Hiru aste eskumenen auzia onbideratzeko

Uztailaren amaieran Sanchezekin biltzeko asmoa duela azaldu du Pradalesek, baina aurrez bideratua utzi nahi du Gernikako Estatutuan jasotako beste eskumen multzo baten transferentzia. Oraingoz, baina, akordiotik urrun dirudite bi aldeek.

Pradales eta Sanchez, martxoan egindako bileran, Madrilen. CHEMA MOYA / EFE
Pradales eta Sanchez, martxoan egindako bileran, Madrilen. CHEMA MOYA / EFE
Iosu Alberdi.
2026ko uztailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zertan jolasten ari da Espainiako Gobernua? Bete beharreko itun bat dago». Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek Gernikako Estatutuan jasotako eskumenen inguruko negoziazioen interpretazio ezkorra egin zuen ostiralean, begirada Gizarte Segurantzari lotutako transferentzietan jarrita. Hain zuzen, eskualdatzeko geratzen diren transferentzien artean, hura eta portuen kudeaketaren ingurukoak dira eztabaidarako gai nagusiak, eta bi auzietan agerikoak dira jeltzaleen eta sozialisten arteko desadostasunak.

Pradales bera martxoan bildu zen azkenekoz Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuarekin, zazpi transferentziaren eskualdaketa —tartean aireportuen kudeaketan parte hartzea— itxitzat jotzeko. Eta lehendakariak berak asmoa azaldu zuen uztailaren amaieran aldebiko batzordearen beste bilera bat egiteko, hurrengo eskumen multzoa ere bideratzeko. Hartan, baina, «azken pausoa» eman nahi du Pradalesek, eta, horretarako, ezinbestean, bi gobernuen arteko elkarrizketetan azeleragailua zapaldu beharko dute datozen egun eta asteetan. Izan ere, azken adierazpenetan, lehendakaria kexu azaldu da Madrilek ez duelako bete martxoan adostutakoa. Hala, Jaurlaritzak inpresioa du «frontoi batekin» ari direla negoziatzen, eta Pradalesek «onartezintzat» eta «errespetu faltatzat» jo du egoera.

Jaurlaritzak eta, zehatzago, gobernu hartan diren ordezkari jeltzaleek badituzte ezinegona adierazteko arrazoiak. Sanchezen inbestidurari bide emateko EAJk eta PSOEk sinatutako akordioaren arabera, Gernikako Estatutuan jasotako eskumenak «bi urteko epe luzaezin batean» igaro behar ziren Eusko Jaurlaritzaren eskuetara; akordio hura 2023ko azaroan sinatu zuten. Beraz, atzerapena urte erditik gorakoa da jada, eta ez da izan korapilo nagusiak egun gutxian askatzeko adinako mugimendurik.

Izan ere, Pradalesek egindako adierazpenak ez dira ezerezetik iritsi. Egoera bideratzeko asmoz, hilabetea Madrilen hasi zuen Maria Ubarretxena Autogobernu sailburuak: Gizarte Segurantzako Ministerioko eta Lan Ministerioko ordezkariekin bildu zen asteazkenean; PSOEren esku dago lehena, eta Sumarrek zuzentzen du bigarrena. Badira hilabete dezente auziaren gaineko negoziazioak martxan dituztela, baina ez dirudi ministerio haietako ordezkariak Jaurlaritzaren planteamenduak onartzeko prest daudenik. Pradalesek soilik ez, hala iradoki du PSE-EEk berak ere. Jeltzaleek Eusko Jaurlaritzan duten bazkideak sare sozialen bitartez erantzun baitzien lehendakariaren esanei, eta ez horiek babesteko. Kontrara, sozialistek adierazi zuten eurak parte diren gobernuaren planteamenduak «Euskadi porrot egoera batetara» eramango lukeela, eta esan akordioa eginez gero «kutxa bakarra» delakoaren etorkizuna bermatu beharko lukeela.

Eta desadostasun gehiago ere badira. Maiatz bukaeran, EH Bilduk Pasaiako portuaren titulartasuna Jaurlaritzaren esku uztearen aldeko mozio bat aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, eta gobernuko bazkideek banaketa eragotzi zuten negoziatzen jarraitzearen aldeko zuzenketa baten bitartez. Halere, bien arteko aldeak agerian geratu ziren portuaren interes orokorreko izendapena dela medio, sozialistek ez baitute nahi hura indargabetzea. 

Hura da negoziazio mahaian dauden beste auzietako bat. Beste batzuk dira udal hauteskundeen erregimena, enpresa txikientzako laguntzak, kreditu ofizialak...

Eta estatusa?

Gernikako Estatutuaren osaerarako ez ezik, uztailak funtsezkoa izan behar du etorkizuneko autogobernuaren norabidea finkatzeko ere, edo hala espero zen behintzat. Pradalesek irailean iragarri zuen auzi horren inguruan aritzeko bilera sorta bat egiteko asmoa zuela urte politikoaren amaieran. Lehenik, ekainerako planteatu zuen, eta gero uztailera atzeratu zuen hura gauzatzeko aukera. EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren eta PSOEren arteko negoziazio «diskretuek» bere horretan jarraitzen dute, ordea, eta ez da plazaratu auziaren inguruko berririk. Izatez, estatusaren inguruko eztabaidak agendan leku nabarmena hartu zuen azken aldia zera izan zen, sozialistek Aitor Esteban igerilekura bota zutenekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA