euskal Herrian gertatutakoak agerian utzi du gure bizitzak sionisten eskuetan daudela: kapitalismoa eta sionismoa gauza bera dira, eta mundu osoko indar errepresibo gehienak haien interesak defendatzeko erabiltzen dituzte.
Inpunitatearen isla dira zabaldutako irudiak. Ez zen bere onetik ateratako polizia batzuen erasoa izan. Tel Avivetik ere ez zuten agindurik jaso [ironiaz]. Mundu osoan gertatzen ari den bezala, Ertzaintza sionismora makurtu da, hori baita modu bakarra herritarrak mendean izateko. Barru-barrutik ateratzen zaie, horretarako trebatu baitituzte.
Ertzaintzak badu harremanik Israelekin, ezta?
Guk gorputza jartzen dugun bitartean setio kriminal hori amai dadin, haiek kontratuak sinatzen dihardute sionistekin. Besteak beste, gure segurtasuna sionisten eskuetan uzteko eta gerra inperialistekin haien negozio kriminalak areagotzeko, inpunitate osoz. Zinismo hutsa da: tontotzat hartu nahi gaituzte.
Uste al zenuen Zupiriak Eusko Legebiltzarrean emandako azalpenak beste modu batekoak izango zirela?
Nire herrian zera esan ohi dute: «Barkamena apaizei». Horrelakorik berriro ez gertatzeko bermeak jarri nahi badituzte, hasteko sionistekin dituzten kontratu eta harreman oro apurtu beharko dituzte. [Loiuko] irudiak argiak dira: Zupiria gezurretan ari da. Argi dago: poliziarik izan ez denean, ez da inolako arazorik egon.
«Pertsona errespetagarriak diruditen arren, sionismoarekin lankidetzan ari diren enpresari horien guztien izen-abizenak ezagutarazi behar ditugu, eta haien negozio zikinak ixtera bultzatu»
JOSE JAVIER OSES 'JOTAS' Global Sumud Flotillako kidea
ETA eta «ezker muturra» aipatuta justifikatu du Zupiriak Ertzaintzaren erasoa. Zer uste duzu?
Aipamen horiek arreta desbideratzeko etsi-etsian egindako ahaleginak baino ez dira. Palestinan genozidioak jarraitzen duen bitartean, harekin duten erantzukizun zuzena ezkutatu nahi dute Eusko Jaurlaritzaren bueltan biltzen diren botere faktikoek.
Ertzainak bultzatuta, zuri leporatu dizute istiluak abiatzea.
Irudiak ikustea besterik ez dago ohartzeko horrek ez duela inongo sinesgarritasunik. Gainera, agintaritzaren aurkako atentatua leporatzen digute; agintekeriaren kontrako atentatua izan beharko litzateke, akaso. Egin kontuak: hilabete bat generaman gure senideak besarkatu gabe, denbora horretatik lau egun sionisten esku. Ertzainek, ordea, «segurtasun hesi bat» jarri zuten familiarren eta gure artean, etsaiak izango bagina bezala. Are, horietako bati leporatzen diote hesi hori gainditzea, Euskal Herrira iritsitako senidea besarkatu nahi izan zuelako.
Zazpi ertzain zauritu zirela diote.
Horren gogor jo ostean, ez ninduke harrituko [ironiaz]. Ohituak gaude horrelakoetara.
Loiuko irudiek mila adierazpen baino gehiago balio zutela esan omen zenion ertzain bati. Egia al da?
Bai, horrela da. Jende guztiak ikusi ahal izan zuen aspaldi salatzen ari garena: [Ertzaintza] indar errepresibo psikopata bat dela. Arazoa ez da polizia eredua, Poliziaren berezko tresna baita indarkeria.
«Palestinaren aldeko borrokak askatu egin gaitu: haien erresistentziak erakutsi digu gure bizitzak erabat aldatzeko aukera badagoela oraindik»
JOSE JAVIER OSES 'JOTAS'Global Sumud Flotillako kidea
Uste al duzu eman zuten itxuragatik kezkatuta dagoela Eusko Jaurlaritza?
Itxurakeriaz bizi dira, gizartea eta politika negozio bat balira bezala hartzen dituztelako; marketina garrantzitsua da haientzat. Palestinarekiko elkartasuna arriskutsua da haientzat. Hori dela eta, errepresioa beste koska bat estutu nahi izan dute ongietorria zapuztuz. Israeldarrek ere gogorrago jo dute oraingo flotillaren kontra.
Elkartasun horrek kolokan jartzen ditu haien negozio kriminalak: pertsona errespetagarriak diruditen arren, sionismoarekin lankidetzan ari diren enpresari horien guztien izen-abizenak ezagutarazi behar ditugu, eta haien negozio zikinak ixtera bultzatu.
Israelgo Gobernuak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari burla egiteko erabili du Loiun gertatutakoa. Zer uste duzu?
Sanchezek [palestinarren alde] keinu bat edo beste egin arren, Israel eta gainontzeko estatu kapitalistek osatzen duten puzzle bereko pieza bat da Espainia: dozenaka hitzarmen ditu sionistekin. Palestinaren askatasunaren aldeko borroka arriskutsua da haientzat, zalantzan jartzen baitu sistema osoa. Guretzat, ordea, itxaropen argi bat da.

Zergatik da zuentzat itxaropen argi bat?
Flotillan, 50 herrialdetako baino gehiagoko ekintzaileak elkartu ginen: bakoitzak bere herrialdean burujabetzaren alde egingo balu, besteak beste [armagintza] industriaren birmoldaketa eta bidezko merkataritza bultzatuz, sionismoak eta kapitalismoak porrot egingo lukete. Are, Palestinaren aldeko borrokak askatu egin gaitu: haien erresistentziak erakutsi digu gure bizitzak erabat aldatzeko aukera badagoela oraindik.
Besteak beste, EAEko Arartekoak ikertuko du Ertzaintzaren esku hartzea. Zupiriak dimititu beharko luke?
Egin behar duten gauza bakarra zera da: sionismoarekin dituzten harreman guztiak eten. Beste guztia itxurak egitea baino ez da.
Zeintzuk izango dira Global Sumud Flotillaren hurrengo urratsak?
Beti bezala, hausnarketa egin beharko dugu balorazioa egin eta ekintza honek izan dituen emaitzak aztertzeko. Hala ere, zera azpimarratu nahi dut: nazioartean kolore ezberdinetako jendea batu da ekintza jakin hau aurrera ateratzeko, aurrekoetan bezala; eta eredu hori Euskal Herrian ere zabaldu nahi genuke: etsai berbera daukagu; beraz, bat egin dezagun horri aurre egiteko. Gero, bakoitzak egoki ikusten duena egin dezala bere etxean.