0-3 zikloko ordezkari sindikalek hitza hartu nahi dute. Uste dute Nafarroako Gobernuak «baztertu» egin dituela zikloari buruzko erabakiak hartzen diren foroetatik, eta negoziatzeko esparru bat galdegin diote Hezkuntza Departamentuari. «Gaur egun, ez dago 0-3 zikloari buruzko negoziazio mahairik edo fororik. Dagoen bakarra da Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak duten lan batzordea», azaldu du LABeko Garbiñe Lamarianok, sektoreko sindikatu guztien izenean. Batzorde horretan egon nahi dute ordezkari sindikalek, eta horixe eskatu dute gaur Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren aurrean. LABez gain, ELA, Steilas, Afapna, UGT eta CCOO sindikatuak ere batu dira protestara.
«Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogun bakarra da hitza eman diezagula negoziatzeko eta erabakitzeko esparruetan. Oraingoz, gobernua eta udalen federazioa dira mahai horretan esertzen diren bakarrak, eta uste dugu zutabe garrantzitsu bat falta dela hor: langileon ordezkariak», gehitu du UGTko Maritxu Salanuevak. «Langileok dezente dakigu 0-3 zikloari buruz: gure esku dago hezkuntza ziklo horren alor pedagogikoa, harreman zuzena dugu hala ikasleekin nola familiekin eta bertatik bertara ezagutzen ditugu eskolen ezaugarriak. Ekarpen handia egin dezakegu, baina departamentuak atea itxi digu».
Sindikatuak apirilaren 30ean hasi ziren negoziatzeko gaitasunaren alde mobilizatzen, baina, gaur adierazi dutenez, oraingoz ez dute departamentuaren erantzunik jaso. «Espero dugu hemendik aurrera gurekin harremanetan jarriko direla. Edonola ere, aste honetan elkartuko gara intersindikala osatzen dugun eragileok, eta orduan erabakiko dugu zeintzuk izanen diren hurrengo urratsak», esplikatu du Lamarianok.