LABek Jaurlaritzari egotzi dio irakaskuntza publikoa euskalduntzeko «benetako» urratsik ez egitea

Hezkuntza Sailak jarritako hainbat «oztopo» zerrendatu ditu: Irale programako murgiltze ikastaroak kentzea, Lanbide Heziketako hizkuntza eskakizunetan atzera egitea, D ereduko lekuak gutxitzea, eta irakasleen formakuntza gaztelaniaz egitea.

(ID_15933686) ESPAÑA LAB EUSKERA
LAB sindikaturen agerraldia, gaur. MIGUEL TOÑA / EFE
arantxa iraola
2026ko martxoaren 26a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari kontu hartzeko agerraldia egin du gaur Bilbon LAB sindikatuak, argudiatuta irakaskuntza publikoa «benetan» euskalduntzeko behar besteko urratsik ez dela egiten ari. Euskararen ezagutza zein erabilera «geldialdian» daudela gogoratu du, eta administrazioak ez duela hor eragiteko urrats sendorik hartu. «Izan ere, Hezkuntza Sailak oztopoak baino ez ditu jarri azken hilabete eta urteetan».

Zerrendatu egin ditu «oztopo» horiek. Lau dira, nagusiki: Irale programako murgiltze ikastaroak kentzea, Lanbide Heziketako hizkuntza eskakizunetan atzera egitea, D ereduko lekuak gutxitzea, eta irakasleen formakuntza gaztelaniaz egitea. Lehen puntuak, Iralerekin lotutakoak, lehendik ere izan du oihartzuna, eta, besteak beste, programa horretako irakasleek ohartarazi dute ikastaroen desagertzeak ekar ditzakeen arazoez.

Datorren ikasturtetik aurrera Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuak hartuko ditu hizkuntza metodologiei buruzko eginkizunak, eta, Jaurlaritzaren arabera, hori da ikastaroak bertan behera uztearen motiboetako bat.

LABen aburuz, ordea, eredu berri horretarako birmoldaketari buruzkoak «aldebakarrez» egiten ari da Hezkuntza Saila, era desegokian, eta eskatu du «modu antolatu eta gardenean» egiteko prozesua. Berregituraketaren helburuak, halaber, Iralek bere muinean duena izan behar duela esan du: «Irakasleak modu eraginkorrean euskaldundu eta euskal kulturan murgiltzea». Horiek horrela, eskatu du datorren ikasturtean murgiltze ikastaro horiek mantentzeko. 

Lanbide Heziketan euskalduntzeko bide luzea dago oraindik eta hor hizkuntza eskakizunekin lotuta Hezkuntza Saila egiten ari den atzera urratsak ere kezkarako motibo dira LABentzat. Salatu du, besteak beste, euskara maila jasoagoa duten irakasleei B2 postuetarako sarbidea mugatu diela Jaurlaritzak, eta hori «diskriminazioa» dela.

Bestela ere, hizkuntza eskakizunetan aurrera ez egitea egotzi dio LABek Jaurlaritzari, eta esan du ondorioz D ereduko postuak gutxitzen ari direla zenbait arlotan. Salatu du, modu berean, hainbat irakasleri gaztelaniazko formakuntzak eman dizkietela. «Azken adibidea Sestaoko ikastetxe batean izan da, baina aurrez ere izan dira halakoak». 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!