«Ez dago aukerarik mahai horretan eskola segregazioari aurre egiteko beharrezkoa den itun soziala lortzeko; ez dago baldintzarik». Irmo mintzatu da LAB sindikatua eskola segregazioaren aurkako ituna lortzeko sortutako mahaiaz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Eskola Bikaina Denontzat deitutakoaz. Eta hartu du erabakia: mahaiak etzi egingo du bosgarren bilera Gasteizen, baina sindikatua ez da bertan izango, eta mahaia uztea erabaki du.
Sindikatuaren irudiko, badituzte horretarako arrazoiak. Haien esanetan, eskola segregazioari «ausardiaz» heltzeko bainoago, «EAJk eta PSEk onartutako Hezkuntza Legean jasotako neurri orokorrez hitz egiteko foroa» bihurtu da mahaia. «Konplexutasunari eta neurri konkretuei ez zaie heldu nahi izan». LABek ahaleginak egin dituela diote, «neurri zehatzei lotutako proposamenak» jarri dituztela mahai gainean. Alta: «Mahaian egondako inprobisazioak, diagnostikoa onartzeko aldebakartasunak, eduki eta neurri errealez ez hitz egiteak eta foroa Hezkuntza Legea ontzat emateko baliatzeak LAB erabaki berri batera eraman du: mahaia uzteko erabakia hartu du».
Mahaia utziko dutela iragarri ez ezik, LABek egoeraren diagnostikoa ere egin du. Sindikatuaren esanetan, segregazioa hezkuntza sistemaren «arazo nagusietarikoa» da, eta Jaurlaritzaren neurriek, egoera onbideratu ordez, segregazioa areagotu besterik ez dute egiten. Esaterako, kuotak: «Doako ikasketak eskaintzen ditu eskola publikoak —hezkuntza sistemaren % 50,8 da—, eta oraindik kuotak kobratzen dituzte sare itunduan gizarte ekimeneko ikastetxeek —% 39,5— eta ikastolek —%9—. Alabaina, ikastolen kasuan, doakotasunaren bidean urratsak egitearekin batera, egoera zaurgarrian dagoen ikaslerik kanpoan ez geratzeko beka sistema bat abian jarri dute». Eta hizkuntza ereduen arabera antolatutako sistema: «Hizkuntzagatik gertatzen den segregazioari heldu behar zaio. Izan ere, Hezkuntza Legeak esaten duen arren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean ikasleek euskarazko B2 maila eskuratu behar dutela, gaur-gaurkoz, eta hizkuntza ereduak mantentzen diren bitartean, hori ez da horrela. Funts publikoak jasotzeko bete beharreko betekizuna izan behar du».
Ez da bakarra
LAB aspalditxoan zebilen eskola segregazioaren aurkako mahaitik aldentzen. Mahaia abenduan bildu zen azkenengoz, eta, orduan, bilerara ez joatea erabaki zuten; Jaurlaritzari «alde bakarrez» jokatzea leporatu zion, baita sindikatuaren proposamenak aintzakotzat ez hartzea ere. Orain, erabakia irmoagoa da: behin betiko utziko du prozesua.
Ez da erabaki hori hartzen duen bakarra: Steilas eta ELA ez dira bilera bakar batera ere joan.