Gurutzetako ospitaleko zuzendari medikoak eta zerbitzu medikoetako zuzendariordeak dimisioa eman dute. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, medikuen grebaren testuinguruan iritsi da dimisioa. Izan ere, lanuzte horien ondorioz, «presio asistentziala» areagotu egin da, eta horrek eragindako tentsioagatik hartu dutela erabakia esan du Osasun Sailak. Irama Villar zuzendariak eta Maider Garmendia zuzendariordeak ostiralean jakinarazi zioten Osakidetzari kargua utziko zutela.
Osakidetzako eta Osasunbideko medikuak protestan ari dira Espainiako Osasun Ministerioak ezarri nahi duen esparru estatutu berriagatik. Medikuek uste dute beren berezitasunek ez dutela islarik agiri horretan, eta negoziazio bide propio bat exijitzen dute. Ministerioak sindikatu batzuekin hitzartu zuen estatutua, medikuen onespenik gabe. Eta atzo Espainiako Ministroen Kontseiluak onespena eman zion estatutu berriari.
Ikusi gehiago
Medikuek, gaur-gaurkoz, ez dute akordiorik lortu, eta protestan jarraituko dute. Maiatzaren 18ko astean egin zuten azken lanuztea, eta ekainaren 14tik 19ra egingo dute hurrengo greba astea. Urtea hasi denez geroztik, bosgarren greba astea izango da.