'Imajinatu libre' abestia aurkeztu du Gure Esku-k, ekainaren 7ko mobilizazioaren soinu banda izateko xedez

Gozategi taldeak sortu du abestia, eta Xabier Sukiak jarri dizkio hitzak. Alaitz eta Maiderrek eta Sua Enparantzak ere parte hartu dute grabaketan.

maxresdefault
Bideoklipeko irudi bat. GURE ESKU
Iosu Alberdi.
2025eko maiatzaren 26a
12:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Imajinatu libre abestia kaleratu du Gure Esku-k, ekainaren 7rako deitu duen mobilizaziora begira. Bilboko kaleak aldarrikapen eta festa giroan bete nahi ditu plataformak, eta gaur aurkeztutakoa «kalejira erraldoi» horren soinu banda izatea nahi dute. «Euskal Herriko jaiak eta gure kultura oinarri hartuta sortutako abestia da», adierazi du plataformak. Gozategi taldeak sortu du kantua, eta haren grabaketa lanetan parte hartu dute Alaitz eta Maiderrek eta Sua Enparantzak. Hitzak, berriz, Xabier Sukiarenak dira.

Gure Esku-k Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean egingo du ekaineko mobilizazioa, eta, horren bidez, «ziklo politiko berri baten hasiera» irudikatu nahi du. Izan ere, plataformak uste du «jauzi bat egiteko garaia» dela. «Orain da etorkizun libre bat idazteko ordua; abian gara, eta aitzina goaz», zehaztu zuten azaroan egindako aurkezpenean.

Ordutik, hainbat atxikimendu jaso dituzte. Aurreko astean, mobilizazioarekin bat egin zuten ELA, LAB, Steilas, EHNE, Hiru eta Etxalde sindikatuek. Aurrez, euskalgintzako eta kulturgintzako 144 eragilek ere manifestu bat babestu zuten norabide berean: «Bada garaia euskara Euskal Herri osoan aitortua izateko, hizkuntza ofizial gisa, eta dagozkion eskubide guztiak kontuan hartuta».

Herritarrak mobilizatzeko beste urrats batzuk ere egin dituzte azkenaldian. Atzo bertan, Larhun mendian, Nafarroa eta Lapurdi arteko mugan, ikurrin handi bat jarri zuten. Dozenaka lagunek egin zuten tontorrerako bidea, Euskal Herria zazpi lurraldek osatutako nazioa dela eta erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatzeko.

Larunbat honetan, berriz, konferentzia subiranista egingo dute, Irungo Ficoban (Gipuzkoa). Nazioarteko egoerari, euskal lurraldeetako erabakitze ahalmenari eta ahalmen horiek zabaltzeko aukerei buruzko gogoeta egingo dute, hainbat adituren laguntzarekin.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.