Herriko bozetarako sukalde lanean

Martxoan izanen diren herriko bozetarako hautagaitzak aurkezten ari dira pixkanaka. Lehia bizia espero da hainbat herritan. Euskal Elkargoan ere izan lezake eragina.

Ekainean aurkeztu zuten Baionako ezkerra biltzeko proiektua. GUILLAUME FAUVEAU
Ekainean aurkeztu zuten Baionako ezkerra biltzeko proiektua. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko azaroaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Heldu den martxoan izanen dira herriko bozak Ipar Euskal Herrian, baina jadanik hasiak dira mugimenduak ezker eta eskuin. Hautagaitzak aurkeztu eta kanpaina egiten hasiak dira herri batzuetan. Martxoaren 15ean izanen da bozen lehen itzulia, eta martxoaren 22an bigarrena. Euskal Hirigune Elkargoa osatu eta lehendakaria izendatzeko garaia iritsiko da ondotik. EH Baik ezkerreko zerrenda zabalak bultzatzeko pario egin zuen 2020an, eta hainbat herriren agintea lortu zuen; horiek atxiki eta gehiago lortzeko anbizioa dute. EAJk gehiengoetan sartzeko pario eginen du berriz. Lehia handia espero da hainbat herritan.

Aldaketa nagusia herri txikietan izanen da. Apirilean bozkatu zuten lege erreformaren ondorioz, mila pertsonatik beherako herrietan ere zerrenda itxiak eta parekideak izan beharko baitira. Horrek goitik behera aldatuko du herri txikietako boz eredua. Baina ohi bezala, gehienbat hiri handienetako lehiak bereganatuko du arreta mediatikoa.

Azken urteetan bezala, Baiona izanen da interes gune nagusietako bat. Lapurdiko hiriburua Ipar Euskal Herriko hiri nagusia da, eta Jean Rene Etxegarai auzapeza Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari ere bada. Ofizialki hala erran ez badu ere, inor gutxik jartzen du zalantzan hauteskunde lehian parte hartuko duenik. Berriki argitu du «eztabaidan parte hartuko duela», eta hautagai izanen dela aditzera eman du, argiki baieztatu gabe. «Nire gehiengoko hautetsiekin aztertu behar dut, eta elkarrekin ikusi beharko dugu ea nor den pertsonarik egokiena gure proiektuak aitzina eramateko. Osasun aldetik ongi nago, eta gogoa badut», erran du Ici Pays Basque irrati publikoan egin dioten elkarrizketan.

2014tik da auzapez, Baionako zentro-eskuina eta eskuin kontserbadorea batu eta beste independente batzuk beregana erakarrita. Martxorako modu bera atxikiko duela dirudi. Duela sei urte bezala, eskuin muturrak ere izanen du zerrenda, Batasun Nazionaleko kide den Pascal Lesselier buru.

Baina ezkerrean izanen da aldaketa nagusia. 2020ko melodramaren ondotik, Baionako ezkerra batzeko pario egin dute heldu den martxorako, iazko Frantziako Asanblearako bozetan arrakasta lortu zuen Fronte Popular Berriaren logika berean. Jean Claude Iriart (EH Bai) eta Colette Capdevielle (PS) izanen ditu buru Baiona Mugimenduan zerrendak, eta NPAtik Plaza Publikoa alderdirainoko batasun zabala irudikatuko du, ezkerra oso-osorik biltzea lortu ez badute ere. Funtsean, frantses nazionalismo jakobino batean kokatzen direnak gelditu dira kanpo. Frantziako Alderdi Komunistak ez parte hartzea erabaki du; Frantzia Intsumisoko sektore bat dinamikaren barne da, baina beste sektore batek zerrenda propioa bultzatzeko borondatea izan lezake.

Argitzeko dago ere Henri Etxetok zer leku hartuko duen. Hura izan da azken urteetan PSko hautagai, eta hura izan da oztopo nagusi ezkerreko indarrak batzeko orduan. Iturri batzuen arabera, harremanak egiten ari da zerrenda bat osatzeko helburuarekin, baina oraindik ez du publikoki bere asmoen berri eman. PS alderdiak ondoko asteetan erabakitzekoa du, Parisen, nori emango dion hauteskundeetako inbestidura. Erabakigarria izanen da Baiona Mugimenduan taldeak eman nahi duen batasun irudiari begira. 

EH Bairen konkista eremuak

2020ko bozetan, abertzaleek bultzatutako ezkerreko zerrenda zabalak sustatzea izan zen EH Bairen apustua leku anitzetan. Lorpen bat baino gehiago izan zuten, horietan deigarrienak Ziburu, Urruña eta Itsasu (Lapurdi). Ahetze ere aipatzekoa da, agintaldi erdian herriko kontseilua berritu baitu. Horiek atxikitzea izanen da ezkerreko abertzaleen erronketako bat —Ziburun eta Urruñan lehia izanen dela aurreikus daiteke—, eta baita berriak lortzea ere; Azkaine daukate begi bistan, besteak beste.

Hauteskunde «garrantzitsuak» direla iritzi dio Xabi Thikoipe EH Baiko arlo instituzionaleko arduradunak, herritarrengandik «hurbilenak» direlako eta «tokian tokiko erronkak» direlako arretagune. Euskara, etxebizitza eta «desmasiak eragiten dituzten proiektuak» jarri nahi dituzte kanpainaren ardatz. Eskuin muturrari aurre egiteko beharra ere azpimarratu du.

Batera berpiztu ondotik, Thikoipek espero du Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionala ere herriko bozen gai garrantzitsua izanen dela. «Hori da gure nahia. Ondoko agintaldia eskema berarekin abiatuko dugu, baina baliatu behar dugun ondoko fasea prestatzeko». Euskal Elkargoan horren aldeko gehiengo bat lortzea desio dute ezkerreko abertzaleek.

Eta elkargoan «rol garrantzitsuagoa» jokatzeko borondatea ere agertu du EH Baiko kideak. Duela sei urte, instituzioaren lehendakaritzarako hautagairik ez aurkeztea erabaki zuten, Etxegarairekin elkarlanean aritzea lehenetsita. Heldu den agintaldirako horri buruzko barne gogoetak abiatuak dituzte, «oraindik ondoriorik» atera ez badute ere. Ez du gorde ezkerreko abertzaleek lortzen dituzten emaitzek eragina izanen dutela erabakian.

Etxelekuren geroa jokoan

Kanbon iraganen den lehiak ere garrantzi berezia izanen du. Marieneko lurren aferak erabat baldintzatu du herriko etxearen agintaldia, eta gutxienez hiru zerrenda aurkeztuko dira printzipioz. Batetik, gehiengoko zerrenda bat, baina bada dudan jartzen duenik Christian Deveze gaur egungo auzapezak eramanen ote duen. Bestetik, ezkerreko abertzaleen Nahi Dugun Herria. Eta, azkenik, Peio Etxeleku IBB Ipar Buru Batzarreko buruak osatu duena.

2020an Devezen zerrendan aurkeztu zen, eta hala lortu zuen Euskal Hirigune Elkargoko hautetsi izatea —tratu hori egin baitzuen Devezen zerrendan sartzeko—. Hala, funtsezkoa da Etxelekurentzat Kanbon irabaztea —edo bigarren itzulirako aliantza negoziatzean elkargorako postua jokatzea—. Azken urteetan, EAJk Ipar Euskal Herrian izan duen hautetsi garrantzitsuenetakoa izan da; elkargotik kanpo geldituko balitz, paisaia instituzionaletik desagertuko litzateke. Haatik, Kanboko auzapez izatera iritsiko balitz, elkargoko lehendakaritza lehiatzeko nahia ere izan lezake.

Urri bukaeran agerraldia egin zuen EAJk herriko bozei buruz. Ez zuten argitu zein herritan aurkezteko asmoa duten, baina adierazi zuten aurreikusi dutela oro har gehiengoaren zerrendetan parte hartzea. «Gehiengoaren zerrendetan izan nahi dugu, zinezko eragina ukan dezagun erabaki publikoetan. Koalizioan egiten diren listetan parte hartuko dugu, kontsentsua lortzeko asmoz», adierazi zuen orduan Etxelekuk.

Gaur-gaurkoz, Maider Arostegirekin Miarritzen (Lapurdi) lortu duten akordioa ezagutarazi dute. LR eskuin kontserbadoreko auzapezak EAJko hiru kide integratuko ditu bere zerrendan. Urri hasieran, mahai ingurua antolatu zuten Miarritzen, Etxeleku, Arostegi eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin. Etxeleku eta Arostegi ahots berarekin mintzatu ziren Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionalari buruz, Euskal Elkargoa gainditu eta instituzio handinahiago batera pasatzeko «goiz» zela adierazita.

Eskuin muturraren mamua

2024ko Europarako eta Frantziako Asanblearako bozetan boto kopuru handia eskuratu zuen eskuin muturrak Ipar Euskal Herrian. Ikusteko dago herriko bozetan ere hein bereko eragina izanen ote duten, baina ezbairik gabe presente izanen da eskuin muturraren mamua. Gaur-gaurkoz, Baionan eta Miarritzen izanen ditu zerrenda deklaratuak Batasun Nazionalak. Baina posible da argiki identifikatu gabeko zerrenda batzuk ere izatea, eskuin muturreko ideien inguruan bilduak. Ikusi beharko da ere, zer heinetaraino eragiten duen eskuineko hautagaien diskurtsoan eta proposamenetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.