SEGURTASUNA

Jaurlaritzaren segurtasun plan berria «integralagoa» izango da

Mundua aldatzen ari dela azaldu dute Basque Segurtasun Foroan parte hartu duten agintariek, eta uste dute segurtasuna ez dela soilik arazo bati aurre egitea, baizik baita prebentzioa hobetzea ere. Kalean polizia gehiago izatea da haien proposamen nagusia.

Bingen Zupiria, Imanol Pradales eta Joxerramon Bengoetxea, Miramar jauregira iristen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Bingen Zupiria, Imanol Pradales eta Joxerramon Bengoetxea, Miramar jauregira iristen. ANDONI CANELLADA / FOKU
inaut matauko rada
DONOSTIA
2026ko uztailaren 16a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela urtebete egin zuten lehenengoz Basque Segurtasun Foroa, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen egitarauaren barruan. Urtebete beranduago, eta testuinguru berean, azken urtean izandako eztabaiden ondorio nagusiak plazaratu dituzte Eusko Jaurlaritzako eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundietako agintari nagusiek, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Publikoaren Plan Orokorraren oinarriak izango direnak, hain zuzen ere.

Izan ere, aurreko plan orokorra 2025 amaieran iraungi zen, eta urtea amaitu aurretik aurkeztuko dute berria, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak foroan adierazi duenaren arabera. Sailburuarekin batera izan dira aipaturiko hiru herrialdeetako ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzalez, Elixabete Etxanobe eta Eider Mendoza, baita Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere, eta azaldu dute prozesua parte hartzailea izan dela, instituzioek, herritarrek eta adituek hartu baitute parte: guztira, mila pertsonak baino gehiagok.

«Segurtasuna, askatasuna eta justizia. Oreka bat lortu beharra dago horien artean, eta hala lortzen da gizartearen altxorra: konfiantza»

JOXERRAMON BENGOETXEA EHUko errektorea

Segurtasunari buruzko hausnarketa izan da jardunaldiaren muina, baina segurtasun plan berria egiteko prozesuan gehien errepikatu zaizkien proposamenak zerrendatu ditu lehendakariak, eta lehenengoa kalean polizia gehiago izatea da. Horrez gain, gazteen esparruan goiz esku hartzeko programak egiteko ere eskatu dute, batez ere drogen munduan ez sartzeko. Eraso matxisten inguruan herritarrak gehiago kontzientziatzeko kanpainak ere galdegin dituzte.

Zupiria izan da hitza hartzen lehena. Segurtasunaren eskumenaren eredu nagusia Ertzaintza dela esanaz, erakunde haren historia azaldu du: «1936ko autonomia estatutuak ekarri zuen Eusko Jaurlaritzaren sorrera. Berehala sortu ziren erakundeen artean egon zen Ertzaina, orduan deitu zitzaion bezala. Agirre lehendakariak eta euskal alderdiek, autogobernua negoziatzeko orduan, argi izan zuten sortu berri zen erkidego politikoak bere esku izan behar zuela segurtasuna». Francisco Francoren diktaduraren ostean «autogobernua berreskuratzeko aukera» iritsi zela azaldu du, eta gehitu euskal ordezkariek orduan ere segurtasunaren eskumena izatearen alde egin zutela. Are atzerago joanda, foruen garaian ere segurtasuna «euskal lurraldeek» kudeatu zutela nabarmendu du.

Sailburuaren esanetan, frankismoaren ostean sortu berri zen Ertzaintzak izan zituen bi egiteko nagusiak ETAri eta droga trafikoari eta kontsumoari aurre egitea izan ziren, baita 1981eko uholdeei ere. Hala, gaur egungo erronkak ezberdinak direla aitortu du, eta tartean meteorologia dagoela: «Atzo Gasteizen bilera izan genuen, jaien inguruko segurtasun neurriak argitzeko, eta bereziki emakumeen kontrako erasoei buruz hitz egin genuen, baina baita beroari buruz ere. Bai, ertzain eta udaltzainak beroaz hizketan».

Segurtasunaren ikuskera globala

Joxerramon Bengoetxeak, EHUko errektoreak, azaldu du foroaren metodologia «txalogarria» izan dela, eta ongizatea hiruki bat dela iritzi dio, hiru erpin hauek dituena: «Segurtasuna, askatasuna eta justizia. Oreka bat lortu beharra dago horien artean, eta hala lortzen da gizartearen altxorra: konfiantza». Jarraian hitz egin dute foru aldundietako ahaldun nagusiek, eta hirurak ados agertu dira segurtasuna ez dela soilik ohiko delinkuentziarekin lotutako zerbait. Esaterako, Ramiro Gonzalez, Arabako ahaldun nagusia, suteen arloko segurtasunaz mintzatu da; gogorarazi du aldundien eskumena dela hori, eta bi erronka daudela nabarmendu du: batetik, suhiltzaileen koordinazioa hobetzea, eta, bestetik, sistemak garatzea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan suteak itzaltzeko lanak antzera egiteko.

«Errealitate hain konplexu bati ezin zaio modu sinplean begiratu. Ikuspuntu ezberdinak jaso behar dira»

ELIXABETE ETXANOBE Bizkaiko ahaldun nagusia

Hala ere, ohiko delinkuentziaren kontrako borrokan azkenaldian izandako aldaketak ere goratu ditu Gonzalezek; esaterako, delituak behin baino gehiagotan egiten dituztenei ondorio penalak gogortzea, arma zurien erabilerari buruzko araudia gogortzea, eta Ertzaintzak delituak egiten dituzten migratzaileen kanporaketan parte hartzea. Elixabete Etxanobek, Bizkaiko ahaldun nagusiak, segurtasuna «modu zabalean» ulertzeko beharra jarri du mahai gainean: «Errealitate hain konplexu bati ezin zaio modu sinplean begiratu. Ikuspuntu ezberdinak jaso behar dira».

Etxanboeren ustez, segurtasuna ez da soilik arazo bati aurre egitea, baizik baita «arriskuak aurreratzea, prebenitzea eta murriztea ere». Eider Mendozak, Gipuzkoako ahaldun nagusiak, nabarmendu du beharrezkoa dela instituzioak elkarlanean aritzea. Eta kideek aurrez esan bezala, «jakinda segurtasuna bere zentzu zabalenean aitortu dela», prebentzioa eta errespetua uztartu behar direla esan du.

«Aterpe» segurua

Joseba Diez Antxustegi EAJko legebiltzarkideak asteartean behin baino gehiagotan aipatu zuen kontzeptua errepikatu du gaur Imanol Pradalesek: aterpea. 1936ko eta 1981eko autonomia estatutuekin lortutako autogobernuaren bertuteetako bat da, haren ustez, herritarrei «aterpe bat» eskaintzen diela: «Gure helburua garbia da: gobernu bezala, lanean jarraituko dugu euskal gizarteari aterpe bat eskaintzeko; ziurtasun eta segurtasun esparru bat, denok seguruago sentitu gaitezen».

«Ertzaintza, udaltzaingoak, Babes Zibila, larrialdi zerbitzuak, zibersegurtasuna... horiek denak ezin dira izan konpartimentu bereizi bat, baizik eta ekosistema konektatu bat»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Euskal Autonomia Erkidegoa Europako lekurik seguruenetako bat dela nabarmendu du lehendakariak, baina aitortu du herritarren artean gora egin duela segurtasunari buruzko kezkak: «Une oro aldatzen eta asaldatzen ari den mundu honekin lotuta dago hauskortasun sentsazio hori. Alarmismorik gabe, baina gure betebeharra da segurtasuna modu integral eta zeharkako batean ulertuz etorkizuna prestatzea».

Hala, uste du datozen urteetan funtsezkoa izango dela aurrea hartzea, prebentzioa hobetzea eta ahalmenak integratzea: «Ertzaintza, udaltzaingoak, Babes Zibila, larrialdi zerbitzuak, zibersegurtasuna... horiek denak ezin dira izan konpartimentu bereizi bat, baizik eta ekosistema konektatu bat».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA