Isuna jarri diete Vuelta Larrabetzutik igarotzean identifikatutako bost laguni

Larrabetzun hemeretzi herritar identifikatu zituen Ertzaintzak, Palestinaren aldeko protestengatik, eta bosti iritsi zaizkie isunak, 3.000 eurorainokoak. ‘Eman vuelta errepresioari’ kanpaina abiatu dute, zigortuei elkartasuna adierazi eta dirua biltzeko.

Kanpainaren aurkezpen prentsaurrekoa, gaur, Bilboko San Mames futbol zelaiko zabalgunean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKUU
Kanpainaren aurkezpen prentsaurrekoa, gaur, Bilboko San Mames futbol zelaiko zabalgunean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2025eko azaroaren 19a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oihartzun handia izan zuten irailaren 3an Espainiako Vuelta Bizkaira iritsi zenean izandako protestek. Larrabetzun ere dozenaka herritar atera ziren errepidera, Palestinari elkartasuna adierazi eta lasterketan Israel Premier Tech taldearen parte hartzea gaitzesteko. Guztira, hemeretzi lagun identifikatu zituen Ertzaintzak Txorierriko udalerrian, eta haietako bosti 3.000 eurorainoko isunak heldu zaizkie. Hain zuzen, jasotako zigorrei aurre egin ahal izateko, Eman vuelta errepresioari kanpaina abiatu dute. Herriz herri ibiliko dira informazioa banatzen eta dirua biltzen.

Duela bi urte pasatxo Israelek Gazaren aurkako erasoaldia gogortu zuenetik, milaka eta milaka lagun atera dira kalera, Euskal Herrian zehar egin diren ehunka mobilizazioetan. Espainiako Vueltako irailaren 3ko etapa ez zen salbuespen bat izan: «Kaleak aldarrikapenez eta mobilizazioz bete genituen, argi eta ozen esateko ez genuela onartuko Israel kirolaren bidez egiten ari den aurpegi zuriketa, eta adierazteko Israel estatu genozida bat dela».

Jendetzak parte hartu zuen protestetan, batez ere amaieran. Bilboko Kale Nagusian bukatzekoa zen etapa, baina, bertan Palestinako egoera salatzeko jende andana bildu zela ikusita, helmuga hiru kilometro aurreratu eta sailkapen nagusiko denborak puntu horretan hartzea erabaki zuten antolatzaileek. Horretaz gainera, tropela minutu batzuetan geldirik egon zen Enekuri gainean, zenbait manifestari errepidera atera zirela eta.

Gobernuen arduragabekeria

Gaurkoan, berriz, Euskal Herrian azken urteetan egon den mobilizazio herritar handienetako baten sorburuan bildu dira isunen mehatxua jasaten ari diren Larrabetzuko herritarrak, Palestinarekin elkartasunean diharduten hainbat eragileren babespean. Bilboko San Mames futbol zelaiko zabalgunean aurkeztu dute Eman vuelta errepresioari kanpaina; joan den larunbatean, hain justu, Palestinaren eta euskal selekzioaren arteko partida jokatu zuten bertan.

«Euskal Herria beti izan da herri solidario bat, injustiziarik badago geldirik geratzen ez dena, basakeriaren aurka ahotsa goratzen duena, eta herri zapalduen mina bere egiten duena», nabarmendu dute Naroa Loiolak eta Tamara Martinek, zigortu dituzten herritarren izenean.

«Berriro ere genozidioaren aurka ahotsa goratzen duten herritarrei jarri dizkiete isunak, eta ez genozidioaren konplizeak diren enpresa eta gobernuei»

NAROA LOIOLAIsuna jarri dioten herritarra

Aitzitik, Espainiako Vueltako protestetan agintari politikoek bestelako jarrera izan zutela adierazi dute, mobilizatzen ari ziren herritarrengan jarri baitzuten arreta beste behin, Israel Premier Tech taldeak parte hartzearen «arduragabekeria» gaitzetsi beharrean: «Zibismo falta leporatu ziguten, Israel palestinar herriaren kontra egiten ari den genozidioa zuzenean ikusten ari garen bitartean».

Berriro ere isunak «genozidioaren aurrean ahotsa goratzen duten herritarrei» jartzea leporatu diete, «eta ez genozidioaren konplizeak diren enpresa eta gobernuei». Bereziki, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari mintzatu zaizkie, «Palestinarekiko elkartasuna kriminalizatzeari» utz diezaiotela exijitzeko.

«Bi gobernu hauei exijitzen diegu har ditzatela behingoz genozidioa gelditzeko euren esku dauden neurri guztiak, jardun dezatela ausardiaz, eta eten ditzatela genozidioarekin konplizeak diren enpresa eta erakundeekin dituzten harremanak. Isuna jar diezaietela genozidei, konplizeei eta genozidioarekin negozioa egiten ari direnei».

«Ez gara bakarrak izan»

Hala ere, Larrabetzun protestan zeudenak ez ziren egun horretan identifikatutako bakarrak izan, gogorarazi dutenez: «Badakigu Euskal Herriko hainbat txokotan badirela isuna jarri dieten beste asko. Zehazki, jakin badakigu lau nafar deklaratzera deituak izan direla». Haiei guztiei eskua luzatu diete gaur aurkeztu duten dinamikarekin bat egin dezaten, «elkarrekin errepresioa salatu eta Palestinako herriarekiko elkartasuna josten jarraitzeko» asmoz.

«Jarrai dezagun genozidioa eta haren konplizeak salatzen eta Palestinarekiko elkartasuna antolatzen, behingoz genozidioa gelditu dadin eta Palestina aske izan dadin»

TAMARA MARTIN Isuna jarri dioten herritarra

Era berean, mezu bat bat helarazi diete genozidioaren aurka geldirik ez dauden herritarrei: «Jarrai dezagun genozidioa eta haren konplizeak salatzen eta Palestinarekiko elkartasuna antolatzen, behingoz genozidioa gelditu dadin eta Palestina aske izan dadin». Errepresioari ere elkartasunez erantzuteko eskatu dute.

Aste honetatik aurrera, hainbat herritan ibiliko dira informazioa banatzen eta dirua biltzen. Hala ere, epaitegian ere isunei nola aurre egin aztertzen ari dira, eta haien kontrako helegiteak aurkeztu dituzte dagoeneko. Dena dela, kontu korronte bat zabaldu dute, prozesu horrek ekar ditzakeen gastuak eta isunak ordaintzeko. Nahi duten guztiek izango dute diru ekarpena egiteko aukera, kontzeptuan Vuelta idatzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.