ELA sindikatuarentzat, Eusko Jaurlaritzak otsailean aurkeztu zuen Unibertsitateen Legeak «unibertsitate publikoa ahulduko» du. Hori dela eta, duela hilabete, sindikatuak hogei ekarpen egin zizkion legearen aurreproiektuari, eta orain afiliatuei eta publiko orokorrari aurkeztu dizkie proposamenak. Izan ere, sindikatuak uste du arazo handia dagoela unibertsitate publikoen finantziazioari dagokionez, eta, horregatik, legean «aldaketa sakonak» egiteko eskatu dute.
Zehazki, uste dute legearen proiektuak ez duela betetzen Unibertsitate Sistemari buruzko Espainiako Legearen 55.2 artikulua, ez duelako bermatzen «finantzaketa publiko nahikoa eta egonkorra»; horrez gain, barne produktu gordinaren %1 unibertsitate publikoa finantzatzeko erabiltzearen helburua ere ez du zehazten.
Gainera, finantzaketa publikoa ez den beste bide batzuei atea irekitzen die legeak, ELAren ustez: «Mezenasgorako, babesletzarako, patenteetarako eta funts pribatuak iturri osagarri gisa hartzeko atea zabaltzen du, eta horrek esan nahi du Eusko Jaurlaritzak ez dituela aintzat hartzen euskal unibertsitate publikoa finantzatzeko dituen betebeharrak». Hala, uste dute euskal unibertsitate sistema «merkatu logiketara, lehia mekanismoetara eta kanpo kontrolerako formuletara» bultzatzen duela aurreproiektuak.
Irakasleei eta ikertzaileei dagokienez, uste dute ez dutela hartu «ordainsari eredu zaharkitua» zuzentzeko neurririk, eta horrela ezingo dela bermatu «bidezko karrera akademikoa». Unibertsitateko gainontzeko langieak, berriz, «berme nahikorik» gabe geratuko direla salatu du ELAk; izan ere, uste dute haien jarduna ebaluatzeko sistemak ez direla zehatzak, eta horrek «subjektibotasun eta tratu desberdintasuneko arriskuak» dakartzala uste dute.
Gutxieneko eskakizunak
Hori dela eta, ELAk esan du legea babesteko gutxieneko neurri zuzentzaile batzuk onartu behar direla: unibertsitate publikoa finantzatzeko gutxienez BPGaren %1 erabiltzeko helburua jasotzea, unibertsitate pribatuek hizkuntza eskakizuna aintzat hartzea, EHU euskal unibertsitate sistemaren ardatz gisa indartzea, unibertsitate sistema finantzatzeko baliabide pribatuak erakartzea eragoztea, irakasleen eta ikertzaileen soldata sistema aldatzea, sistemako langile guztien egonkortasuna handitzea, behin-behinekotasuna murriztea eta teknikarien eta administrarien eskubideak babestea, besteak beste.
Legea tramitatzeko prozesua beteko duela ere esan du sindikatuak: «Unibertsitate publikoaren interesak defendatzen jarraituko dugu. Finantzaketa, soldata duinak, enplegu egonkorra, benetako autogobernua, berdintasun eraginkorra, euskararen babesa eta unibertsitate politika interes orokorraren menpe egotea eskatuz». Eusko Jaurlaritzak otsailean aurkeztu zuen legearen aurreproiektua, eta azaldu zuen aurtengo azaroan Eusko Legebiltzarrera eramateko moduan egotea espero dutela.