Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak gaurko bilkuran onartu du Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea berritzea. Polizia Legearen azken erreformaren berritasun nagusietako bat izan zen batzorde hori sortzea; haren funtzioa da ikertzea poliziek edo ertzainek eskubide urraketarik egin ote duten. 2021eko urtarrilean eratu zen, eta, ordutik bost urte igaro direnez, hura osatzen duten kideak aldatuko dituzte orain. Aurrerantzean, hauek osatuko dute taldea: Enrique Lucas Murillo de la Cuevak, Nieves Martinez de Antoñanak, Marta Aldanondo Garaizabalek, Santiago Ron Kruzelegik eta Jose Antonio Gonzalez Saizek. Horiekin batera, batzordean jarraituko du Jose Julio Gonzalez Zamanillok.Â
Arreta eman du Gonzalez Saizen izendapenak. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko magistratua da, Administrazioarekiko Auzien Aretoko Hirugarren Atalaren burua. Hain justu, hark galdetu dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalari ea Enplegu Publikoaren Legean hizkuntza eskakizunak derrigorrezkotzat jotzeak konstituzioa betetzen duen. Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Autogobernu sailburuak eta Ibone Bengoetxea lehendakariordeak agerraldi bat egin zuten propio erabaki hori kritikatzeko.
Orain, batzordeak berak hautatuko du, osoko bilkuran, zein kide izango den batzordeburua. Izendapen horiek urtarrilaren 14an argitaratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko aldizkari ofizialean, eta orduan sartuko dira indarrean.Â
Kargua utzi dutenak Javier Hernaez, Estefania Okariz, Jose Antonio Nieto eta Miren Ortubai dira. Gainera, Juan Luis Ibarrak, batzordeko presidenteak, uko egina zion batzordeburu karguari, eta Euskadiko Segurtasun Publikoko Kontseiluak ukoa onartu zuen abenduaren 10eko bileran.
Hain justu, batzordeak azaroaren 17an aurkeztu zuen 2023ko eta 2024ko ekitaldiei buruzko txostena, Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza eta Segurtasun Batzordean, eta, besteak beste, kexu agertu zen eskura dituen baliabideak «oso mugatuak» direla eta. Batzorde horren helburua da «Ertzaintza edo Udaltzaingo barruko edozein jokabide edo ekintza aztertzea», baldin eta posible bada tartean eskubideren bat urratu izana. Hori eginez, nahi dute herritarrek konfiantza handiagoa izatea «polizia jarduerari buruzko kontrolen neutraltasunari eta objektibotasunari» dagokienez.