Hogei minutu berandu dator hegaldia Istanbuldik (Turkia), eta urduritasuna nabaria da Loiuko aireportuan bildutakoen artean (Bizkaia). Bi hegazkinetan datoz Palestinako futbol selekzioa osatzen duten kirolari eta teknikariak, baina multzorik handiena lehenengo hegaldian iritsiko da. Hainbat lagun elkartu dira palestinarrei ongietorria egiteko, eta heldueretako aretoan daude, zain.
Ikurrinak, Palestinako ikurrak eta Palestinari elkartasuna adierazten dioten elastikoak daramatzate gehien-gehienek. Kazetari eta argazkilari mordoa ere batu da heldueretako harrera gelan; haietako batzuk, atzerritik etorriak. Kamilok jatorri marokoarra du, baina Portugalen bizi da, eta Instagramen futbolaren eta politikaren arteko harremana jorratzen duen kontu bat kudeatzen du: dioenez, bere asmo nagusia da Mendebaldean Palestinaren alde antolatzen diren elkartasun ekitaldien berri ematea arabiarrei, eta, euskal selekzioak eta Palestinak partida jokatu behar zutela jakin bezain pronto, Euskal Herrirako bidea hartu zuen.
Larunbatean, selekzioen arteko norgehiagoka ikusiko du, baina joan den igandean ere San Mamesen egon zen, Athleticen eta Oviedoren arteko partida ikusten: «Hainbat zalerekin hitz egin nuen. Askok esan zidaten Athleticen zaleak direla talde horrek dituen ezaugarriengatik, soilik euskal jokalariekin jokatzen duelako, eta Euskal Herriak ere baduela gainerako herriekin batera bizitzeko eskubidea. Eta azaldu zidaten Euskal Herrian badagoela Palestinaren aldeko sentimendu indartsu bat, zuek ere iragan izugarria duzuelako; adibidez, 1937ko apirilean izandako bonbardaketen berri eman zidaten».
Aretoko bazter batean txalaparta atontzen hasi dira Bilboko Begoña auzotik etorritako zenbait lagun. Txetxu da haietako bat: «Piratak taldekoak gara, animazio harmaileko kideak; gu gara San Mamesen partida guztietan txalaparta jotzen dugunak. Ekitaldi honetan parte hartzeko eskatu digute, eta gu, jakina, pozarren etorri gara». Piratak taldeko zaleentzat oso berezia izango da larunbateko partida: «Alde batetik, gure selekzioak jokatuko du; baina, gainera, Palestinako selekzioaren kontra arituko da: hau da, gurearen moduko beste selekzio bat, libre eta gainerako nazioen pare lehiatzeko aukera izan behar duena».
«Gernikako herria gara, memoria duen herri bat gara; Euskal Herria beti egongo da Palestinako herriaren ondoan»
IBON MEÑIKA Gernika-Palestina plataforma
Pili Ganak ez du larunbateko partidara joaterik izango; horregatik, beste bi lagunekin batera Loiutik aireportua etorri da, «palestinarrei laguntasuna erakustera». Haren iritziz, oso garrantzitsua da elkartasuna adieraztea palestinarrak pairatzen ari diren egoera dela eta; «baina ez soilik guk, jende arruntak; hemen, gobernuek eta estatuek serio inplikatu behar dute, eta erantzun gogor bat eman sionismoari».
Denbora igaro ahala, urduritasuna gero eta handiagoa da. Heldueretako aretoko atea zabaltzen den bakoitzean, ikustekoak dira gainerako hegalaldietatik datozen bidaiarien aurpegiak, zain dagoen jendetzarekin topo egitean; harridura ageri da gehienen bisaian, eta batzuek begikotasun keinuren bat egiten dute Palestinaren ikurrak ikustean.
Adar eta txalaparta doinuek bete dute aretoa. Hizki handi batzuk altxatu eta «SOS Gaza» goiburua osatu dute harrera egitera etorritako zenbaitek, besteek ikurrinak eta Palestinako banderak astintzen dituzten bitartean.
Besarkadak
12:00etan jakinarazi dute hegazkina iritsia dela, Palestinako espedizioko kideak maletak hartzen ari direla eta laster agertuko direla atetik, baina oraindik tarte batez itxaron behar izan dute harrera gelan bildutakoek. Eta, azkenean, 12:20an azaldu dira kirolariak, selekzioaren txandala jantzita. Yaser Hamed Palestinako selekzioko jokalari euskaldunak egin die harrera; banan-banan agurtu eta besarkatu ditu bere kideak, jendeak txaloka «Palestina askatu» oihu egiten zuen bitartean.
Pozik eta irribarretsu daude espedizioko kideak, baina nekea eta hunkidura ere nabari zaizkie aurpegian. Txalo artean, baten batek bularrera eraman du eskuineko eskua, esker ona adierazteko. Atrilean jarritako irudiari erreparatu diote haietako batzuek: Suleiman al-Obeid da, Palestinako futbol jokalaririk ezagunena; Israelgo armadak bonbardaketa batean hil zuen joan den abuztuan, giza laguntzaren zain zegoelarik. Keinu hori ere eskertu dute espedizioko kideek irudia ezagutu dutenean.
Hiru dantzarik ohorezko aurreskua dantzatu dute, eta, ondoren, zenbait oroigarri eman dizkiete jokalariei; horien artean, Euskal Herriko armarria brodaturik daraman txapela. Hantxe bertan jantzi dute jokalari gehienek.
Harrera ekitaldia apur bat atzeratu behar izan dute, argazkilariek eta kamerariek denak emanda baitziharduten, irudiak hartu eta hartu. Azkenean, lortu dute egoera apur bat baretzea, eta Gernika-Palestina plataformako bozeramaile Ibon Meñikak hartu du hitza. Hark esandakoa arabierara itzuli du Euskal Herrian bizi den komunitate palestinarreko kide batek, jokalariek ulertzeko moduan.
Meñikak adierazi du «ohore handia» dela jokalari palestinarrak Euskal Herrian hartzea; «nahiko genuke zuek etxean bezala sentitzea; izan ere, Euskal Herria zuen etxea da». Nabarmendu du larunbatekoa «partida bat baino zerbait gehiago» izango dela, eta aukera baliatu nahi izan du mezu bat helarazteko; «gu Gernikako herria gara, memoria duen herri bat gara, eta umiltasunez, maitasunez eta erantzukizunez esan nahi dizuegu zuei eta mundu osoari Euskal Herria beti egongo dela Palestinako herriaren ondoan; atzo, gaur eta beti».