Jaurlaritzak «beldurrez» sumatzen du Madril, Gizarte Segurantzaren transferentzia dela eta

Ubarretxenak esan duenez, elkarrizketak aurrera doazen heinean, Espainiako Gobernuak kezkak azaleratu ditu. Negoziatzen jarraituko dutela ziurtatu du.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako eleduna, artxiboko argazki batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako eleduna, artxiboko argazki batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2025eko ekainaren 3a
15:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak kezka agertu du Gizarte Segurantzaren eskumenaren transferentzia dela eta. Maria Ubarretxena bozeramaileak adierazi du elkarrizketak bide onetik doazela, eta espero duela urte amaierarako eskualdaketa gauzatzea. Baina, esan duenez, eskualdatzeko une hori gerturatu ahala, Espainiako Gobernuari «beldurra» sumatzen hasi zaio: «Izu-ikararik akaso ez, baina beldur zantzuak ikusten ari gara aurrera goazen heinean».

Nolanahi ere, Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du atea ez dagoela itxita, eta negoziatzen jarraituko dutela. Gaia «delikatua» dela aitortu du, urte askoan «tabua» izan delako. Bada, elkarrizketak «modu diskretuan» egitearen garrantzia azpimarratu du. Akordioa lortzeko itxaropena agertu du, hala ere.

Horrez gain, gogoratu du aurreko ostiralean itxi zutela meteorologiaren eta lan baimenen eskumenen transferentziak. Akordio politikoa martxoan lortu zuten bi aldeek, baina joan den asteko bitariko bileran gauzatu zuten eskualdaketa, transferentzien kostu ekonomikoa eta Jaurlaritzaren menpe geratuko diren langile kopurua zehaztu ostean.

Halaber, iragarri du Donostiako Villa Etxaide Borda eraikina Jaurlaritzaren esku geratuko dela aurrerantzean, Madrilekin hala adostu ondoren. «Eskualdaketa hauek eginda, Euskadik kudeaketa tresna berriak eskuratuko ditu, erabakitzeko ahalmena eta autonomia irabaziko ditu, eta, beraz, autogobernuan irabaziko du», nabarmendu du Ubarretxenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.