Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek iragarri du bere gobernua txosten bat egiten ari dela Espainiako Gobernuak «sinatu eta bete gabe utzi dituen akordioen inguruan». Gasteizko gobernuak txosten hori baliatuko du aurrerantzean Madrilek gainditu beharko duen azterketarako. Izan ere, Jaurlaritzak Pedro Sanchezen gobernuaren «benetako borondatea» egiaztatuko du martxan den urte politikoan. Berez, Sanchezen inbestidurarako akordioan jasota dago Gernikako Estatutuak bere osoan beterik behar zuela 2025. urtea amaitu baino lehen. Ez da bete, baina Jaurlaritzak negoziatzen jarraitu nahi du, baita epez kanpo ere, Pradalesek iragarritako txostenaren ekinaldiak islatzen duenez.
Jaurlaritzako lehendakariak pozik hartu du uztailean adostu zituzten bost transferentzien lokarria askatu izana eta gaur Transferentzien Batzorde Mistoa egitea Madrilen, azkenerako, baina abisu argia eman dio Sanchezi: Gernikako Estatutua «ez da alda daitekeen txanpon bat, ezta bizirauteko baliabide bat ere». Sanchezen gobernuak legealdian aurrera egiteko dituen arazoei erreparatu die hala Pradalesek, garbi utzita Espainiako presidentea transferentziak baliatzen ari dela nolabait EAJren babesa bermatzeko Madrilen. Bada, dagoeneko «negoziazio fase berri bat» zabaldu dela helarazi du Pradalesek.
Gasteizko Capital Foroan egindako adierazpen batzuetan, Jaurlaritzako lehendakariak aldarrikatu du Gernikako Estatutuak ordezkatzen duela «Euskal Herriak bere etxea gobernatzeko duen gaitasuna eta herritarren borondatea gaitasun politiko guztiak edukitzeko, Euskadik behar dituen eraldaketa guztiei aurre egiteko». Pradalesek azaldu du nola jarri zen indarrean Estatutua 1979an, eta herritarren babesa jaso zuela. Hori dela eta, «ez da emandako zerbait», gogoratu du lehendakariak, «bitariko akordio bat baizik, negoziazio baten ondotik lortua eta herriak erreferendum batean babestua». Horregatik, garbi utzi du itun politikoa dela, eta ezin dela «aldebakarrez beste modu batean interpretatu, ezta haren funtsa aldatu ere».
«Ezin dugu horrela jarraitu»
Gaur, Madrilen eskualdatzen ari diren bost edukien artean gizarte segurantzari ere eragiten diotenak daude. Pradalesek erantsi du «bakarrik Gernikako Estatutuak» jasotzen dituela gizarte segurantzari lotutako eskuduntzak. «Gai hori eta Kontzertu Ekonomikoa gure foruaren funtsean daude».
Edonola ere, Pradalesen arabera, gaurko Transferentzien Batzorde Mistoa «berandu» iritsi da, eta «erresistentzia politikoak eta administratiboak» gainditu ondoren. Lehendakariaren kezka agerikoa da: «Azken minutuan salbatu da batzarra. Ezin dugu horrela jarraitu. Orain, ekimena hartuko dugu berriro, eta negoziazio fase berri bat irekiko dugu».
«Azken minutuan salbatu da batzarra. Ezin dugu horrela jarraitu. Orain, ekimena hartuko dugu berriro, eta negoziazio fase berri bat irekiko dugu»
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Izan ere, Gasteizko exekutiboak martxan jarri du Madrilgo gobernuak bete ez dituen akordioen inguruko txostena. «Oso argi esango dut: bitariko errebalida bat da hori, eta funtsezkoa izango da Espainiako Gobernuaren borondate politikoa benetakoa den egiaztatzeko, martxan dagoen urte politiko honetan». Azken urtean, hamar transferentzia utzi ditu Espainiako Gobernuak Jaurlaritzaren esku, baina urriaz geroztik Madrilek beste hamar transferentzia egiteko proposamena dauka mahai gainean, EAEko lehendakariak zehaztu duenez.
«Hau berdinen arteko itun politiko bat da, eta ezin da izan alda daitekeen txanpon bat, ezta bizirauteko baliabide bat ere. Estatutuari bere funtsa kentzea ezin da onartu. Euskaldunok ez dugu onartuko jatorrizko araua aldatzea, itun politikoaren espiritua eta letra». Pradalesen hitzen atzean ezinegon handia sumatzen da Sanchezen jarrera dela eta. Haren aurretik, ordea, historikoki negoziaziorako txanpon gisa baliatu dituzte transferentziak Espainian egon diren presidente guztiek, EAJren babesa bilatu dutenean Madrilgo Kongresuan.
Andueza: PSEri esker izan da
EAJren Eusko Jaurlaritzako bazkide PSE-EEk ere Transferentzien Batzorde Mistoaren «arrakastaz» aritu nahi izan du gaur. Eneko Andueza idazkari nagusiak ahoan bilorik gabe ziurtatu du negoziazioetan PSE-EEren ekarpena egon izan ez balitz ez zela lortuko gaur gauzatu den ituna. «Mikel Torres lehendakariordea aipatu nahi dut. Haren parte hartzea gabe, azken hilabeteetan eta zehazki azken orduetan, akordioa hau ez zen egingo. Azken asteotan, PSE kalkulu politikoari begiratu gabe gabe aritu da, interes orokorrari lehentasuna emanda».
Edonola ere, Andueza «oso pozik» dago Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean konponbidea aurkitu dutelako uztailean sinatutako bost transferentziak egin daitezen. «Zarataren gainetik egin dugu, nazionalismoak errealitatearen irudi aldatua emateko, modu artifizialean eragiten duen tentsioaren gainetik. Transferentzia horiek dira sozialistok beti erakutsi dugun borondatearen emaitza. Zeren eta guk beti defendatu dugu Gernikako Estatutua osorik bete behar dela; Espainiako Gobernuan eta Eusko Jaurlaritzan egon garenean beti aurreratu dugu. Hori argi asko frogatu daiteke».