Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gaur Gasteizko Mendizabala zentroan eman dio hasiera Lanbide Heziketako ikasturteari. Imanol Pradales lehendakaria han izan da. Goresmenez hitz egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako zentroek duten eskaintzaz: «Txapeldunen Ligaren parekoa» dela esan du. Hezkuntza sistemaren gaineko itzalak ere hizpide izan ditu, hala ere. Lehengo astean PISA nazioarteko probaren azken emaitzak argitaratu zituzten, eta berretsi zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zentroetako ikasleek irakurketan, zientzian eta matematiketan behera segitzen dutela: gero eta datu apalagoak dituzte. Propio ikerketa hori aipatu gabe ere, gaur Pradalesek Mendizabala zentroan egin duen hitzaldian esan du hezkuntza emaitzak hobetzeko «ardura partekatua, autokritika eta autoestimua» behar direla. Agerraldian Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosarekin izan da lehendakaria.
Gainerakoan, gaurko ekitaldia, bereziki, abiatu berri den ikasturtearen ezaugarriak eta berritasunak aurkezteko baliatu dute. Hezkuntza Sailak jakinarazi du aurreko ikasturtean baino 7.920 leku gehiago eskainiko dituela ikasturte honetan Lanbide Heziketako eskoletan: 74.963 guztira. 51.785 ikaslek eman dute orain arte izena, baina gehiago izango direla uste dute, matrikulazio epea urriaren 16ra arte egongo baita zabalik. Epea amaitutakoan, 55.000 ikasle inguru izatea espero dute hezkuntza arduradunek.
Berritasunen artean, ikasturte honetan martxan jarriko dituzten bi gradu bikoitzak nabarmendu dituzte: Galdakaoko Ostalaritza eskolan, Sukaldaritza Zuzendaritzako eta Sukaldaritza Zerbitzuen Zuzendaritzako tituluak konbinatzen dituen ibilbidea eskaintzen hasi dira, goi mailan. Erdiko mailan, Iurretako zentroan, martxan da Instalazio Elektriko eta Automatikoak eta Telekomunikazio Instalazioak konbinatzeko eskaintza. Eskaintza erdipresentzialak ere gora egingo duela jakinarazi dute: hogei ziklo egin ahal izango dira modu horretan. Era berean, langabeentzako prestakuntza eredu egiaztagarri bat abiarazi dute.
Beste hainbat datu ere nabarmendu ditu Hezkuntza Sailak. Generoari begira, adibidez: «Emakumeen presentziak gora egin du berriz. Gaur egun, ikasleen %35,75 emakumeak dira, eta 2025-2026ko ikasturtean, berriz, %35,22; hau da, ehuneko 0,5 puntuko igoera izan da. Erronka nagusietako bat haiek industria zikloetan sartzea da». Eta ari dira, pixkanaka-pixkanaka: hain justu ere, sektorean emakumeen matrikula %12,49tik %12,85era handitu da. Euskarak eta ingelesak Lanbide Heziketako zentroetan hartzen duten toki gero eta handiagoa ere azpimarratu dute hezkuntza arduradunek: «Hizkuntzaren arloan, eskaintzak aniztasun handiagoa ere badakar. D ereduko matrikulak %7,62 egin du gora, eta ingelesa hizkuntza gehigarri gisa sartzen duten zikloak, berriz, %14,9 igo dira. Gaur egun, 947 ikasle ditugu ziklo eleaniztunetan matrikulatuta».
Datu horiek guztian gogoan hartuta, Lanbide Heziketa «herriaren palanka» dela adierazi du Pradalesek, eta lehiakortasuna, gizarte kohesioa eta integrazioa uztartzen dituen eredutzat jo du, hain justu ere.