Iazko apirilean, Haurreskolak partzuergoak eta gehiengo sindikalak lan baldintza batzuk hobetzeko akordioa sinatu zuten. Eta aurten, otsailaren 10ean, lan hitzarmen berria adostu zuten LAB sindikatuak eta Haurreskolak partzuergoak. Baina akordio giroa hautsi da. Ikasturte berria hasita, irailaren 13an LAB eta Steilas sindikatuek salatu zuten Hezkuntza Sailak ez zuela iazko akordioa bete. Gaur, LABek egotzi dio ez betetzea otsailean hitzartutakoa ere. Iragarri du ez dituela onartuko «atzerapen eta aitzakia» gehiago, eta aldaketarik ez bada datozen egunetan mobilizazioak egiteko prest dagoela.
LABek gogora ekarri ditu hitzarmen berria itundu zutenean Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak esandakoak. «Etorkizunera begira kalitatezko zerbitzua bermatu nahi dugulako, profesionalen lan baldintzak hobetuko ditugu. Zerbitzuari baliabide nahikoa eskainiko dizkiogu, eta ziurtasuna eta lasaitasuna emango diegu familiei», azaldu zuen. Sindikatuak salatu du, ordea, akordioan jasotakoaren kontra, Jaurlaritza ez dela ari «baliabide pertsonalak» handitzen.
Eskakizun zehatzak
2022-23 ikasturtetik doakoak dira Arabako Bizkaiko eta Gipuzkoako Haurreskolak partzuergoko zentroak. Lau urtean %40,4 handitu da izen emateen kopurua: 2021ean, 4.986 haur zeuden matrikulatuta, eta iazko ikasturtean, 7.000. Gorakada nabarmen hori ikusirik, sindikatuak azaldu duenez, Hezkuntza Sailak lanpostu berriak sortzeko prozedura adostu zuen, baina ez du horretarako urratsik abiarazi; adibidez, 63 lanpostu sortzeko irailean hasi behar zuen prozesua ez du hasi.
Lanorduen inguruan ere kexa azaldu du sindikatuak. Adierazi duenez, lanpostuak esleitzeko negoziazioak «izoztuta» daude, eta «hainbat eta hainbat» hezitzailek hitzartuta duten sei orduko arreta zuzena gainditu behar izaten dute, «langile faltagatik». Horiek horrela, administrazioari erantzukizunez jokatzeko eskatu diote: «Orain, administrazioaren txanda da: sinatutakoa bete eta langileen eskubideak eta akordioak errespetatu behar ditu». Sindikatuak ohartarazi du Hezkuntza Sailak hitzartutakoa bete ezean prest daudela mobilizazioak abiarazteko.