LABek salatu du eskola segregazioa «areagotzen» duten neurriak bultzatzen ari dela Jaurlaritza

Segregazioaren kontra abiarazi duen mahaian «bestelakoak» esan arren eguneroko martxan erabaki okerrak hartzea egotzi dio; Gasteizen hainbat ikaslerekin gertatu dena propio salatu nahi izan du sindikatuak.

Eusko Jaurlaritzako agintariak ikasturte hasierako ekitaldian, joan den hilean, Etxebarrin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Eusko Jaurlaritzako agintariak ikasturte hasierako ekitaldian, joan den hilean, Etxebarrin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
arantxa iraola
2025eko urriaren 3a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikasleen segregazioa «areagotzeko» neurriak hartzea leporatu dio LAB sindikatuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Gasteizen hainbat eskolatan gertatu berri direnak hizpide hartuta egin du salaketa. Sindikatuaren arabera, eskola planifikazioan «inolako» erabakirik hartu gabe eta matrikulan «doiketarik» egin gabe, ikasturte hasieratik 40 ikasletik gora matrikulatu ditu Gasteizko bi ikastetxe publikotan.

Ikasturtea hasi berritan heldutako ikasleak direla esan du, «epez kanpoko ikasleak». LABek azaldu du ikasle horietako hamahiru «gutxienez» hasieran Kristau Eskolen zentroetara bideratu zituztela, baina ezin izan zutela han matrikulatu haietan «kuotak» ordaindu behar zituztelako. Ondorioz, ikasle horiek «era masiboan» eskola publikoetara joan behar izan dute, eta «bat-batean» berariazko hezkuntza laguntzak behar dituzten ikasle kopuruen «pilaketa» gertatu da zentro horietan.

Sindikatuaren arabera, koherentziarik ez dago Jaurlaritzak esaten eta egiten dituenen artean. Gogora ekarri du Hezkuntza Sailak eskola segregazioaren kontra egiteko mahai bat abiarazi zuela lehengo hilean, baina, han «bestelakoak» esan arren, «praktika segregatzaileak» egiten jarraitzen du eguneroko martxan. «Badirudi, beraz, Hezkuntza Sailak ez daukala hezkuntza politikak aldatzeko inolako borondaterik». Gasteizko kasu horretan, adibidez, egotzi dio «inolako jarraipenik» ez egitea Kristau Eskolen zentroei «debekaturik» dauden kuotak kobratzeagatik. Gasteizen gertatu den horri begira, «lehenbailehen esku hartzeko» eskatu dio LABek Hezkuntza Sailari.

Urteotan ugaritu egin dira ikasturtea hasi berritan heltzen diren ikasleen matrikulazioak. Aurreko urtean, 8.000 ikasle sartu ziren horrela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan. Eskolek egokitzapenak eta moldaketak egin behar izaten dituzte ikasle horien premiei erantzuteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.