LABek ez du babesten medikuen greba

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak uste du osasun langile guztien baldintzak hobetu behar direla. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Monica Garcia Espainiako Osasun ministroari eskatu dio ez altxatzeko negoziazio mahaitik.

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra, Gurutzetako ospitalean egindako agerraldi batean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra, Gurutzetako ospitalean egindako agerraldi batean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko apirilaren 27a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek hirugarren greba astea hasi dute gaur. Urtarrilean egin zuten lehena eta otsailean bigarrena. LABek ez du medikuen greba babesten: alde batetik, sindikatuaren iritziz, osasun zerbitzu publikoetako langile guztien lan baldintzak hobetu behar direlako; bestetik, langile horien lan baldintzak Osakidetzako eta Osasunbideko mahai sektorialetan negoziatu behar direla uste duelako, ez Madrilen, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioarekin.

LABek babesten ditu medikuen eskaera batzuk. «Soldatak hobetzea eta lanaldiak berriro antolatzea», esaterako, Garbiñe Aranburu sindikatuko koordinatzaile orokorrak gaur goizean Radio Euskadin azaldu duenez. Hala ere, medikuena «estrategia korporatiboa» dela uste du, gainerako langileen lan baldintzak aintzat hartzen ez dituena: «Gainerako langileek ere badituzte arazoak haien soldatekin eta lan erritmoekin».

Estatutu propioa

Zerbitzu publikoetako medikuak greba egiten ari dira, haien oinarrizko lan baldintzei buruzko estatutu propio bat eskatzeko: haien prestakuntzak, lanak eta ardurak lan baldintzetan isla izatea nahi dute. Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak sindikatuekin hitzartu du osasun zerbitzu publikoetako langileen esparru estatutua, langile horien guztien oinarrizko baldintzak arautzen dituena. Medikuek, baina, ez dute hitzartutakoa onartu, uste dutelako haien berezitasunek ez dutela islarik agirian, eta ez dutela izan ordezkaritza egokirik negoziazioetan.

Aranburuk eskaera bat egin dio Eusko Jaurlaritzari: «Bere erantzukizuna har dezala eta zerbait egin dezala greba amaitzeko». Berez, Espainiako Gobernuari dagokio oinarrizko lan baldintzak negoziatzea eta hitzartzea. Gero, baldintza horietan oinarrituta, Hego Euskal Herriko osasun zerbitzu publikoetako langileek Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen dituzte haien lan baldintzak. LABeko koordinatzaile orokorraren arabera, Eusko Jaurlaritzaren jarrerak ezin du izan soilik Monica Garcia Osasun ministroari akordio bat lortzeko eskatzea: «Zerbait egin behar du eta erantzun egin behar die osasun publikoko langileen premiei».

Pradales, «oso kezkatuta»

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, hain zuzen, beste behin Monica Garciari eskatu dio ez altxatzeko mahaitik gatazka konpondu arte. Pradales «oso kezkatuta» dago medikuen grebarekin, Bizkaia Irratian esan duenez. Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak iragan astean zehaztu zuen itxaron zerrendak %50 luzatu direla medikuek iaz grebak hasi zituztenetik. Medikuen grebaz gain, Garciaren jokabidearen ondorio ere badela uste du Pradalesek: «Ia bi urte egin ditugu adierazle asko iraultzeko eta hobetzeko, eta gero gatazka hau iritsi da Osasun Ministerioak ez dituelako gauzak ondo kudeatu. Ezin dugu halakorik onartu».  

Eusko Jaurlaritzak medikuekin eta sindikatuekin hitz egiten ari dela ziurtatu du Pradalesek, «baina honen guztiaren korapiloa Madrilen dago». Osasun Ministerioari egotzi dio greba «piztea», eta haren bizkar utzi du konpontzea: «Madrilek dauka giltza, eta horregatik Ministerioak eta ministroak mahaian egon behar dute hau konpondu arte».

Nafarroako Gobernua medikuekin bilduko da

Greba egiteaz gain, mediku batzuek erabaki dute uko egitea arratsaldeetako borondatezko lanaldiei. Nafarroako Gobernuarentzat erabaki hori «bidezkoa» da, baina kezkatuta dago, itxaron-zerrendetan izan dezakeen eraginagatik. Mediku batzuek, haien borondatez, ordu estrak egiten dituzte arratsaldetan. Lan horri esker, itxaron-zerrendak arintzen laguntzen dute. «Gaur egun, espezialitate askotan ez daukagu aukerarik mediku gehiago kontratatzeko», azaldu du Nafarroako Osasun Departamentuak. «Horregatik, gure aurrekontuaren zati bat inbertitzen dugu lanaldi estra hori ordaintzeko».

Nafarroako Gobernuak aurreratu du medikuekin bilduko dela, «haien eskaerak ezagutzeko eta gure aukerek eta indarrean den araudiak uzten diguten neurrian haiei erantzuteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA