Euskarak beste pizkunde bat behar du, eta, horretarako, funtsezkoa da «euskara lehen lerrora ekartzea, euskaltzaletasuna indartzea». Ortzi muga hori izanda aritu da Euskalgintzaren Kontseilua azken hilabeteetan, eta Euskararen Egunaren harira landutako adierazpen bateratuan, bide horretan sakontzera deitu du. Ildo horretan, ezinbestekotzat jo du «indar politikoak eta instituzioak euskaltzaletasunera lerratzea» eta hizkuntza politiketan «jauzi bat egitea». Eta lan horretan «erakundeen lagun eta kide izateko prest» agertu da: «Elkarlanerako besoak zabalik».
Agerraldi jendetsua egin du Kontseiluak gaur, Euskararen Egunaren bezperan, Bilbo Arenaren alboan; hain justu, abenduaren 27an «pizkundearen lehen txinparta» hartuko duen aretoa atzean zuela irakurri du adierazpena Idurre Eskisabel idazkari nagusiak. Eta ondo babestuta egon da, harekin izan baitira euskalgintzako eragile ugari, hala nola Elkar, AEK, BERRIA, EHE, Eusko Ikaskuntza, UEU, Emun, Bertsozale Elkartea, Bilboko Konpartsak, Ikastolen Elkartea...
Iazko Euskararen Egunean, euskara eta euskal hiztun komunitatea «hizkuntza larrialdian» zela adierazi zuen Euskalgintzaren Kontseiluak. Justu aste batzuk lehenago igorritako mezua ekarri zuen gogora, horixe bera ohartarazi baitzuen iazko azaroaren 9an, Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sare ELENek Bilbon egindako bilkuran. Aurten mezua berretsi egin du. Izan ere, euskararen osasunak ez du hobera egin, eta okerrera egiten ari delako zantzu batzuk ere agertu dira azken hilabeteotan: 2036rako arnasgune geografikoak desagertzeko arriskuaz ohartarazi duen ikerlana, hizkuntza eskakizunen aurkako epaiak «astean behin»... «Ofizialtasunaren eraisketa sistematiko bat gertatzen ari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ez da dudarik, etorkizuna dago jokoan», esan du Eskisabelek.
Larrialdia indarraldi bihurtzera
Baina ohartarazpen hori egiteaz gain, konpromiso bat ere hartu zuen Kontseiluak iaz: «Larrialdia indarraldi bihurtzea». Horretan aritu da; besteak beste, euskararen normalizazioan jauzia ematearen aldeko adostasun soziala zabaltzen, Batuz Aldatu prozesuaren bidez: irailean aurkeztu zuen Itun soziopolitiko berrirako eskaintza, 130 gizarte eragilek baino gehiagok babestuta. Bi gako identifikatu zituen Kontseiluak: «Batetik, etorkizunean herritar denek euskararen jabe izango diren gizarte baterako zumeak jartzea; bestetik, erabileran eragina izatea, euskara normal erabiltzeko eremuak sortuz, garatuz eta hedatuz».
Era berean, hizkuntza larrialdia indarraldi bihurtzeko bidean, «euskaltzaletasunaren giharra indartzeko» premia ikusten du Kontseiluak, eta, ildo horretan, euskaltzaletasuna bera aldarrikatu du. Eskisabelek gogora ekarri du iraganean, euskararen etorkizuna jokoan izan denean, euskaltzaletasunak eta euskaltzaleek eragin dutela pizkundea: «Milaka herritarren eguneroko erabaki, ekintza eta keinuek. Euskaltzaletasunak ekarri du euskara bizirik gaurdaino. Euskaltzaletasuna itxaropena baita. Mundua ikusteko modu bat. Jarrera supremazisten aurkako hesi bat. Mundua hain aldrebes dabilen garaiotan, euskara dugu guk munduaren alde».
«Euskaltzaletasunak ekarri du euskara bizirik gaurdaino. Euskaltzaletasuna itxaropena baita. Mundua ikusteko modu bat»
IDURRE ESKISABEL Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia
Gizarte eragileak euskaltzaletasuna indartzeko lanean ikusten ditu Kontseiluak. Hala, lan horrekin bat egitera deitu ditu erakunde publikoak: «Ezinbestekoa da indar politikoek eta, bereziki, instituzioek beren erantzukizun eta eragin gaitasunetik euskara lehen lerrora ekartzea eta euskaltzaletasunera lerratzea. Euskara larrialdian dago, eta hizkuntza politiketan jauzi bat egitea ezinbestekoa da etorkizuna bermatzeko. Luzamendurik gabe. Itxaropena jorratzeko garaia da, baina ez itxarotekoa. Jauzia orain behar dugu, berandu izan ez dadin».
Elkarlanerako deia ere egin du Kontseiluak, euskalgintza prest baita erakundeen alboan aritzeko. Azken hamarkadetan egindako lanari jarraikiz, Eskisabelek nabarmendu duenez: «Sarritan borondatezko ekimenez, sarritan baldintza prekarioetan, baina beti itxaropena eta euskararekiko eta gizartearekiko konpromisoa ipar. Euskarari etorkizuna emateko ezinbestekoak dira euskalgintzak metatutako ezagutza, giza kapitala eta konpromisoa. Eta, jakina, euskalgintzako eragileei horren aitortza egitea».
Pizkundera begira
Bihar, Euskararen Eguna, euskararen pizkunde berrira begira jarri nahi du Kontseiluak. Besteak beste, Bilbon Guka mugimenduak Erdalduntze makina gelditu! lelopean antolatu duen manifestazioan parte hartzeko eskatu die Eskisabelek hiriburuko euskaltzaleei. Eta biharko egunaren ostean, abenduaren 27ra begira jarri nahi du: egun horretan «pizkundearen lehen txinparta» piztu nahi du Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbo Arenan, 17:00etatik aurrera; Pizkundea.eus atarian eskura daitezke sarrerak. «Batu gaitezen bertan euskaltzaleok, hizkuntza berdintasunean, askatasunean eta justizia sozialean sinesten dugun herritarrok. Eta, jakina, euskarari etorkizun bizi eta oparo bat eman nahi diogun guztiok».