Akabo Hauteskunde Batzordearen atarian gaupasa egin behar izatea. Eusko Legebiltzarrak gehiengo handiz onetsi du hauteskunde legeak aldatzea, eta, beraz, hautagaien hurrenkera bozen emaitzen araberakoa izango da aurrerantzean, erregistro ordenaren araberakoa izan ordez. Proposamena EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk egin dute, eta PP ere batu zaie azkenean. Sumarrek aurka bozkatu du, eta gainerako taldeei lege aldaketarekin «abantaila» lortu nahi izatea egotzi die. Ganberan gutxitan ikusten den aurrez aurreko gogorra eragin du horrek koalizioaren eta sozialisten artean.
Lege aldaketa bikoitza da. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietakoei eragingo die, eta hauteslekuetan eta posta bidezko bidalketetan hautagaitzak agertzeko ordena aldatuko du. Lege aldaketa presazko bidetik egin nahi izan dute haren alde egin duten taldeek, jakinda urtebete pasatxo geratzen dela bozetarako. Eta, hala, ordubete eskasean eztabaidatu eta bozkatu dute osoko bilkuran.
Ikusi gehiago
EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk argudiatu dute lege aldaketak berme juridiko gehiago emango diola hauteskunde sistemari, eta «irizpide objektibo eta homogeneo bat» ezarriko duela hautagaien hurrenkera ezartzeko prozeduran. Aitortu dute, halaber, azken urteetan zabaldu diren «irudi bitxiak» saihestea ere ekarriko duela, alderdi politikoetako ordezkariek erregistroaren sarreran ilara egiten zutelako izena ematen lehenbizikoak izateko; batzuek gaua ere bertan ematen zuten.
Sumar, ordea, oso kritiko azaldu da erabakiarekin, eta kritikatu du irizpidea ez dela «oso demokratikoa». Are, salatu du alderdiek beren «intereserako» aldatu dutela legea, «abantaila» emango dielako. Izan ere, Jon Hernandez legebiltzarkideak adierazi du ordena erabakigarria dela aukera baten edo bestearen alde egiteko garaian. «Zientifikoki egiaztatuta dago hori», esan du, eta erantsi du orain arteko prozedurak ez zuela berme juridiko faltarik. Hori dela eta, «neutroagoa» den formula bat hobesteko eskatu du, zozketa bidez egitea adibidez, «pluraltasunari kalte ez» egiteko.
Aurrez aurreko gogorra
Hernandezen adierazpenak ez dira sozialisten gustukoak izan. «Gezurra» esatea egotzi dio Ekain Ricok Hernandezi, eta legea moldatuta «tranpa» egin nahi dutela ulertaraztea. Haren arabera, ez da onargarria sistema berria «antidemokratikoa» dela esatea, besteak beste formula hori bera erabiltzen delako telebista publikoetan eta Espainiako Senatuan. Are, Sumarreko ordezkariari aurpegiratu dio hurrenkerak ez dituela inoiz arduratu izan: «Ilara asko egin ditut nik. EAJko, EH Bilduko eta PPko ordezkari askorekin kointziditu izan dut; lagunak ere egin gara. Baina zuek ez zaituztet ikusi inoiz».
Hernandezek, haserre, «militantzia» zer den ongi dakiela esan dio Ricori. Eta gogorarazi dio gaitasun eta baliabide gehiago dituztela haiek, alderdi txikiago batzuekin alderatuta. «Inork ez du tranpa egiteaz ezer esan. Proposamen eraikitzaileak aurkeztu ditugu, eta ez dira aintzat hartu ere egin», kritikatu du. Argudio horiekin bat egiten ez duela erantzun dio, ordea, Jon Andoni Atutxa EAJko legebiltzarkideak. Are gehiago, ironia apur batekin gogorarazi dio koalizioari «mesedegarri» ere gerta dakiokeela sistema berria, hurrengo bozetan aitzakia gisa erabili dezakeelako.
Edonola ere, lege aldaketak ez die udal hauteskundeei eragingo, horien eskumena Espainiako Estatuarena delako. Gernikako Estatutua osatzeko falta den eskumenetako bat da, hain zuzen ere, eta Eusko Jaurlaritzak transferentzia egiteko eskaera egina dio Pedro Sanchezen gobernuari. Horiek horrela, litekeena da alderdiek ilarak egiten jarraitu behar izatea, nahiz eta udal eta foru hauteskundeak egun berean egiten diren. Formula berriak Espainiako Gorteetarako bozei ere ez die eragingo.