Gizartearen inplikazioan jarriko dute arreta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzioek aurtengo Azaroaren 25ean. Emakundek, hiru foru aldundiek eta Eudelek Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguneko kanpaina aurkeztu dute gaur Lehendakaritzaren egoitzan, eta kanpainarako aukeratu duten leloak ongi laburbiltzen du gizarteari ardura hartzeko dei hori: Ez da zure arazoa soilik, gurea ere bada. «Gizarteari gogorarazi nahi diogu emakumeen aurkako indarkeria ez dela indarkeria pairatzen duten emakumeen arazoa soilik, gizarte osoarena baizik», azpimarratu du Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak. Hori horrela, gizartea aktibatzera eta indarkeria matxista jasaten duten emakumeen inguruan «sareak eta komunitatea» sortzera deituko dute kanpainaren bitartez.
Gaur hasi eta Azaroaren 25era arte martxan izango da kanpaina telebistan, irratian, prentsa idatzian, sare sozialetan eta publizitate euskarrietan. Kanpainarako erabiliko duten irudiak indarkeria matxistaren biktima bat babesten duen pertsona talde bat irudikatzen du, bortxa matxistaren «normalizazioa» saihesteko gizarte osoa aktibatu behar dela aldarrikatzeko. Andrazkoei «babesa eta laguntza» ematen dion komunitate baten indarra bistaratu nahi duela azaldu du Elgarrestak: «Gizarte oso bat da emakume baten inguruan, hura lagunduz, entzunez, ulertuz eta sinistuz». Askotan ezkutuan egoten den indarkeria azaleratzea, indarkeria matxistaren normalizazioa saihestea eta indarkeria jasaten duten emakumeen alboan egotea zein garrantzitsua den azaleratu nahi izan dute hala.
«Pilota gizartearen teilatuan dago, eta gizarteak erantzun, lagundu, ulertu, artatu egin behar du, sentitu behar du indarkeria ez dela emakume batzuen arazo pertsonala, arazo soziala dela»
MIREN ELGARRESTA Emakundeko zuzendaria
Emakumeen aurkako indarkeriari eta pertsonen arteko beste indarkeria mota batzuei buruzko inkestaren datuak gogora ekarri dituzte gaurko agerraldian. Azterlan horren arabera, EAEn bizi diren 16 eta 85 urte bitarteko emakumeen %48,2k noizbait pairatu du indarkeria motaren bat bikote harremanaren barruan edo bikote harremanetik kanpo; eta salaketak kasuen %15 baino ez badira ere, hamar emakumetik zortzik lagunei, senideei edo inguru hurbilari kontatu diete inoiz indarkeria matxista jasan dutela. «Horregatik da hain garrantzitsua gizarte aktibo eta kontzientziatu bat izatea», nabarmendu du Emakundeko zuzendariak.
Emakumeentzat indarkeria matxistari aurre egitea oso zaila izaten da, eta hargatik da ezinbesteko gizartearen babes sarea, instituzioek nabarmendu dutenez. «Pilota gizartearen teilatuan dago, eta gizarteak erantzun, lagundu, ulertu, artatu egin behar du, sentitu behar du indarkeria ez dela emakume batzuen arazo pertsonala, arazo soziala dela».
«Auzokoen arteko loturak, lagunak eta inguru hurbila dira lehen babes-ezkutua: seinaleak antzeman ditzakete, eta indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntza eskaini»
ESTHER APRAIZ Eudeleko presidentea
Babes sare horren beharra nabarmendu dute Eudeleko presidenteak eta hiru foru aldundietako berdintasun zuzendariek ere. Esther Apraiz Eudeleko presidenteak azaldu du udalak «funtsezkoak» direla indarkeria matxistaren aurka mobilizatzen diren komunitateak gidatzeko eta biktimei arreta emateko. «Auzokoen arteko loturak, lagunak eta inguru hurbila dira lehen babes ezkutua: seinaleak antzeman ditzakete, eta indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntza eskaini».
Sare komunitarioak indartu eta «ingurune seguruak» sortzeko beharraz mintzatu da Iñaki Gurtubai Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako diputatua: «Entzunak eta babestuak sentitzeko eremuak sustatu behar ditugu, eta, horretarako, funtsezkoa da erantzukidetasun soziala». Trinidad L. Vicente Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, berriz, ohartarazi du indarkeria matxista «normalizatu» eta «ikusezin» egiten duen gizartea «gizarte okerragoa» dela. Bortxa matxistak esparru guztiak zeharkatzen dituen heinean «gizarteak osorik» erantzun behar duela erantsi du Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak.
Nafarroako Gobernuaren kanpaina
Nafarroako Gobernuak ere Azaroaren 25eko egunari begira ondutako kanpainaren berri eman du: Egunerokoan ere ezkutatzen da indarkeria. Ikusaraz dezagun leloa du, eta «indarkeria ezkutukoak eta sotilak» deiturikoak salatzea du helburu. Felix Taberna lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariak esplikatu duenez, gizarteak larritzat jotzen ez dituen bortxak bistaratu nahi dituzte, «generoan oinarritutako kontrol, gutxiespen edo diskriminazio moduak sortzen dituztelako».
Normalizatutako indarkeria ohikoenen artean daude indarkeria psikologikoa, ekonomikoa eta sinbolikoa, eta azken horrek, batez ere, emakumeen gorputzarekin eta estereotipo sexistekin du lotura. «Eguneroko eraso horien ondorioz, emakume askok manipulazioa jasaten dute, eta autoestimua eta autonomia galdu; horrek, batzuetan, indarkeria modu larriagoak ekar ditzake».

Tabernak azaldu duenez, Azaroaren 25eko kanpainaren xedea da gizartea kontzientziatzea sozialki justifikatutako portaeren, jarreren eta diskurtsoen inguruan; izan ere, askotan, konturatu gabe gertatzen dira, baina indarkeria matxistaren mota esplizituagoak eta larriagoak legitimatzeko «haztegi» dira. Hori hala, Nafarroako Gobernuaren nahia da egunero entzuten, ikusten edo egiten denaren inguruan gogoetatzea, sotilagoa den bortxa matxistak errazago detektatzeko eta horiek «naturalizatzea» eragozteko.
«Eguneroko eraso horien ondorioz, emakume askok manipulazioa jasaten dute, eta autoestimua eta autonomia galdu; horrek, batzuetan, indarkeria modu larriagoak ekar ditzake»
FELIX TABERNA Nafarroako Gobernuko Berdintasun kontseilaria
Kanpainan, herritar anonimoen aurpegiak ageri dira, begiak emakumeen aurkako indarkeria inplikatzen duten mezuekin estalita. Emakumeen gorputzari edo jarrerei buruzko aipamenak edo emakume askok eraso matxistak saihesteko erabiltzen dituzten autozentsurako mezuak ageri dira: «Horrela janzten bada, ez dadila kexatu»; «Isilik geratzen banaiz edo kontra egiten ez badiot, lasaitu eta gelditu egiten da»; eta «Piropo bat besterik ez zen, ez dago zertan esajeratu», besteak beste.