Erregaiaren depositua erreserban duela helduko da greba orokorraren egunera Karla Pisano (Bilbo, 1996). Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako bozeramaileak asteak daramatza gelditu gabe; etxebizitza sindikatuek aurrez sekula izan ez duten bezalako protagonismoa izan dute grebaren antolakuntzan, eta hori aukera bikaina da, baina baita ardura handia ere. Hori da hasieratik eskatu zutena.
Aukera historiko bat zabaldu da etxebizitzaren arloan aldaketak eragiteko?
Nik ez nuke hori esango. Adibidez, instituzioetan ez dago indar korrelazio historiko bat aldaketak eragiteko. Aukera historikoa komunismoaren aukera historikoa da, krisi ekonomikoaren eta, batez ere, burgesiaren krisi politiko eta instituzionalaren aukera. Hor, guk aukera politikoak ikusten ditugu errora doazen gogoetak egiteko eta transformazio sakonak proposatzeko. Iruditzen zaigu beharrezkoa dela langile klasearen arazo ekonomikoez jardutea, hain zuzen ere hori delako diskurtso erreakzionarioei eta faxistei aurre egiteko bidea.
Lortu duzue protesten olatua nahi zenuten moduan bideratzea?
Olatua abiatu zen, batez ere, Maizterren Sindikatuaren jardunbide eta agenda politiko eta apustu politiko egoki batengatik. Kontua da Maizterren Sindikatuaren agenda politikoa Maricarmen dekretuan bukatzen zela, eta olatu horrek guztiak erakutsi du kale mailako indar harremanak ez direla nahikoak aldaketa sakonak eragiteko: Maricarmen dekretuaren ordez fartsa hutsa izan ziren bi dekretu jarri ziren mahai gainean, kaleko aldarrikapenak inolaz ere islatzen ez zituztenak.
Guk, greba orokorraren bidez, olatu hori baliatu nahi dugu kontzientziazio lana egiten jarraitzeko eta gaur-gaurkoz existitzen ez diren indar harremanak indartzeko.
«Uste genuen batasunaren mantrari buelta bat eman behar zitzaiola, eta batasuna kontzeptu politikoen gainean eraiki behar zela»
Nolako greba eguna aurreikusten duzu?
Guretzat, lantokiak husteko eta mobilizazio politikorako eguna da, baina greba bat da greba antolatzeko gaitasuna dutenek grebarekin egiten dutena. Ezin dugu ahaztu greba honetara, zehazki, zer testuingurutan deitu den: Espainiako hauteskundeen atarian, CCOOren eta UGTren eskutik, eta PSOEren kalkulu elektoral bati oso lotuta. Baina, guretzat, testuingurua hori izateak ez du esan nahi lan egiteko eta helburu politikoak betetzeko aukera ematen ez duenik. Jendea antolatzeko eta kontzientziatzeko urrats guztiak oso baliagarriak dira, eta horiek dira greba PSOErentzako tresna elektoralista huts bat ez izateko bermea.
PSOErentzat bakarrik?
Etxebizitzaren auzia alderdi guztiek erabiltzen dute hauteskundeetan. Estatu mailan greba deialdia egin zenean, Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin hasi ginen hizketan, eta gure proposamena argia zen: greba hau berezia zela esan genien, batetik, lehen aldiz etxebizitzaren gaia jorratuko zuelako, eta, bestetik, aipatu dudan testuinguru elektoralagatik.
Argi genuen etxebizitza sindikatuok zentralitatea izan behar genuela antolakuntzan eta diskurtsoetan. Hain zuzen, ulertzen dugulako kanpaina elektoral betean ez dauden agenteek mugitu behar dutela greba, eskuak loturik ez edukitzeko ardura instituzional guztiak seinalatzerakoan.

Testuinguru horretan lortu duzue akordioa lan arloko sindikatu nagusiekin. Nolakoak izan dira negoziazioak?
Ez dira samurrak izan. Guk proposamen bat jarri genuen mahai gainean. Uste genuen batasunaren mantrari buelta bat eman behar zitzaiola, eta batasuna kontzeptu politikoen gainean eraiki behar zela. Bi oinarri zituen proposamen horrek. Batetik, etxebizitza sindikatuon protagonismoa eta lidergoa bermatzea greban, eta ez lan sindikatuena, batez ere ezker abertzalearena eta LABena, EH Bilduren hauteskunde kanpainari loturik daudelako.
Eta, bestetik, edukien proposamen bat eraman genuen, etxebizitza mugimenduan jorratu ditugun kontzeptuek zentralitatea izan behar zutelakoan. Ardura instituzional guztiak seinalatzeko borondatea genuen proposamenaren bidez. Euskal Herrira ekarrita, argi eta garbi, EAJ espekulazioaren aldeko alderdi gisa identifikatu behar zen, baina ezin genuen ahaztu EH Bildu lehenengo indar munizipalista dela, eta etxegabetzeak eta kaleratze masiboak leku guztietan gertatzen direla, udala edozein delarik ere, eta kalean bizi direnak ere leku guztietan hiltzen direla.
Gure ustez, independentzia politikoa bermatu behar zen, ez baitugu uste etxebizitza sindikatuon rola denik alderdi baten edo bestearen hauteskunde kanpainari loturik egotea.
Zein da zuen egitekoa, orduan?
Guk egiten dugun lanak aukera politikoak irekitzen ditu, eta bermatzen du kale mobilizazioa ez baretzea. Mahai gainean jartzen ditugun aldarrikapenek sortzen dute ezkerrerago dagoen kontzientziazio bat, eta aukera politikoak irekitzen dituzte. Alderdi parlamentarioek gaur hitz egiten dute prezioak mugatzeaz, baina etzi, lan ona egiten badugu, hitz egin ahalko dute prezioak jaisteaz; eta komunistok lan hobea egiten badugu, hitz egin ahalko dute desjabetzeaz.
Beraz, ontzat jotzen dituzue grebarako adostutako baldintzak, ez?
Bai, poztekoa da. Etxebizitza Sindikatu Sozialistan, orain dela hilabete batzuk, udan, hausnarketa prozesu bat egin genuen, eta kontzeptu politiko berritzaile batzuk atera genituen. Poztekoa da kontzeptu horiek, lehenengo, Etxebizitza Sindikatuen Sareak bere egin izana, eta gaur-gaurkoz greba orokorraren deialdi ofizialak ere gauza bera egin izana. Jendeari esango nioke hemeroteka lan pixka bat egiteko eta ikusteko orain dela urtebete non zegoen kokatua Euskal Herrian etxebizitzaren diskurtsoa. Nahiko urrun zegoen printzipio horietatik.
«Independentzia politikoa bermatu behar zen, ez baitugu uste etxebizitza sindikatuon rola denik alderdi baten edo bestearen hauteskunde kanpainari loturik egotea»
Laburtuko zenituzke?
Bai. Etxebizitza eskubide gisa aldarrikatu beharrean eskubide bermatu gisa aldarrikatu behar dela diogu, osasungintza edo hezkuntza diren neurri berean. Eta, alde horretatik, etxebizitza bermatu ahal izateko, zera aldatu behar da, errora joanda: nork duen haren gaineko kontrola, eta zeren arabera antolatzen den.
Espekulatzaileen desjabetzea da lehenengoa.
Mahai gainean jarri nahi duguna da geroz eta etxebizitza gehiago daudela erabilera espekulatiboa ematen dietenen esku, eta horiek berreskuratu egin behar direla. Desjabetzea kalte ordainik gabe egin behar dela ulertzen dugu, hain zuzen, espekulatzaileek urteak daramatzatelako aberasten diru publikoaren eta langileriaren soldaten kontura.
Espekulazioa debekatzea da bigarrena.
Egungo dinamika eten behar dugu, zeinetan geroz eta etxebizitza gehiago erabilera espekulatiborako edo errentismorako erabiltzen diren. Horren baitan jaso daiteke, adibidez, erabilera espekulatibora bideratuko diren etxebizitzen salerosketa debekatzea edo alokairua bera debekatzea.
Alokairua debekatzea?
Normalizatu egin dugu familiak alokairuan bizitzea. Alokairua mantendu daiteke baldin eta etxebizitza hori garai jakin baterako behar bada, baina bestela ez du zentzurik; alokairuak gaur egun duen zentzu bakarra da langile familien soldata arpilatzea. Espekulazioaren debekuaren barnean sartuko lirateke, halaber, banketxeek hipotekekin egiten dituzten negozio guztiak.
«Alokairuak gaur egun duen zentzu bakarra da langile familien soldata arpilatzea»
Eta hirugarren kontzeptua?
Planteatzen duguna da etxebizitzen eta, orokorrean, bitarteko guztien planifikazio arrazional bat egitea. Behin bitartekoak gure eskura izanda eta erabilera espekulatiboak debekatuta, orduan ikusi beharko dugu zein behar sozial dauden, eta orduan bai, eta bakarrik orduan, erantzun ahalko ditugu hainbat galdera: Gehiago eraiki behar da? Norentzat eraiki behar da? Non eraiki behar da? Eztabaida alderantzikatuta aurkeztu nahi digute une oro, eta horrek helburu bakarra du: betikoek dirua egitea beste eraikuntza ziklo bat abiatuta.
Zergatik diozue aldaketak ez direla gaur egungo alderdi politikoen eskutik etorriko?
Gaur-gaurkoz, instituzioetan dauden alderdi guztiek interpretazio bat eta berdina daukate, ñabardura diskurtsiboekin: etxebizitzen eskaintza falta dagoela eta erakundeek eskaintza sustatu beharko luketela. Epe motzera, ezkerreko alderdiak proposatzen ari diren neurriak aringarriak izan daitezke, baina epe ertainera sortuko dutena liberalen profezia da. Hau da: espekulatzaileek etxebizitzak kontrolatuko dituzte, eta erakundeek halako kalteak eragiten badizkiete, ba, etxebizitzak kenduko dituzte merkatutik, edo merkatu beltz izugarri bat sortuko dute. Beraz, oinarrian dagoena, etxebizitzak nork kontrolatzen dituen eta zertarako kontrolatzen dituen, ez dute inolaz ere ukitzen.
Aitor Estebanek eta Imanol Pradalesek zuzenean kritikatu dute greba deialdia. Zer esango zenieke?
Normala da kritikatzea. Agerikoa den moduan, eurek nahiago dute hitz egin, ez dakit, ETAren itzuleraren edo Blocusen inguruan, ikusi den bezala, ez? Argia da EAJk ez duela proposamen sozialik, eta deserosoa zaiola etxebizitzaren inguruan berba egitea. EAJk bozkatu zuen okupazioaren aurkako legea gogortzearen alde, bozkatu zuen putre funtsen jarduna mugatzearen kontra, eta bozkatu zuen ebasketak gehiago zigortzearen alde.
«Oinarrian dagoena kanibalismo soziala elikatzeko ahalegin bat da»
Urriaren 23an, Ertzaintzak indarkeria handiz etxegabetu zuen zortzi kideko familia bat Gasteizen; familia horrek Etxebizitza Sindikatu Sozialistarengana jo zuen babes bila.
Zer gogoeta egin duzue?
Alde batetik, Gasteizko etxegabetzeak ikusarazi du etxegabetzeak gertatu egiten direla, ezkerreko alderdiek esaten dutenaren kontra, eta ikusarazten du, halaber, zein modutan antolatzen diren bitartekoak gizartean: gure kalkuluen arabera, 140.000 euro inguru erabili ziren polizia operazio horretan, soilik soldatetan. Diru horren kantitate oso txiki batekin konponbide bat bermatu ahal zitzaion familiari. Gasteizko Udalak baditu bitartekoak, eta gertatutakoak agerian uzten du irabaziaren arrazionaltasunaren baitan kudeatzen direla gizarte honek sortzen dituen arazoak.
Eskuinak kasua baliatu du?
Bai, bere diskurtso arrazistak eta klasistak zabaltzeko, gezurren bitartez, bere makineria mediatiko guztia martxan jarriz eta abar.
Donostian ere antzeko kasu bat izan da. Etxejabeak ere zaurgarriak diren kasuak mediatizatzeko interesa dago?
Noski. Denok nahi dugu moralki onargarria den pobrea. Moralki onargarria eta eredugarria den zaurgarria. Baina hori klase ertaineko posizio moralista bat da. Zaurgarria dena zaurgarria da ekonomikoki, zaurgarria da sozialki, eta, askotan, kulturalki pobrea da. Alde horretatik, beti bilatu nahi dugu biktima perfektua, eta biktima perfekturik ez da existitzen.
Oinarrian dagoena kanibalismo soziala elikatzeko ahalegin bat da, jendeak ez ditzan arazoaren kausak bere gainetik dauden kapitalistengan eta espekulatzaileengan aurkitu, eta topatu ditzan bere alboan edo bere azpian dagoen jendearen erru indibidualean. Horrek ez du errealitatearekin zerikusirik, eta politikoki sortuko duena da langile klase are gatazkatsuago bat, bere baitan gerran arituko dena eta gatazka termino egokietan kokatzen ez dakiena.
