Greba orokorrera deitzeko eskatu die Palestinarekin Elkartasuna plataformak sindikatuei

Plataformaren ustez, asteazkeneko «lanuzte sinbolikoa ez da aski». Eskatu du deialdi hori greba orokor bihurtzeko edo beste egun batean greba orokorra egiteko.

(ID_15386614) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2025-10-04, Iruñea. Palestinarekin Elkartasuna ekimenaren manifestazioa
Palestinar erresistentziaren aldeko manifestazioa, iragan larunbatean. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2025eko urriaren 9a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larunbatean Iruñean egindako manifestazioa jendetsua izan zen, eta Palestinarekin Elkartasuna plataforma antolatzaileak zoriondu egin ditu palestinar erresistentziaren alde mobilizatu ziren elkarte eta norbanako guztiak. Halere, nabarmendu du presioa areagotu behar dela, eta, horregatik, datorren asteazkeneko hiru edo lau orduko lanuztea greba orokor bihurtzeko edo beste egun batean greba orokorra egiteko deia egin die sindikatuei eta Euskal Herri osoko langile batzorde guztiei, gaur, Iruñean. 

Mirene Beneitez, Xabier Losada eta Arantza Paniagua plataformako kideen arabera, «larunbateko indar erakustaldia ez da aski», eta «urriaren 15eko lanuzte sinbolikoa ere ez da nahikoa». Begi onez ikusi dute sindikatu batzuek hezkuntzan asteazkenerako grebara deitzeko urratsa egin izana, baina uste dute hori eremu guztietara zabaldu beharko litzatekeela: «Beste sektore batzuetara zabaltzen ez bada, oso mugatua izango da, hezkuntzak eragin txikia baitu ekoizpenean eta herrietako eta hirietako normaltasunean». 

Halaber, eskaera hori egitearekin batera, adierazi dute gutxienez zein eskaerak izan beharko luketen grebaren ardatz. Batetik, uste dute genozidioa gelditzeko bermatu egin behar dela lurralde osoa deskolonizatzea, preso palestinarrak askatzea eta errefuxiatuak etxera itzultzea. Beneitezek aipatu duenez, ez da «posible» elkarbizitzarik izatea «Israelgo entitatearekin», eta, ondorioz, adierazi du Palestinak eskubidea duela kolonialismoaren kontrako erresistentzian aritzeko. «Palestinar erresistentzia babestu behar dugu».

Hain zuzen, larunbateko manifestazioan Israel desegitearen aldeko mezuak entzun ziren, eta horri buruz galdetu zaie plataformako kideei. Losadak gogora ekarri du bi urte daramatzatela mezu hori zabaltzen. «Beste batzuek palestinar erresistentzia kriminalizatu nahi izan dute. Gure ustez, erresistentziarako eskubide osoa dute, eta, elkartasun horretan, ekidistantziak ez du tokirik».

«Israel deslegitimatu egin behar da. Israel ez da estatu legitimo bat: estatu kolonial bat da eta deskolonizaziorako bidean jardun behar dugu»

XABIER LOSADA Palestinarekin Elkartasuna plataformako kidea

Losadak nabarmendu du palestinarrak presioa areagotzeko eskatzen ari zaizkiela, eta gaineratu Euskal Herrian hori bi norabidetan egin behar luketela. «Batetik, Israel deslegitimatu behar da. Israel ez da estatu legitimo bat: estatu kolonial bat da eta deskolonizaziorako bidean jardun behar dugu. Zer kolonizazio prozesutan ulertu da kolonizatzaileak berak eskubidea duela bertan jarraitzeko?», argudiatu du.

Bestetik, presio egingo dute Israelekin dauden harremanak eteteko. «Gure ekarpen nagusia Israelen eta haren konplizeen kontra presio egitea da, harreman ekonomiko, militar, diplomatiko eta kultural guztiak behingoz eteteko sionismoarekin», aipatu du Beneitezek. Hala, greba orokorrerako deia egitearen helburua da presio egitea Hego Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako gobernuei eta «CAFen moduko enpresa konplizeei». Gaineratu dute urriaren 15ekoa «lanuzte soila» baldin bada presio egiten jarraituko dutela. 

Trumpen plana

Israelek eta Hamasek onetsi egin dute Donald Trump AEBetako presidenteak egindako planaren lehen fasea. Horren harira, Palestinarekin Elkartasuna plataformak uste du «berri ona» dela; are, «palestinar herriaren garaipentzat» jo du. Dena den, euskal gizarteari eskatu diote ez dezala arindu Israelen aurkako presioa. «Palestinarren indar korrelazioa eta negoziazio gaitasuna, euren irmotasunaren fruitu izateaz gain, Israel sostengatzen duten herrialdeetako gobernu eta enpresen aurkako presioaren araberakoa ere bada», azaldu du.

Halaber, gaur jakin da herritar bat atxilotu dutela Iruñean uztailaren 6ko istiluengatik. Sanferminak hasi aurretik, San Domingoko aldapan, talde batek ahalegina egin zuen Israelen aurkako pankarta bat Udaletxe plazan sartzeko, eta Polizia oldartu egin zitzaien. Hala, plataformako kideek elkartasuna adierazi diete «atxilotzeko arriskuan dauden hiru nafarrei». Beneitezek exijitu du «haien aurkako jazarpen prozesua bertan behera uztea», eta protestetan parte hartzera deitu.

ELAk eutsi egin dio

ELA sindikatuak ohar bidez jakinarazi du eutsi egingo diola urriaren 5erako proposatutako lau orduko lanuzteari. «Premiazkoa da israeldar armada Gazako biztanleen kontra egiten ari den erasoak amaitzea, eta laguntza humanitarioa berehala eta masiboki sartzeko aukera ematea», azaldu du. Sindikatuak iritzi dio «ezinbestekoa» dela mobilizazioari eustea. Halaber, dei egin die alderdiei baldintza bezala jar dezaten Israeli boikot egitea bozkatzerako orduan.

LABek ere eskatu du Israelen erasoak berehala eteteko eta kolonizazioarekin amaitzeko. Bi helburu horiek betetzeko urriaren 15ean sindikatuek proposatutako hiru orduko lanuztearekin bat egitea galdegin die langileei.

(ID_15400866) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2025-10-09, Iruñea. Palestinarekin elkartasuna elkarteak prentsaurrekoa
Mirene Beneitez, Xabier Losada eta Arantza Paniagua, gaur, Iruñeko Zabaldin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Nafarroako Gobernuak berritu gabe utziko ditu hiru kontratu

Nafarroako Parlamentuko gaurko kontrol saioan, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak iragarri du ez dituztela berritu Israelgo enpresekin egindako hiru kontratu, sendagaiekin lotutakoak. «Beste sendagai batzuekin ordezkatuko ditugu», zehaztu du. Gainera, Txibitek gaineratu du neurriak hartuko dituztela beste arlo batzuetan, «hala nola zibersegurtasunean eta zerbitzuak ordezkatzeko teknologian». Adierazi du Nafarroako Gobernuak dituen eskumenen barruan hartu dituztela erabaki horiek eta «Espainiakoa Gobernuaren eskutik» jardungo dutela, «atzerriko harremanetan hark baitu lidergoa».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.