Kalean oihuka, ilunak argitzeko beste

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, eta Euskal Herriko bost hiriburu manifestazioz beteko dituzte Mugimendu Feministak eta Itaiak: Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñea. Aurtengo bost hilketa matxistak izango dituzte gogoan.

Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat, Baionan, iazko azaroaren 25ean. GUILLAUME FAUVEAU
Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat, Baionan, iazko azaroaren 25ean. GUILLAUME FAUVEAU
2026ko azaroaren 25a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

2003. urtetik gizonek 137 emakume hil dituzte Euskal Herrian; horietako bost, aurten. Hilketak bortizkeriaren aurpegirik gordinena dira, baina ez bakarra: bortizkeria horrengatik aurkeztutako salaketa kopurua eta auzipetuena egiturazko arazo baten erakusle dira. Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, eta asko izango dira indarkeria horren aurka kalera aterako direnak. Hauteskunde kanpainan murgilduta eta ultraeskuinaren eta faxismoaren gorakada betean, egun garrantzitsua izango da emakumeek jasaten duten indarkeria erdigunean jartzeko.

MUGIMENDU FEMINISTAREN MOBILIZAZIOAK

  • Baiona. 18:30ean, tren geltokitik.
  • Bilbo. 19:00etan, Kale Nagusiko 85. zenbakitik.
  • Donostia. 19:00etan, Bulebarretik.
  • Gasteiz. 19:00etan, San Anton plazatik.
  • Iruñea. 19:00etan, Antoniuttitik.

ITAIAREN MOBILIZAZIOAK

  • Baiona. 19:00etan, Jacques Portes plazatik. 
  • Bilbo. 18:30ean, Plaza Eliptikotik.
  • Donostia. 18:00etan, Bulebarretik.
  • Gasteiz. 18:30ean, Andre Maria Zuriaren plazatik.
  • Iruñea. 18:30ean, Udaletxe plazatik.

Hain justu, aurtengo bost hilketa matxistak izango dituzte gogoan gaur: Sarrigurenen, Arguedasen (Nafarroa), Iruñeko Sanduzelai auzoan, Basaurin (Bizkaia) eta Irunen (Gipuzkoa). Horiez gain, irailean bortxatua izan ondoren Angelun (Lapurdi) bere buruaz beste egindako emakumearen kasua «erailketa matxistatzat» hartu dute Itaiak eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak, eta bortxa hori kalean gaitzetsi zuten. Zehazki, 19 urteko emakume batek salatu zuen 36 urteko gizon batek bortxatu zuela, eta egun gutxiren buruan bere buruaz beste egin zuen.

Instituzioek badituzte baliabideak indarkeria matxista jasaten duten edo inoiz halakorik pairatu duten emaztekiei arreta emateko. Espainiako Barne Ministerioak duen Viogen sistema da horietako bat: indarkeria matxista kasuen kudeaketarako, baloraziorako eta jarraipenerako diseinatutako tresna da. Bertan erregistratuak dituen datuen arabera, 2007tik —orduan jarri zuten martxan— 2026ko urrira arte indarkeria matxistako 14.689 kasu artatu dituzte Hego Euskal Herrian; horietako 11.977 Nafarroan izan dira, 1.468 Bizkaian, 702 Gipuzkoan eta 542 Araban.

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak zabaldutako datuen arabera, aurtengo lehenbiziko sei hilabeteetan 1.746 salaketa erregistratu dituzte Nafarroako epaitegiek, iaz epe berean baino 361 gutxiago. Euskal Autonomia Erkidegoan bestelakoa da egoera, salaketa kopuruak gora egin baitu: 3.784 salaketa erregistratu dituzte aurten, iaz baino 282 gehiago.

Erakunde falta

Egoera oso bestelakoa da Ipar Euskal Herrian: ez dago indarkeria matxisten kasuak kudeatzen dituen erakunderik. Maddi Kintana Sutan kolektibo transfeministako kideak adierazi duenez, Frantziako Poliziak kudeatzen ditu indarkeria matxistarekin lotutako kasu guztiak, eta bide poliziala eta judiziala oso gogorrak izaten dira. Areago: Kintanak esan du instituzioen esku hartzea ere «mugatua» dela, poliziek ez dutelako formakuntza nahikorik erasoen biktimak artatzeko. Ondorioz, eraso egin dietenek behin eta berriro demostratu behar izaten dituzte jasan dituzten erasoak, eta prozesu horietatik «kaltetuago» ateratzen dira. Laburbilduz, egoera «latza» dela iritzi dio, aurtengoa urte «aski kaltegarria» izaten ari dela nabarmenduta: «Indarkeria matxistaren gorakada argi bat izan da».

Itaia emakumeen antolakunde sozialista ere kritiko mintzatu da. Urrian egindako agerraldi batean, indarkeria kasuen «gorakada eta gordintasuna» salatu zuten. Azaldu zutenez, ez dute uste kasualitatea denik indarkeria matxista faxismoaren gorakadarekin batera areagotu izana, faxismoak «indarkeria matxista legitimatzeko testuingurua sortzen» duelako. Eraso matxista oro salatzera eta karrika hartzera dei egin zuten. 

Lege integrala

Urrian, Frantziako Asanblea Nazionalean, eraso sexisten eta sexu indarkeriaren kontrako lege integralaren alde bozkatu zuten. Indarkeria matxista jasaten dutenak gehiago babestea da lege horren helburuetako bat, baita indarkeria matxistaren definizioa zabaltzea ere; horretarako, besteak beste, indarkeria ekonomikoa aipatu dute, eta intzestuaren definizioa zabaldu. Horrez gain, delitu batzuen kartzela zigorrak handitu nahi dituzte. Azkenik, baliabide eta tresna gehiago bideratu nahi dituzte indarkeria matxistako kasuen ikerketa judizialera.

Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze bat, Donibane Lohizunen, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze bat, Donibane Lohizunen, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU

Kintanak azaldu du lege proiektu «oso desberdin» bat sortzen hasi zirela talde feministen eta beste hainbat kolektiboren artean, «modu kolektibo eta horizontalean». Instituzioetara iritsi zenean, erabat aldatu zen, lege proiektuan ez baitzen integratu jatorrizko testuan zegoena. Kintanaren esanetan, urrian onartutako lege integralak kartzela zigorrak gogortzean jartzen du arreta batez ere, eta «soluzio interesgarri guztiak galdu» dira. «Espetxe zigorrak handitzea ez da irtenbide erreal bat, indarkeria matxista arazo estruktural bat baita», gehitu du.

Sutan kolektibo transfeministak ez du bat egiten lege integral berriarekin: «Lege oso burgesa da, ikuspegi zigortzailea eta hegemonikoa duena». Ez dute uste aldaketa materialik ekarriko duenik, ezta haurrei, emazteei eta genero disidenteei eragiten dien indarkeria aldatuko duenik ere. Gainera, lege integral berria onartua izateko bidean dagoen arren, ez dute uste arau horrekin batera eraso sexistei eta sexu indarkeriari aurre egiteko finantzaketa nahikoa egongo denik.

Egoera iluna den arren, kide feministak esperantzari eusten dio: «Zorionez, uste dugu gero eta kontzientzia handiagoa dagoela indarkeria matxistari dagokionez, eta gero eta jende gehiago mobilizatzen dela eraso sexisten eta erailketa matxisten aurrean».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA