Kalean dira berriro Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola erlijiosoetako langileak; IZEAk eta Kristau Eskolak patronalekin lan baldintzak hobetzeko akordioa hitzartu zuten 2024an, baina, langileen arabera, han jasotakoak bete gabe daude. Protesta bateratua egin dute  gaur goizean Bilbon Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek. Gogora ekarri dute patronalek bete ez dituzten konpromisoen zerrenda: astean eskola ordu bat gutxitzeko eskea airean dago, lan pertsonalerako ordu osagarri bat ez dute gehitu, agindutako soldata igoera guztiak ez dituzte egin, kalte ordainetan hartutako konpromisoak ere ez dira gauzatu, eta lanpostuak betetze aldera hitzartuta zeuden bilerak egiteko daude oraindik.Â
Bete gabe dauden horiek salatzeko auzitara behin baino gehiagotan jo dutela azaldu dute langileen ordezkariek, eta gogora ekarri dituzte lortutako aldeko sententziak. Hala ere, onartu dute horien bidez ere ez dutela lortu patronalek hartutako konpromisoak betetzea. Sektorean 9.000 langile inguru ari dira, eta guztien lan baldintzen alde jarraituko dutela gogoratu dute. Negoziazio mahaiak bilera zuen gaur Bilbon, eta horren harira egin dute sindikatuek bertan elkarretaratzea, Lan Harremanen Kontseiluaren atarian.Â
ELAk bere kabuz egin du protesta, eta aparteko ohar bat atera du eskaeren berri emateko. Bertan azaldu duenez, gaurko bileran patronalek jakinarazi dute ez dutela asmorik astean eskola ordu bat murrizteko. Justu langileek jaso duten aldeko epaietako batek eskari hori bete egin behar dela ebatzi du, baina, ELAren arabera, patronalek ez dute konplitzeko asmorik, eta, gainera, azaldu dute helegitea jarriko dutela ebazpen judizial horren kontra.Â
ELAk ere nabarmendu du akordioa lortu zutenetik aurrerabideak oso urriak izan direla, eta areago, patronalei egotzi die «fede txarrez» aritzea. «Adostutako hainbat atal ez dituzte bete, eta langileak etengabe auzitara jotzera behartzen ari dira». Eusko Jaurlaritzak gai honetan izan duen «utzikeria» ere salatu du ELAk. Bilera egin nahian Jaurlaritzako atea bost aldiz jo dutela esan du, eta bakar batean ere ez dietela zabaldu. Kalera aterako dira aurrerantzean ere, «mobilizazioen eta greben bidean».