«Lankidetza etapa berri bat» abiatu dute EHUk eta Jaurlaritzak unibertsitate plana adosteko prozesuarekin

Udazkeneko tentsioak baretuta, Perez Iglesias sailburuak adierazi du unibertsitate planean «txertatzeko moduan» daudela Bengoetxea errektoreak egindako eskaerak. Plana indarrean sartu aurretik, premiaz abiatu beharreko neurriak ere adostu dituzte.

Elkarrenganako esker onez mintzatu dira gaur Perez Iglesias eta Bengoetxea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Elkarrenganako esker onez mintzatu dira gaur Perez Iglesias eta Bengoetxea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2026ko martxoaren 13a
15:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Unibertsitate Sistemaren Plana adosten eta osatzen hasteko batzarra egin dute gaur Eusko Jaurlaritzak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak. Normalki halako lan bilera bat ez litzateke albiste izango, baina prentsaren aurrean agertu dira bi erakundeetako ordezkariak Bilbon, azken hilabeteetako ika-mikak eta tentsioak baretzen hasiak direla irudikatzeko. Esker ona adierazi diote elkarri Juan Ignacio Perez Iglesias Jaurlaritzako Unibertsitate sailburuak eta Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak, eta jakinarazi dute «lankidetza etapa berri bat» abiatu dutela. Unibertsitate plana azaroan prest izatea espero dute, 2027an sartuko baita indarrean, baina aurten premiaz bideratu beharreko neurri batzuk ere adostu dituzte.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako unibertsitateen jarduna planifikatzeko eta finantzatzeko «funtsezko tresna» da Unibertsitate Sistemaren Plana, Perez Iglesiasek gogora ekarri duenez. Unibertsitate pribatuak ere tartean sartzen dira, baina bereziki garrantzitsua da EHUrentzat, haren finantzaketa iturri nagusia delako. Lau urteko iraupena izango du planak, 2027tik 2030era, eta bost ardatz ezarri dituzte: abangoardiako ikerketa sustatzea; unibertsitate komunitatea zaintzea; nazioartekotzea sendotzea; unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremana sendotzea; eta digitalizazioa eta adimen artifiziala unibertsitate jardunera «doitzeko» neurriak jartzea.

Hain zuzen, EHUren finantzaketak eragin zuen Perez Iglesiasen eta Bengoetxearen arteko talka iazko udazkenean. Urri amaieran, errektoreak salatu zuen Jaurlaritzaren aurrekontua eskasa zela, eta «geldialdia» eragingo zuela unibertsitatean; eta sailburuak erantzun zion «dialektika hiperbolikoak» ez zuela finantzaketa hobetuko. Bien arteko harremana mikaztu egin zen hurrengo asteetan, eta aspaldi ikusi gabeko krisia zabaldu zen Jaurlaritzaren eta EHUren artean.

«Premien inguruko diagnostikoak aurtengo lehentasunak ezartzen lagundu digu»

JOXERRAMON BENGOETXEA EHUko errektorea

Tartean, baina, EHUren premien inguruko txostena aurkeztu zuen Bengoetxeak. Hain justu, agiri hori ontzat jo du gaur Perez Iglesiasek ere, adierazi baitu unibertsitatearen eskaerak unibertsitate planean «txertatzeko moduan» daudela. «Halere, planean ez dira gai batzuk agertuko, baina horrek ez du esan nahi alboratuko ditugunik. Ikertzaile irakasle gazteen soldata baldintzak hobetzea, adibidez: ez dagokio plan honi, baina konpromisoa hartu dugu hori lantzeko».

Are, premien txostenari jarraikiz, unibertsitate plana indarrean egon arte itxaron ezin duten hainbat neurri aurten bertan jarriko dituzte martxan. «Diagnostiko horrek aurtengo lehentasunak ezartzen lagundu digu», adierazi du Bengoetxeak. Besteak beste, azpiegituren segurtasuna bermatzeko obren finantzaketa jorratuko dute, Tekazel izeneko lanpostuen sorrera azkartuko dute —ikerketaren alorreko kudeaketa eta administrazio zerbitzuetako postuak dira—, eta digitalizazioaren alorrean zaharkitutako plataformak eguneratu eta azpiegiturak berrituko dituzte.

Bide paraleloak elkartzeko lana

Udazkeneko gatazkaz ere mintzatu dira sailburua eta errektorea, kazetarien galderei itxaron gabe. Metafora bat erabili du Perez Iglesiasek: «Gai hauetaz hitz egiten hasi ginenean, errektoretza taldeak bide bat hartu zuen, eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak, beste bat; egia da bi bide horiek norabide berean zihoazela, baina paraleloak ziren. Azken hilabeteotan lanean aritu gara paralelotasun hori galtzeko eta bi bideak elkartzeko, eta horren ondorioz heldu gara akordio honetara». Erantsi du «leialtasunez» lan egin dutela, eta «elkargune egonkor bat» lortu dutela. «Baina horrek ez du esan nahi desadostasunik izango ez dugunik; azken batean, horiek kudeatzean datza politika egitea».

«Gure bi bideak norabide berean zihoazen, baina paraleloak ziren. Azken hilabeteotan lanean aritu gara paralelotasun hori galtzeko eta bi bideak elkartzeko»

JUAN IGNACIO PEREZ IGLESIAS Jaurlaritzako Unibertsitate sailburua

Sailburuaren metaforari heldu dio Bengoetxeak ere, eta nabarmendu du bide paraleloak elkartzeko «esfortzua bi aldeetatik» etorri dela: «Biok izan dugu norabide berdina: unibertsitatearen kalitatea eta baldintzak hobetzea. Ikuspegi desberdinak izan arren, errespetuz aritu izan gara beti, eta errespetuak eraman gaitu hurbiltzera».

Agerraldian ez dute zehaztu finantzaketaren inguruan ezer eztabaidatu edo adostu duten. Halere, Perez Iglesiasek azaldu du Jaurlaritza lantzen hasi den unibertsitate legeak ez duela eragingo unibertsitate planeko aurrekontuan: «Legeak bide luzea dauka aurretik, gutxienez bi urtekoa; onartuko denean, unibertsitate plana iraunaldiaren amaieran egongo da ia. Gainera, legea ez dago pentsatuta epe laburrerako, eta, finantzaketa eredua moldatu beharko balitz ere, trantsizio denbora bat ezarriko genuke». Edonola ere, Jaurlaritzak EHUri egiten dion ohiko diru ekarpena «jarduera mailaren arabera» ezartzeko asmoa agertu zuen sailburuak; horrek finantzaketa ereduan iraultzarik ekarriko duen galdetuta, zera erantzun du: «Ni ez naiz batere iraultzailea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA