«PISAko emaitzak txarrak izan dira, eta horren ardura hartzen dugu, baina ikastetxeekin buru-belarri lanean ari gara aurreko ikasturtetik [emaitzak hobetzeko]». Horixe Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak gaur Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egin duen agerraldiaren laburpena. Hezkuntza Saileko ordezkariek PISAko eta ebaluazio diagnostikoko emaitzak izan dituzte hizpide, eta Pedrosak onartu du emaitzak ez direla nahi eta espero zituztenak; alta, bata bestearen atzetik zerrendatu ditu horiei aurre egiteko hartutako neurriak. Besteak beste, irakasgai guztietan astean 30-55 minutu igaro beharko dituzte irakasgai horrekin lotutako jakintzen inguruan irakurtzen.
Baina zer dago emaitzak okertu izanaren atzean? Euskara aipatu du ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearen zuzendari ohi Eduardo Ubietak —Eusko Jaurlaritzak sortutako erakundea da ISEI; Hezkuntza Sailaren menpe dago organikoki eta funtzionalki —. Hark gaur Eusko Legebiltzarreko saioan azaldu duenez, frogatuta dago ikasle batek bere etxeko hizkuntzan hobeto erakusten duela zein jakintza dituen, eta, hain zuzen ere, horrexek eragin duela emaitzetan. Hots, azaldu du Eusko Jaurlaritzak ikastetxeei iradokitzen diela PISAko azterketak ikasleek beren etxeko hizkuntzan egin ditzatela, baina, haren esanetan, eskolek ez dute jarraibide hori «oso ondo ulertu» izan, eskolak euskaraz eman baina kanpoko azterketa horiek gazteleraz pasatzeko eskatzeak ikasleei «okerreko mezua» ematen zielakoan.
Jaurlaritzaren jarraibideak jarraibide, aurten ikasle gehiagok pasatu dituzte etsaminak euskaraz, nahiz eta beren etxeko hizkuntza ez izan hori: 2022an, %22 izan ziren; 2025ean, %45. Eta, hain zuzen, horri egotzi dio Ubietak emaitzak okertzea: ziurtatu du emaitzak orain jaitsi direnaren erdia jaitsiko ziratekeela ikasleek azterketak etxeko hizkuntzan egin izan balituzte. Adibide bat jarri du: Matematikan hogei puntu apaldu badira emaitzak—kopuru hauek ez dira zuzenak, adibide bat baino ez da— , hamar apalduko ziratekeen ikasleek azterketak beren etxeko hizkuntzan egin izan balituzte. Ubieta ISEIko zuzendari ohia da, eta Hezkuntza Sailak ikasleen emaitzak hobetzen laguntzeko eratuta duen aditu batzordeko kide.
Pedrosak ez du halakorik aipatu. Kontrara: ez du murgiltze eredua egin emaitzen erantzule, eta nabarmendu du hura «indartu» beharra dagoela: «Guk mahai gainean jarri dugu murgiltze eredua sakondu behar dela: tresna berriak behar ditugu, laguntzeko eta erabakiak hartzeko». Esan du, besteak beste, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua egin beharko duela, eta horiek lagunduko dutela emaitzak hobetzen.
«Guk mahai gainean jarri dugu murgiltze eredua sakondu behar dela»
BEGOÑA PEDROSA Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua
Nola egin aurrera
Euskaraz harago, beste zenbait aldagai ere izan dituzte hizpide. Lehenengo, zera zehaztu du Pedrosak: «Datuek hezkuntza sistema hobetzeko tresna izan behar dute, ez errealitate konplexu bat sinplifikatzekoa». Hortik abiatuta aletu ditu Hezkuntza Sailak orain arte egindakoa eta hemendik aurrera dituen proposamenak, baina beti gogoan izanda ezin dela azalpen sinplistarik eman eta aldagai asko hartu behar direla kontuan.
Irakurketa; horixe izan da kezka iturri nagusietako bat, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikasleek 2022an baino 47 puntu gutxiago lortu baitituzte. Hori horrela, sailburuak esan du irakurketak «lehentasuna» izan behar dela irakasgai guztietan, eta, horrenbestez, irakasgai guztietan indartuko da irakurketa. Halaber, Ikastetxe guztiek identifikazio goiztiarreko tresnak aplikatu beharko dituzte, eta «erantzun pedagogiko espezifikoak» martxan jarri beharko dituzte irakurtzeko zailtasunak dituzten ikasleentzat. Eta neurriak martxan jarri ez ezik, ebaluatu ere egingo dituzte: eskola guztiek gaitasun hori beren-beregi ebaluatuko dute LH2n, LH5en eta DBH1en.
Eta pantailen gehiegizko erabilera; horixe izan da zenbaitentzat emaitza txarren erantzule nagusia. «Ikastetxe guztietan pantailen erabilera aztertuko dugu, jarraibide zehatzak emateko», agindu du sailburuak. Eta gehitu du: «2026-2027ko ikasturtean, pantailen erabilera orekatu, kontziente eta egokiari buruzko lanean murgildu gara, ikastetxeekin eta familiekin batera, ebidentziatik abiatuta».
Oposizioa, autokritika eske
Oposizioko alderdiek ere hartu dute hitza Hezkuntza Batzordean. EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arresek autokritika galdegin dio sailburuari: «Autokritika eta autoexijentzia eskatzen dugu, eta hori ere ez dugu ikusi gaurko agerraldian». Hezkuntza Sailari laguntzeko prest agertu da, baina horretarako abaguneak galdegin ditu. Halaber, nabarmendu du euskara ez dagoela emaitzen erantzule egiterik. «Euskararen kontrako oldarraldiak hezkuntza sistemara salto egin du».
Onberagoa izan da PSE-EEko Estibaliz Canto. Ziurtatu du PISAren emaitzek «interpretazio zorrotza» eskatzen dutela eta begiratu behar dela azterketa egiteko erabilitako hizkuntzak zenbateraino eragiten duen; alabaina, adierazi du, esaterako, sailburuak digitalizazioaz esandakoak «lasaitu» egiten duela.
Sumarrek, berriz, eskola publikoa indartzeko eskatu du, eta PPk murgiltze eredua zalantzan jarri du behin eta berriz.