Guardia Zibila hauteskunde kanpainan sartu da, eta munizio politikoa eman dio UPN-PPri azken egunerako. Idatzi bat kaleratu, eta bertan iritzi dio «irregulartasunak» egon daitezkeela Belateko tunelak zabaltzeko lanetan. Dena dela, deigarria ez da zer ondorio atera duen, baizik eta noiz argitaratu duen.
Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeak sakon aztertu zituen Belateko tunelak zabaltzeko lanak, eta ez zuen irregulartasunik atzeman. Azken ondorioetan, ordea, ez zuten erabat baztertu irregulartasunik izatea. Legebiltzarra heltzen ez den ikerketa eremuetatik etor zitezkeen zantzu horiek. Hain zuzen ere, Polizia Judizialaren egitekoa da hori, eta hor dago beste berritasuna: Guardia Zibilaren idatzian ez dago ikerketaren datu edo ekarpen apartekorik.
Kanpaina betean ezagutarazi dute Unitate Zentral Operatiboaren idatzia, noiz-eta Belateko lanak eta oro har Cerdan auzia arretagune mediatikotik erabat kanpo diren honetan. UCOk «zenbait ohar» egin nahi izan ditu orain arte ezagutarazitako informazioaren gainean.
Kontu Ganberaren polemika
Ohar horietako bat Miguel Angel Aurrekoetxea ikuskatzailearen gainekoa da. Kontu Ganberako zerbitzu juridikoen eta gainerako ikuskatzaileen irizpidearen kontra, Aurrekoetxeak ondorioztatu zuen Belaten izandako gainkostuak legez kanpokoak direla. Haren esku egon zen 2024ko kontu orokorrak eta Belateko obra aztertzea, eta aipu horrek liskarra piztu zuen ganberan, barne prozedurak urratu zituelako. UCOrentzat, ordea, «interesgarria» da Aurrekoetxeak esandakoa.
Era berean, parlamentuko ikerketa batzordeak maiz aipatutako adjudikazio prozesuaz ere egin dute oharra. UCOren arabera, mahaiko teknikariek balorazio teknikoaren gainean egindako azalpenak «deskriptiboak» dira, eta ez dira argi adierazten eskaintza baten eta bestearen arteko aldeak, legeak eskatzen duen moduan.
Batzordean argi geratu zen hori izan zela mahaiko kideeen arteko desadostasunetako bat. Aditu juridikoek azalpen argiagoa eskatzen zutenez, ingeniariek lau aldiz erredaktatu zuten txostena, eta, euren irizpide teknikoen arabera, ongi azaldua zegoen. Aditu legelariak, berriz, ez zeuden ados, eta horregatik bozkatu zuten adjudikazioaren kontra.
Batzordean, Nafarroako Parlamentuak UCOko bi kide deitu zituen, argibideak eman zitzaten. Auzia ikertzen ari zirela eta, konfidentzialtasuna gorde behar zutela argudiatuta, deitutako bi guardia zibilek ez zuten ezer aipagarririk esan orduko hartan.
Dimisio eskaera
Idatziaren aurrean, Cristina Ibarrola UPNko presidenteak esan du Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak dimisioa eman behar duela. Bere esanetan, UCOk agerian utzi du lotura dagoela Txibiteren eta Santos Cerdan PSOEko Antolamendu ohiaren artean. Ibarrolaren arabera, zenbat eta informazio gehiago izan orduan eta zantzu gehiago daude. «Zer esango dute orain Kontu Ganberako ikuskatzailearen lana auzitan jarri zuten parlamentariek?», galdetu du.