Gurutzetako ospitaleko zuzendari medikoaren eta zerbitzu medikoetako zuzendariordearen dimisioak medikuen grebak erietxe horretan «eragindako tentsioarekin» lotu zituen atzo Eusko Jaurlaritzak. Oposizioko alderdiak, ordea, ez datoz bat EAJren eta PSE-EEren gobernuko arduradunek egindako adierazpenekin. Besteak beste, EH Bilduk Alberto Martinez Osasun sailburuari eskatu dio utz diezaiola gaiari ihes egiteari, erantzukizuna bere gain har dezala, eta Osakidetzaren «egiturazko arazoei» hel diezaiela, «gainbehera geldiarazteko».
Irama Villar Gurutzetako ospitaleko zuzendariak eta Maider Garmendia zuzendariordeak ostiralean jakinarazi zioten Osakidetzari kargua utziko zutela, eta erabaki hori atzo zabaldu zuten publikoki. Bada, gaur, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak esan du Gurutzetako ospitaleko dimisioak Osakidetzaren «barne tentsioen eta gabezia estrukturalen beste froga bat» direla. Are, Martinezi aurpegiratu dio «guztiaren errua» Monica Garcia Espainiako Gobernuko Osasun ministroari botatzea; izan ere, haren arabera, «arazoa hemen dago».
Uberaren ustez, Osasun sailburua medikuen greba «erabiltzen» ari da «bere sailaren eta Osakidetzaren ardurak ezkutatzen saiatzeko». Esplikatu duenez, «aspaldidanik datozen arazo estrukturalak dira, eta behar zenean ez jarduteagatik larriagotzen ari da egoera».
Jon Hernandez Sumar koalizioko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio argitu dezala Espainia mailako osasun arloko esparru estatutuan jasotako lan hobekuntzen aurka dagoen ala ez. Espainiako Ministroen Kontseiluak onespena eman zion atzo hori berritzeko lege aurreproiektuari. Hain zuzen, horregatik daude greban medikuak. Bide batez, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio dagoeneko dituen eskumenak erabil ditzala Osakidetzako langileen baldintzak hobetzeko.
Gurutzetan izandako dimisioak ez ditu aipatu Hernandezek. Hala ere, zera aurpegiratu die Eusko Jaurlaritzako arduradunei: «Uko egiten ari zaizkie Osakidetzan dituzten eskumenei, eta aitzakiatzat erabiltzen ari dira medikuen greba, [Espainiako Gobernuan] Sumarrek kudeatzen duen Osasun Ministerioari eraso egiteko».