Alberto Alonso Gogora institutuko zuzendariak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarrean, joan den urtean egindako lanei eta hurrengo hilabeteetan egingo dituzten ekintzei buruzko azalpenak emateko. Agerraldi hori baliatu du EH Bilduk Naparraren kasuari buruz galdetzeko. Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak Joxe Miguel Etxeberria Naparra-ren desagerpena ETArekin lotu zuela eta, zuzenketa bat exijitzen laguntzeko eskatu dio koalizioak Eusko Jaurlaritzaren memoria erakundeko zuzendariari. Hark ez du kasuan sakondu nahi izan, eta ez du zuzendu Biktimen Oroimenezkoa, baina adierazi du Gogora-k biktimen oniritziarekin antolatzen dituela ekitaldi guztiak.
Gasteizko Biktimen Oroimenezkoaren jarrera kritikatu du Eraitz Saez de Egilaz EH Bilduko legebiltzarkideak, eta adierazi du ez dela onargarria Naparraren desagerpenaren inguruan zalantza eragitea. Gogorarazi du familiak ere behin eta berriz adierazi duela BVE Batallon Vasco Español talde ultraeskuindarrak «hiru aldiz» esan zuela Etxeberria hil zuela, eta azpimarratu du orain bertsio hori kolokan jartzeak ez diola ekarpenik egiten ez bizikidetzari, ezta egiari eta justiziari ere. Are, uste du haren senideak «birbiktimizatu» egiten dituela.
Alonsok erantzun dio Gogora-k biktimekin elkarlanean antolatzen dituela ekitaldi guztiak, eta eroso ez badaude bertan behera uzteko aukera ematen diela. Onartezina baita, haren hitzetan, biktimen minarekin jolastea. Monbar hoteleko atentatuari buruz antolatutako erakusketa jarri du adibide gisa, eta zehaztu du sei hilabetez jardun zutela biktimen senideekin elkarlanean, oroimen ekitaldiari buruz hizketan eta haiekin batera antolatzen. «Haien mina da ikusgai jartzen dena, eta errespetu handia zor diogu horri», adierazi du.
Erantsi du gisa horretan ari direla lanean Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur-en eta Dolores Gonzalez Katarain Yoyes-en senideekin ere. Bi horiei buruzko erakusketa bana prestatzen ari baita Gogora hurrengo hilabeteetarako. ETA politiko-militarreko buruzagia zen Pertur, eta 1976an desagertu zen; gaur arte ez da argitu ez nork bahitu eta hil zuen, ez hura non dagoen ere. ETAk berak hil zuen Yoyes, 1986an, erakundeko kide izandakoa, traidoretzat jota.
Desagertuak hizpide
Alonsok ez du data zehatzik iragarri, baina jakinarazi du erakusketez gain mahai inguru bana ere antolatu asmo dutela. Desagertuei buruzkoa izango da horietako bat, Perturren kasuari lotuta, eta biktimen gorpuak non dauden ez jakiteak senideei eragiten dien mina gizarteratzea izango du helburu. Bigarrenak, berriz, ardatz izango du euskal gizarteak eta nagusiki kulturaren alorreko eragileek ETAren indarkeriari emandako erantzuna.
Era berean, Alonsok aditzera eman du joan den otsailean Barakaldoko (Bizkaia) BECen batxilergoko ikasleekin frankismoa deslegitimatzeko egindako jardunaldien ondoren Gogora-k gai horri buruzko lan lan ildo zehatz bat abiatuko duela, ikastetxeentzat material didaktikoak sortzeko. Irakasleek egindako eskaria izan dela esan du Alonsok, gazteen artean «diskurtso antidemokratikoak» areagotzen ari direla antzeman baitute.
«Oroimen hutsa gaindituko duten memoria politikak behar ditugu. Ezer gutxirako balioko du plaka bat jartzeak ez baldin bagara gai gure politikak gizartean sakonki txertatu daitezen lortzeko»
ALBERTO ALONSO Gogora institutuko zuzendaria
Gogora-ko zuzendariak orobat ohartarazi du «desberdinarekiko gorrotoa eta seinalamendua» zabaltzen ari direla berriz ere gizartean, eta adierazi du horri aurre egiteko «memoria politiketan sakontzea inoiz baino beharrezkoagoa» dela. «Oroimen hutsa gaindituko duten memoria politikak behar ditugu. Ezer gutxirako balioko du plaka bat jartzeak, adierazpen instituzionalak onartzeak, ez baldin bagara gai gure politikak gizartean sakonki txertatu daitezen lortzeko».
Ikerketetan aurrera
Memoria institutuak aurreko hilabeteetan egindako lanaren berri ere eman du Alonsok, bere hitzaldian. Kontatu du, esaterako, amaitu dutela lehen Eusko Jaurlaritzari buruzko ikerketa lana. Gobernu hura osatu zuten kideen eta funtzionarioen —70 pertsonatik gora denera— biografiak eta haien politiken inguruko azterketa biltzen du lan horrek. Duela bi urte hasi zuten ikerketa, eta jakinarazi du inprentara bidali dutela jadanik. Hasiera fasean daude oraindik, ordea, frankismo garaiko sexu eta genero aniztasunaren aurkako errepresioari buruzkoa eta Emakumearen Babeserako Patronatuaren funtzionamenduari buruzkoak.
Martxan du, halaber, TOP Ordena Publikoko Auzitegi frankistarena; Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernuarekin lankidetzan ari da auzitegi horien funtsak ikertzen, eta Alonsok aditzera eman du Gogora-ren esku dagoela jada tribunal frankistaren funtsen kopia bat. Horrez gain, jakinarazi du desobiratze gehiago egin zituztela iaz. Zornotzako hilerrian, esaterako, 157 pertsonen gorpuzkiak atera zituzten. Horietako zazpi identifikatu eta haien senideen esku utzi zituzten ondoren. Urduñako hilerrian, berriz, berreskuratutako 93 gorpuzkietatik 30 identifikatu ziren iaz.