Milaka pertsona, hotzari eta euriari aurre eginez, indarkeria matxista salatzen. Urtero legez, itzelezko jende olde batek bete ditu karrikak, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, azaroaren 25aren kontura. Bost hiriburutan egin dituzte manifestazio nagusiak —Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean—, eta protesten bukaerako manifestuetan, jo puntuan jarri dituzte patriarkatuaren «konplizitate sareak». Mobilizazio guztietan gogoan izan dituzte Euskal Herrian aurten bortxa matxistagatik hildako sei emakumezkoak: «Ez dira zenbaki hutsak».
«Indarkeria matxista ez da gaitz bat, ez da ezerezetik sortzen eta ez da bakarrik sostengatzen. Baditu sareak, egiturak, konplizeak», adierazi dute feministek, Iruñeko mobilizazioan. Gazteluko plazatik abiatu dira manifestariak —emakumeak hein handi batean, baina baita gizonezko batzuk ere—, euripean. Horrelaxe egin dute ia ibilbide osoa.

Konplizitate sareen aurrean erresistentzia feminista! Zuen hipokrisia indarkeria da! irakur zitekeen pankarta nagusian. Mezu horren atzetik, euritakoen jario luze bat, Karlos III.aren etorbidean gora, Merindadeen plazaraino. Biribilgune horretan ezkerrera eginda, Nafarroa Behereko etorbidean barneratu da martxa. «Gora borroka feminista»; «Erasoen aurrean, autodefentsa»; «Kaleak, gaua, gureak dira» eta «Ez dira eroaldiak, erailketak dira» oihukatu dute manifestariek San Inazio, Lizarra eta Yanguas y Miranda kaleetan barna. Nafarroako Parlamentua eta Sarasate pasealekua atzean utzita, Gazteluko plazara itzuli da protesta.
Indarkeriaren «engranajea»
Hain zuzen, feministak Gazteluko plazako kioskora iristear zirela atertu du une batez. Han, kioskoaren gerizpean, hitza hartu dute Iruñerriko Mugimendu Feministako ordezkariek. «Eraso bakoitzak aliatu indibidual eta kolektiboak ditu: isiltasun instituzionala, epai bidegabeak, desakreditatzen gaituzten hedabideak, abandonatzen gaituzten administrazioak, babesgabetzen gaituzten epaileak, isiltzen gaituen gizartea... Denak dira indarkeria betikotzen duen engranaje horren parte», esan dute.
Konplizitate sare horren barruan, gizonen eguneroko jarreran egin dute azpimarra: «Erasotzaileak ez dira munstroak. Ez dira beste batzuk. Ondo ezagutzen ditugu, inguruan ditugun gizonetako asko direlako. Zuek zarete isilik zaudetenak, zuen lagunak ezkutatzen dituzuenak, gizonen arteko isiltasunezko itun horretan parte hartzen duzuenak». Jokabide horiek guztiek «indarkeria indartzen» dutela uste dute mugimendu feministako kideek. Horregatik, urrats ausartagoak galdegin dizkiete gizonei: «Ez da nahikoa erasorik ez egitea. Zuen arteko itun miserable hori hautsi behar duzue. Posizionatu behar zarete. Hautatu behingoz historiaren alde zuzena».

Iruñeko manifestazioaren bukaeran gogorarazi dute, halaber, feminismoa «arrazakeriaren aurkakoa, antikapazitista eta antikapitalista» dela: «Ez dugu onartuko gure mina erabiltzea zuen gorrotozko diskurtsoak zuritzeko». Palestinako herriari ere elkartasuna adierazi dio mugimendu feministak, eta Salam Gaza elkarteko buru Ola Arafatek ere hitza hartu du protestaren bukaerako ekitaldian: «Gaur, inoiz baino gehiago, gure begirada Gazan jarrita dago. Gure elkartasun eta maitasun guztia helarazi nahi diegu Israelen genozidioa jasaten ari diren milaka emakumeei eta haurrei».
Zeharkako borroka
Antzera mintzatu dira Baionako manifestazioaren bukaeran ere. Han, Baiona Palestinarekin kolektiboari esker ona adierazteaz gainera, gogorarazi dute borroka feminista «antirrazista eta internazionalista» izan behar dela ezinbestean, eta txarretsi egin dute «diskurtso arrazistak feminismoz mozorrotzeko nahia». Horrez gain, gogoan izan dituzte Palestinako eta Mendebaldeko Saharako kideak: «Ulertzen dugu gure borrokek elkar gurutzatzen dutela».
Borroka feministaren zeharkako izaera horren erakusle izan da Gasteizko San Anton plazatik abiatu den protesta ere. Izan ere, manifestazioa amaituta, oholtzara igo dira mugimendu feministarekin bat egiten duten hamaika kolektibo eta eragile, matxismoaren aurpegi guztiak salatzeko xedez. Han izan dira, besteak beste, Carme egoitzako langileak, Amarauna, Lumagorri, ATHCA, Sidalava, Setem Hego Haizeak, Gasteizko pentsiodunen elkarteak, Eginaren Eginez, Harramazka, Emakumeak Gerraren Aurka, Bilgune Feminista eta Denon Bizitzak Erdigunean.

Bilboko Mugimendu Feministaren mobilizazioa, berriz, Jesusen Bihotzetik abiatu da, eta udaletxe parean amaitu. Han, antolatzaileek erakundeen jardunean paratu dute begirada. «Indarkeria patriarkal instituzionalean», alegia.
Mugimendu feministaren esanetan, indarkeria mota hori ikusezina da, eta erabat normalizatua dago: «Erakunde publikoek eragiten dutena da, indarrean den legedia behin eta berriz urratzen dutenean; beste alde batera begiratzen dutenean; gu sinetsi ez eta gure erasotzaileak legitimatzen dituztenean; politika publiko ziztrinak egiten dituztenean; beren interes alderdikoiak gure beharren gainetik jartzen dituztenean; eta feminismoarekin itxurakeria egiten dutenean». Indarkeria instituzionalak ere «hil egiten duela» gaineratu dute. Horren aurrean, «aliantzak josteko, bizitzari eusteko eta indarkeriarik gabeko etorkizuna eraikitzeko» deia egin du mugimendu feministak.
