Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales Madrilen izan da gaur, Pedro Sanchezen hitzak oraindik baliorik ote duen neurtu asmoz. Moncloa jauregian elkartu dira bi agintariak, eta aurrez aurre aztertu zuten autogobernuan sakontzeko eta eskumen gehiago eskualdatzeko aukerarik baden. Ordubete pasatxoko bileraren ondoren, ondorioa baiezkoa da, eta horren erakusgarri da Gernikako Estatutua osatzeko falta diren transferentziak egiteko epea luzatu izana: apirilera arte luzatzea adostu dute.
Urte eta erdian bi gobernuburuek egin duten seigarren bilera izan da gaurkoa. Ez zen nolanahiko batzarra izan, halere: azken asteetan bi aldeen arteko soka muturreraino tenkatu ondotik, giroa baretzeko eta zubiei eusteko helburuz elkartu dira bi agintariak. Akordioetara iristerako itxaropenez elkartu dira, baina bi aldeetako batek emandako hitza ez duela bete ezkutatu gabe. Hori bera gogorarazi dio lehendakariak Espainiako Gobernuko presidenteari, hain zuzen ere.
«Adostutako konpromisoak ez dira osorik bete, eta nire kezka adierazi diot Sanchez presidenteari. Izan ere, desafekzio politikoaren garai hauetan, gure betebeharra da emandako hitzari eta adostu ditugun dokumentuei leialak izatea», adierazi du.
Pradalesek esana zuen gaurko bilera azterketa moduko bat izango zela Sanchezentzat: «errebalida bat». Eta irakasleak ikasleari nola, lehendakariak puntuz puntu zerrendatu dizkio EAJk eta PSOEk sinatutako itunean beteta beharko luketen baina bete gabe dauden puntuak. Jaurlaritzak egindako txosten bat eman dio presidenteari, azken hemezortzi hilabeteetan bi gobernuen arteko akordioen betetze mailari buruzkoa. Analisi «zorrotza» egin zuela azpimarratu du lehendakariak, eta hiru ondorio nagusi nabarmendu ditu.
«Adostutako konpromisoak ez dira osorik bete, eta nire kezka adierazi diot Sanchezi. Izan ere, desafekzio politikoaren garai hauetan, gure betebeharra da emandako hitzari eta adostutakoari leialak izatea»
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Lehena kuantitatiboa da: gehiago dira bete direnak bete ez direnak baino. Lehendakariak ontzat jo du 1979ko autonomia estatutuan jasotako hamar eskumen Jaurlaritzaren esku utzi izana; zerga eta finantza gaietan 34 hitzarmen egin izana; eta azpiegituretan, migrazioaren alorrean, energiari lotutako gaietan edo makroeskualdeari dagokionez «aurrerapausoak» lortu izana. «Euskal herritarren ongizatea hobetzen laguntzen dute eta, era berean, nazio gisa garatzeko ekarpena egiten digute», adierazi du.
Txanponaren ifrentzua azaldu du gero, ordea: kualitatiboa. Azpimarratu du Madrilek bete ez dituen puntuak «funtsezkoak» direla, eta ohartarazi du bere gobernuak ez diela horiei uko egingo. Pradalesek ez ditu hitzez adierazi, baina, Gizarte Segurantzari dagokien eskumenez, aireportuen eta portuen kudeaketari lotutakoez ari zen.
Zerrenda horretan sartu ditu, halaber, «autogobernu ekonomikoari» lotutako gaiak ere. Izan ere, EAEko erakundeek nazioarteko foro ekonomikoetan parte hartzeko aukera izatea hitzartu bazuten ere, gaur-gaurkoz ez dago halakorik bermatuta. Migrazioari, euskarari eta segurtasunari lotuta hitzartutako beste puntu batzuk ere ez direla bete gogorarazi du lehendakariak, hirugarren ondorio gisa.

Horiek horrela, eta Espainiako Gobernuak adostutako bide orria garatzen jarraitzeko borondatea duela egiaztatu ondoren, Sanchezi apirilera arteko luzapena ematea erabaki du Jaurlaritzak. Zehazki zera adostu zuten bi agintariek: Aste Santua baino lehen bi bilera egitea, Lankidetzarako Aldebiko Batzordearena bata —bi gobernuek sei hilabetean behin egiten dutena— eta Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoarena bestea.
Migrazioa eta segurtasuna
Aurreneko bilera horretan Gernikako Estatutua osatzeko falta diren eskumenen inguruko «akordioa politikoa» lortu beharko litzateke, Pradalesen arabera. Eta horien artean bereziki azpimarra egin du aireportuen kudeaketarenean. Aldiz, ez du beren-beregi aipatu pentsioen kudeaketarena, nahiz eta portuen kudeaketarekin batera hori den eskualdatzeko falta den eskumenik arantzatsuena. Bigarren bilerari dagokionez, bestalde, funtsezkotzat jo du kupoaren bosturtekoa eguneratzeko negoziazioak hastea.
Gernikako Estatutuan oraindik bete gabe dauden eskumenez harago, beste eskakizun batzuk ere eraman ditu Pradalesek besapean. Horien artean daude, besteak beste, mediku eskasiari aurre egiteko neurriak hartzea; epaile gehiago jartzea, delituak behin eta berriz egiten dituztenei epaiketa azkarrak egiteko; EAE «iparraldeko muga» izendatzea, baliabide gehiago lortzeko Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga igarotzen duten migratzaileei arreta emateko; eta euskara Europako Batasunean ofiziala izateko prozesuari bultzada ematea.
«Bi gobernuak sakonean inplikatu behar dugu eta jarraibide politiko argiak eman gure exekutiboetan. Akordioak ezin dira amildegiaren ertzean adostu»
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Eskakizun horiek lehendik ere eginak zituen Jaurlaritzak, baina erantzunik gabe jarraitzen dute oraingoz. Lehendakariak gogorarazi duenez, Jaurlaritzak migrazioaren alorreko «gaitasun politiko propioak» nahi ditu etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Segurtasunaren arloan, berriz, Ertzaintzak «gaitasun gehiago eta tresna hobeak» izatea, eta haren lankidetza erraztea atzerritarrak kanporatzeko prozeduretan. Bada, horiei buruzko akordioa ere apirileko bilerarako lortzea nahiko luke Pradalesek.
Horretarako, halere, «seriotasuna» galdegin dio Espainiako Gobernuari. Jarritako helburuak bete nahi badira negoziazioetan «zorrotzak» izatea dagokiela gogorarazi dio Sanchezi, eta «hobeto planifikatzea» eskatu dio. Izan ere, Jaurlaritzak ez du nahi berriro azken unean eta presaka negoziatzen ibili nahi. «Bi gobernuak sakonean inplikatu behar dugu eta jarraibide politiko argiak eman gure exekutiboetan. Akordioak ezin dira amildegiaren ertzean adostu». Madrilek bi hilabete izango ditu azterketa gainditzeko.